Dorre Bikien errautsetatik Amerikako etxeorratzik garaiena sortu da

one wtcOne World Trade Center eraikinaren orratza jarri dute gaur New Yorken. Ondorioz, munduko hirugarren eraikinik altuena eta Amerikako lehenbizikoa bihurtu da 541 metrorekin. 2001ean erori ziren Dorre Bikien leku berean altxa dute etxeorratz berria, 9 urteko lanen ondoren. Amerikarren gainditze izpirituari segiz, One WTC berriak -edo Freedom Tower, Askatasunaren Dorrea- aurretik bertan zeuden dorreen altuera pasa du. 526 metro zituen WTC garaienak, oraingoak, aldiz, 15 metro gehiago ditu. Gainera, garaiera berriak zigilu sinbolikoa dakar berekin: 1.776 oin neurtzen ditu, AEBk independentzia lortu zuen urteari erreferentzia eginez. Asteak behar izan dituzte orratza muntatzeko.

WTC dorreen ahultasuna garaieratik etorri zen, hegazkinen talka egitea erraztuz, baina ez dute hori kontuan izan One WTC altxatzerako orduan. Zerua laztanduz munduari boterea erakustearen harrotasunak itsutu ditu beste behin. Halere, XX. mendean AEBk izan zuten etxeorratzen loraldiak -sailkapenetan bada ere- ez du itzultzeko itxurarik. Gaur egun Dubaiko Burj Khalifa da eraikinetan garaiena (828 metro) alde handiz. Bigarrena Saudi Arabian dago, Makkah Royal Clock Tower Hotel (601 metro). Biak ere Asian. Urre beltzaren emirerrietan eta Txinan dago etxeorratzen harrobia.

Handikeriak gorabehera, One WTCen eraikitzea -udazkenean zabalduko da- New York-ek betiko markatu duen aro baten amaiera da. Etxeorratza ez ezik, oroimenerako gunea ere badago ur jauzi, zuhaitz eta egonleku modukoa den plaza berrian. Zero Guneko orbaina -estetikoki bada ere- itxi da, eta heriotza eta drama egon zen tokian jaio da hiriaren sinbolo berria. Fenix hegaztia bezala, altzairuzko errautsetatik sortu da indarberrituta kolosoa. Iraungo ote du?

dorre berritik

Askatasunaren Dorrearen argazki galeria