90 egun munduko etxeorratzik garaiena eraikitzeko; Txinan, noski

SkyCityVerticalZerua kilimatzeko ametsean Dubai-ko Burj Khalifa da gaur jaun eta jabe (829 metroko garaiera) . Bere erregetza azkenetan da, ordea. Changsha hirian (Hunan, Txina) 838 metroko Sky City eraikita nahi dute ikusi martxorako, nahiz eta oraindik lehen harria jarri ez…

Broad Group (BSB) etxeko ingeniariek osatuko dute 220 solairuko eraikintzarra. Eta, harrigarriena, diotenez 90 egunean amaituko dute, egunean bost solairuko erritmoan. Txinatar lantaldean Burj Khalifako ingeniariak ere badaude. Haien harribitxiak sei urte luze behar izan zituen lur mailatik 829 metrora igotzeko. Hala eta guztiz ere, Changsha-ko etxeorratzak 10 metroko aldea aterako dio Dubaikoari.

Zein da mirakuluzko denbora epe horren sekretua? Aurrez eraikitako modulukako teknologia. Munduko etxeorratz garaienari 90 eguneko epea jartzea atrebentzia sinistezintzat dute askok. Horregatik, bertako hedabideek 90 egun ordez 210 egun beharko dituztela argitaratu dute. Hala ere, tematiak dira BSBko ingeniariak, eta luzapena gezurtatu dute hiru hilabeteko epea beteko dutela zin eginez. Badute konfidantzaz lepo izateko arrazoirik, ez baita moduluka ziztu bizian eraikitzen duten lehen proiektua izango: 30 solairuko Hotela (Iberdrola dorreak 41 ditu) 15 egunetan eraiki zuten 2012ko urtarrilean. Horrez gain, beste 20 eraikuntza prozesutan erabili dute teknologia bera.

Martxoaren amaierarako Sky City (zeruko hiria) izeneko kankailua zutik egongo dela uste dute BSBko Zhang Yue buruzagiak. 628 milioi dolarreko kostua aurreikusi dute. Eraikinaren %83 bizilekuak izango dira, 17.400 pertsona bizitzeko adina, eta gainerakoak bulegoak eta aisialdirako guneak. 104 igogailu izango dituzte mugitzeko.

Markak gainditzeko handinahiaren isladatik haratago, ezin da ahaztu Txinako hirigintzak duen benetako arazoa: autoan pentsatutako diseinu amerikarra bere egin dute. Artikulu bikaina idatzi zuen horri buruz Peter Calthorpek Foreign Policy aldizkarian: Weapons of Mass Urban Destruction.SKY CITY

 

2 pentsamendu “90 egun munduko etxeorratzik garaiena eraikitzeko; Txinan, noski”-ri buruz