Sorterriari buruzko elkarrizketak

Sorterriari buruzko elkarrizketak –

Warsan Shire (Kenya, 1988) poeta somaliar-britaniarraren testu baten itzulpen (amateur) honekin natorkizue. Irakurri nuenean krak txiki bat egin zidan arimak. Errefuxiatuen gaia gordintasun honekin begiratzea beharrezkoa da.

Sorterriari buruzko elkarrizketak

Sorterriari buruzko elkarrizketak (deportazio zentroan)

Tira, uste dut sorterriak listua bezala jaurti ninduela, itzalaldiak, etxeratze-aginduak, hagin solteen kontra dagoen mingaina bezala. Jainkoarren, ba al dakizu ze zaila den kontatzea zurea den hiriak iletik arrastaka hartu zaituela, espetxe zaharra igaro, eskolako ateak igaro, banderak bezala hagetan altxatutako soin erreak pasatu arte? Ni bezalako jendea ezagutzen dudanean antzematen diet nostalgia, hutsunea, errautsen oroitzapena haien aurpegian. Inork ez du sorterria uzten marrazoaren aho bilakatuta topatu ezean. Ereserkia zaharra ahoan ibili dut hainbeste denboran, ez baitago beste abesti, mingain edo hizkuntza batentzat lekurik. Ezagutzen dut hilak bezala janzten zaituen lotsa hori, guztiz lurperatzen zaituena. Nire pasaportea txikitu eta jan egin nuen aireportu bateko hotelean. Ahaztu ezin dudan hizkuntzarekin hanpatuta nago.

*

Nola iritsi zara hona? galdetzen didate. Ez al duzu nire gorputzean ikusten? Libiako basamortua immigranteen gorpuekin gorrituta, Adengo Golkoa puztuta, Erromako hiria jakarik gabe. Espero dut bidaiaren zentzua handiagoa izatea milla-kopurua baino, nire seme-alaba guztiak uretan baitaude. Uste nuen itsasoa lurra baino seguruagoa zela. Amodioa egin nahi dut, baina nire ileari gerra kiratsa dario, eta ihesarena eta ihes gehiagorena. Etzan egin nahi dut, baina herrialde hauek gaztea zarenean loak hartuta ukitzen zaituzten osabak bezalakoak dira. Begiratu muga horiei guztiei, ahoko apar bihurtzen gorputz apurtuekin etsita. Aurpegian jotzen duen eguzki beroaren kolorekoa naiz, amaren gorpuzkiak ez ziren inoiz lurperatu. Kamioiko sabelean igaro nituen egunak eta gauak; ez nintzen lehengo bera atera nintzenean. Beste norbaitek nire gorputza jantzita duela iruditzen zait batzuetan.

*

Egia batzuk badakizkit. Ez dakit nora noan, natorren tokia desagertzen ari da, ez naiz ongi etorria eta nire edertasuna ez da eder hemen. Hemengoa ez izatearen lotsak erretzen dit gorputza, nire gorputzak herrimina dauka. Memoriaren bekatua eta memoriaren gabezia naiz. Berriak ikusten ditut eta nire ahoa odolez betetako harraska bilakatzen da. Ilarak, formularioak, bulegoetako mahaietako jendea, telefonoz deitzeko txartelak, immigrazioko funtzionarioa, kaleko begiradak, hotza hezurretan barrena finkatzen, gauetako ingeles-klaseak, etxetik dagoen distantzia. Baina Alhamdulilah hau guztia hobea da goitik behera erretzen ari den emakume bat usaintzea baino, edo aitaren antza duten kamioikada bat gizon nire hortzak eta azazkalak erauzten sentitzea baino, edo hamalau gizon nire hanken artean, edo pistola bat, edo promesa bat, edo gezur bat, edo bere izena, edo bere gizontasuna nire ahoan.

*

Itzuli zuen herrira esaten entzuten ditut, etorkin zikinak, errefuxiatu nazkagarriak esaten entzuten ditut. Harropuzkeria hau posible da? Akaso ez al dakite egonkortasuna aho goxozko amorantea gorputz gainean segundo batez edukitzea bezalakoa dela? Hurrengo segundoan lurrean etzanda dagoen dardara hutsa zara, zaborrez eta bueltatzeko esperoan dagoen garai bateko diruz estalia. Esan dezakedana da behinola zu bezalakoa nintzela, apatia, errukia, esker txarreko kokalekua eta orain nire sorterria marrazo baten ahoa da, orain nire etxea pistola baten kanoia da. Bestaldean ikusiko dugu elkar.

Warsan Shire “Teaching my mother how to give birth” (2011, Flipped Eye)

Sorterriari buruzko elkarrizketak
Sorterriari buruzko elkarrizketak