Time is money?
Benjamin Franklin izan ei zen Time is money esaldia lehenengoz idatzi zuena. Denbora dirua da.
Euskarazko Wikipediak ez bezala, ingelesezkoak kargu handiak eta asko ematen dizkio gizon honi: A renowned polymath, Franklin was a leading author, printer, political theorist, politician, freemason, postmaster, scientist, inventor, civic activist, statesman, and diplomat.
Gauza ederra behar du izan norberaren nazioa sortu duen aitzindarietakoa, hamazazpi urterekin etxea utzi eta bizimodu bila irten ondoren, hainbeste gauza on izatera iristea eta ehun dolarreko biletearen aurpegi izaten amaitzea. Handiak dira zinez, Iparamerikarrak.
Hala ere, barkatzen bazait atrebentzia, Franklinen egia borobil hori, hainbeste bider eta hainbeste lekutan idatzita ikusi dugun hori, Time is money, alegia, ez da guztizko egia borobila, ez, behintzat Uruguayko Pepe Mujicak azkenaldion esandakoez geroztik.
Ikusita edukiko duzu bideotxoa, seguru:
Egia da kontsumismoaren kontrako gogoeta itzela jaurtitzen duela bertan Uruguayko Armadilloak, baina kiribila apur gehiago kiribildu nahi nuke eta beste zerbait ere esan nahi izan duela pentsatu.
Izan ere, zer dio Pepe Mujicak?
Azken finean, dirua denbora dela dio, Mujicak. Preseskiago, bizi-denbora ordainduz erosten den zerbait dela dirua, eta arretaz ibiltzeko kontu horrekin. Ez alferrik galtzeko dirurik eta ez bera lortu ahal izateko behar den denborarik. Beraz, Franklinenari buelta emanda, Money ist time. Egia borobil borobila da hori: dirua bizi-denbora da.
Baina Mujicak dioenean “la única cosa que no se puede comprar es la vida“, esaten ari da denbora oro ez dela beti diruaz erosten ahal. Alegia, ez ote zaigu lerro artean esaten ari, badela denbora bat diruz ezin eros daitekeena. Hots, alferreko kontsumoari uko egin behar diogula eta derrigorrezkoa dugun diruaren truk eman dezagula horretarako behar den denbora, baina ez dezagula behar ez dugun dirutan bestelako denborarik gal.
Ondorioz badira bi denbora klase Mujicarentzat. Bat da diru bihurtzen den denbora eta, bestea, diru bihurtu beharrik gabe bizitzen dena. Seguru asko bizitza kontenplatiboaren antzeko zerbaiti buruz ari da, edo hedonisten beste hartaz, edota auzoari laguntzen ematen denaz… Batek jakin.
Beraz, handietan handi izango zen Franklin jaun amerikanua, baina Time is money horrek denbora klase bakarra hartzen du kontutan: materialistena. Ez, ordea, Mujica eta antzeko poeta bizizaleena. Nahi ala ez, beraz, Denbora dirua da, ez da guztizko egia borobila.
Buelta emanda bakarrik funtzionatzen du: Money is time. Dirua denbora da. Hori bai. Beti. Baina hori beste kontu bat da. Eta ez zuen Franklinek esan.
Dirua denbora da, horrexegatik aberatsak bataz beste txiroak baino gehio bizitzen dira, Bartzelonan bizi itxaropena haundien duen auzoak (aberatsena), bataz beste, bizi itxaropena txikiena duen auzoak baino 25 urte gehio bizitzen dira. Bizitza ere erosi daitekelako.
Uste dut Hasierrek dioena ez duzula ulertu eta bizitza eta bizi-denbora.nahasten dituzula.
Ulertu dut ta gehitu dut nire iritzia, dirua denbora da, horrexegatik aberatsek, gu baino denbora gehio dute ere, ta horrekin jarraituta, hori erran nahi du, txiroak pentsioak ordaintzen dizkietela lan onak dituztenei.
Azkenean txiroek ez dute ez dirurik ez denborik, beraien denbora hutsaren hurrengoa balio duelako, ta dirua lortzeko, askoz denbora gehio eman behar dutelako.