Tour Triangle, Parisko tontor berria

Herzog & Meuron arkitekto etxeak Parisen altxatuko duen Tour Triangle etxeorratzak -Delanoë torrea izenarekin ere ezagutzen da egitasmoa-, 180 metroko altuera izango du eta hiriko hirugarren eraikin garaiena izango da, Eiffel Torraren (324 metro) eta Montparnasse Torrearen (210 metro) atzetik. Hasierako egitasmoan, azken hau baino apur bat altuagoa izatekoa zen.

Frantziar hiriburuan lehendik ere baziren etxeorratzak, baina ez da berririk eraiki azken 40 urtetan -1972ko Montparnasse torrea da azkena, hain zuzen ere-, eta beraz, azken mende erdian ez da bertako skyline-a aldatu, orduko udaletxeko dekretu batek 37 metrotik gorako etxeak eraikitzea eragozten zuelako, harik eta Bertrand Delanoë alkateak araua bertan behera utzi duen arte.

Tour Triangle eraikitzeko baimenak 2015eko ekainaren 30ean onartu ziren, eta egungo Pariseko alkateak ere, Anne Hidalgok, babesten du eztabaida sortu duen egitasmoa -herritar asko izan ditu kontra-, hiriarentzat ikur berri bat izateaz gain lanpostuu asko sortuko ei dituelako.

Eraikin berria piramidala izango da eta beirazkoa batez ere; barruan, 50-55 solairu inguru eta 700.000 metro koadrotan, bulegoak eta merkatalguneez gain, hitzaldi eta bilera aretoak zein 120 gelako hotela izango ditu. Etxeorratza Pariseko 15. distrituan eraikiko da, Place de la Porte de Versailles-en.

Tour Triangle, Parisko tontor berria

 .

Londoneko The Shard

Parisen eraikitzekoak diren etxeorratzak Londonen orain bi urte eraiki zuten The Shard-en antza ei du askoren esanetan. Tower Bridge eta Udaletxetik gertu dagoen dorrea Tamesisen hego ibaiertzean dago, orain arte hiriko zonalderik pobreena izan dena; horrelakoetan izan ohi denez, kalapita handia sortu du eraikinak.

2009an hasi ziren Renzo Piano arkitekto italiarraren eraikitzen. The Shard-ek 87 solairu ditu eta barruan bulegoak eta luxuzko etxebizitzak ez ezik, bost izarreko hotela eta hainbat jatetxe gordetzen ditu. Eta tartean, hiriaren ikusmira berria ematen duen miradorea.

The Shard europar Batasuneko eraikinik garaiena da 310 metro baititu; Francfort-eko Commerzbank dorreak dituen 259 metroen aldean. Europako eraikinik altuena, ordea,  Mosku hiriko City Mercury dorrea da, 332 metroko garaiera duena.

 

Beste etxeorratz batzuk ZUZEU orainkarian:

arkitektura, etxeorratza, Paris, skyline, The Shard, Tour Triangle

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude