Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora!

Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora! –

Gaur Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako milaka pertsona batu gara Beasainen, palestinar erresistentziari gure babesa adierazteko, Israelgo entitate sionista burutzen ari den genozidioa salatzeko, eta mendebaldeko gobernuek eta enpresek sionismoarekin duten konplizitatea seinalatzeko. Horrekin batera, Beasainera etorri gara Euskal Herriko CAF trengintza enpresak palestinar lurren okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna salatzeko; eta CAFen zuzendaritzari exijitzeko Jerusalemgo tren arinaren proiektua bertan behera uzteko, eta behin betiko Palestinatik alde egiteko.

Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora!

Egunetik egunera, larriagotu egiten da Palestinako egoera. Israelgo armadaren bonbardaketek, Gazako lur-inbasioak eta Zisjordaniako herri okupatuetan egunero kolonoek burutzen dituzten erasoek ez dute etenik. Historian aurrekari gutxi dituen genozidio baten aurrean gaude. Horretaz gain, sarraskia Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetara hedatzeko arriskua larria da, entitate sionista Libano hegoaldean agiten ari den erasoek edo Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Yemenen burututako operazio militarrak erakusten duten bezala.

Mendebaldeko indar/potentzia inperialistentzat, entitate sionista ekialde hurbilean bere interesak ziurtatzeko ezinbesteko pieza da; azkenengo asteetan Espainiar estatuak Itsaso Gorriaren misioa bermatu duela jakin dugu eta 45 urtean gastu militarraren hazkunderik handiena ziurtatu du. Era berean, entitate sionistak ezin du iraun mendebaldeko estatuen laguntzarik eta konplizitaterik gabe. Gure eginbeharra da konplizitate horiek guztiak salatzea eta borrokatzea.

CAF bera, erantzukizun zuzena duten enpresen adibide garbia da. Izan ere, Palestinan eraikitzen ari den tranbiaren bitartez, palestinarren jabetzak konfiskatzen, Jerusalemgo auzoetatik palestinarrak kanporatzen eta kolonoen hedapena errazten ari dira. CAFekin batera, beste euskal enpresa batzuek ere erantzukizun zuzena dute Palestinaren kolonizazioan, esaterako, M Torres, Sener, ITP Aero edo Sapa armagintza enpresek. Euskal alderdi eta instituzioek horrenbeste goresten duten “euskal enpresa ereduak” irabazi ekonomikoak lehenesten ditu beste edozeren gainetik, eta gurean ere, enpresari handiek Europar Batasunaren eta NATOren paper inperialistari esker betetzen dituzte poltsikoak.

Bestalde, Espainia eta Frantziako Gobernuen eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Ipar Euskal Herriko instituzioen erantzukizuna eta instituzio horiek babesten dituzten ezker-eskuineko alderdi politikoen konplizitatea salatzen ditugu. Instituzio horietatik bakearen alde egiten diren adierazpenak paper errea baino ez dira palestinar erresistentzia kriminalizatzen eta entitate sionistarekin harreman ekonomiko, politiko eta militarrak izaten jarraitzen duten bitartean. Guk harreman horiek guztiak eteteko presionatzen jarraitu behar dugu.

Palestinaren askatasuna ez da etorriko Israel zilegiztatzen duen nazioarteko komunitate deiturikoaren eskutik; baizik eta klase eta herri zapalduen arteko elkartasun eta antolaketa internazionalistarenetik. Gure ustez, Palestinaren askatasuna kolonizazioan eta apartheidean oinarritzen den entitate sionistaren desagerpenetik eta deskolonizazio prozesu integral baten eskutik etorri behar da, ezinbestean. Norabide horretan gure ekarpena egiteko, dei egiten dugu Euskal Herrian sionismoaren adierazpen guztien aurka borrokatzera eta erresistentziarako eskubide osoa duen palestinar herriari gure elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera.

Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora!

