Nortasun arrotzak

Autoan gindoazen hiru lagun; igandeak berarekin dakarren nostalgia ezinbestekoarekin, larunbat gaueko parrandaren arrastoa eta astelehenari diogun panikoa burutik ezin kenduta. Egun pasa polit bat egin nahi genuen, igande gaua luze joango zitzaigula bagenekien arren (jakin baitakizu irakurle, ni neu ere zure antzera azken unean ibiltzen naizela lanak egiten).

Horrelaxe, autoaren atmosferak bultzatuta eta bidai-lagun nituen gainerakoen konbertsazioari ihes eginda hasi naiz azken aldian izan dudan “trauma” txiki bati bueltaka. Gauza bat edo beste medio neure burua definitzea tokatu zait. (,)-ren atzetik datorrena jartzea alegia: Malen Aldalur, __________ . Ez dakit inoiz halako ariketarik egin duzuen baina biziki zaila da.

Hasieran zailtasunaren oinarria moztasunean zegoelakoan nengoen, hau da, ezin naizena hitz bakar batean jazo. Baina ez, orain aste gutxi neure burua paragrafo batean definitzea tokatu zitzaidan eta zin dagizuet hitz bakar batean esatea baino are zailagoa egin zitzaidala. Agian horregatik, igandean Argia eguenetik bueltan netorrela eta nortasun agiri arrotzen jaurtiketan lotsagarri xamar geratu eta gero, neure buruari galdetu nion ia nork eta nola erabaki zuen txarteltxo batean nola identifikatuko ninduten: abizena (nire familiako gizonezkoen arbola genealogikoari esker tokatu zaidana), izena (nik aukeratu ez dudana), sexua (balizko aluak emakume egin ninduen nonbait), nazionalitatea (ezinbestean espainola), gurasoen izen abizenak (nahiz eta, akaso, gerora sortu dudan bestelako familiarik), jaiotze data (nire amak txuleta jan eta ondorioz etorri omen zitzaion ni jaurtitzeko beharra), helbidea (nire NAN-ean behintzat gurasoena).

Nortasun agiria

Paradoxikoa suerta daiteke nire burua identifikatzeko erabiltzen dudan txartel “ofizialean” kontzienteki aukeratutako ezaugarri bakar bat ere ez azaltzea; beno bai, argazkia. Kontzientea bada, nik neuk eraman ohi dut inoren burua identifikatzea ezin zailagoa den lauki txuri terrorifikoa NAN-a berritzeko ofizinara. Dena den, ez nuke esango nire burua definitzen duenik, eta ziurki zurea ere ez.

Beraz, neure buruari galdetu diot ea balizko NAN batean zein ezaugarri nabarmenduko nituzkeen, baina ez dut ideiarik ere. “Zer zara?” galdetzen didatenean edo inori galdetu izan diodanean gehienetan hau izan ohi da kontestua, kolokialki:

-Dirua atea biet.

-Zer zea?

-Kutxa.

– Zu?

Bai, badakit, horrek ez gaitu definitzen. Baina guztiz harrituta begiratu nion neure buruari azkena lagunari galdera hori egin eta fin-fin zein diru-dendatakoa (hala deitzen dio lagun baten lankide baten umeak bakuari) zen erantzun zidanean.

Ez gaitezen baina gaitik urrundu. Nire balizko nortasun agirian ez nuke sexurik, izenik, helbiderik eta are gutxiago nazionalitate faltsurik jarriko. Ez dakit zerk identifikatzen nauen, akaso inguruak, baina neuk aukeratutakoak. Sinbolikoki Oñatin jaurti nuen NAN-a han utzi nahi nuke, (nigandik gertuegi geratu bazen ere, nire trebetasun falta tarteko) naizen hori kontzienteki idazteko. Baina hori beste auto-bidaia baterako utziko dut.