16 pentsamendu “Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora!”-ri buruz

  • CAF aurrera 2024-01-28 09:58

    Euskal Herriko ongizatearen etsaiak zarete.

  • ongi izaten... 2024-01-28 13:55

    herriaren ongizatea… esklabutzaren aldeko argumentua ere bazen… gure herria da lehentasuna, beste herriek ze axola dute ezta?…

  • CAF aurrera 2024-01-28 17:10

    Jakina gure herria dela lehentasuna!

  • ongi izaten... 2024-01-28 17:48

    ondoko herriak berdina pentsatzen du… eta hori da gerra guztien argumentua… inongo herriren sufrimenduaren kontura ongizatea lortzea ez da zilegi…

  • Mikel Haranburu 2024-01-28 20:00

    “Jakina gure herria dela lehentasuna!”
    Zuen lehentasuna eta zuen azkentasuna; alegia, bost axola zeren gainean egiten den negozioa.
    Zer esango zenukete Palestinarrek zuen trenak bonbaz lehertzen badituzte, CAFeko langileak hiltzen badituzte, zuen negozioa zapuzten badute… zergatik eta beren herria delako beren lehentasuna? Onartu beharko zenukete… itsutu ez bazarete behintzat!

  • CAF aurrera 2024-01-28 20:11

    Orain mehatxuekin hasiko zara, Mikel?

  • Niri ongi iruditzen zait munduko parte ezberdinetan gertatzen ari denaz jakingura izatea. Baina joko geoestrategiko handi horietan burubelarri eta energia oro gastatuz ibiltzea, ba ez. Beti horrela gabiltza. Kuba eta sozialismoarekin jo genituenak bere garaian! Hura isildu da. Gero Sahararekin! Gero Palestinarekin gaztetxeko gazte guztiak palestinarren zapiak zituztela! Euskalduna zanbombo xamarra da, gai bat hartzen duenean obsesibo jartzen da lotsa emateraino. Eta egiten duen gauza bakarra denbora eta energia gastatzea da. Mikel Haranburu, nafarra zara… zuk Nafarroako egoera ikusita munduko zer bazterretara zoaz ezer konpontzera?! Lotsik ez?! Ala Nafarroan dena ok dago? Hasi etxean energia gastatzen, gizona! Joko geoestrategiko horietan ( Iran, Errusia, China, AEB…) zuk ez duzu ezer pintatzen eta! Beti berdin, belarra erre eta mundua konpontzen egun guztia, ez duzue ezer aportatzen herri honetan.

  • Euskahaldun 2024-01-29 18:21

    Garagarra, momentuz EH-Nafarroan ez dira gure lurrak lapurtu eta bertatik botatzen ari, Palestinako Zisjordania aldean gertatzen ari den bezala, eta hara, bertan ez dago Hamas boterean. Eguneroko bizitza itogarri egin nahi diete kolonoek palestinarrei, etengabeko oldartze eta jazarpen kanpainekin. Naziek judutarren kontra egiten zuten bezalaxe, alde egin nahi izan ez duten Palestinarren etxeak markatzen dituzte behin eta berriro erasotuak izan daitezen, azkenean amore eman edota baten batek sionazi hauei aurre egin ezkero armadaren babesaz inpunitate osoz tiroz akatu arte, berezko defentsaren aitzakipean. Izan musulman, zein kristau, berdin da, sionazi hauen aurrean arabiar zikinak besterik ez dira. Eta hemen ez dago Hamasik, berriro diotsut. Hego Afrikako apartheid sistema baino ankerragoa da, hain da ankerra, ezen palestinarrek ezin izango baitute CAFek eraikitzen lagunduko duen trenbide sarea erabili. Lapurtutako lurretan, nazioarteko legediaren eta bake itunen kontra eraikitako koloniak lotzeko trenbide sarea da hau. Dagoeneko, kolonia ilegal hauek lotzen dituen errepide sare esklusiboa dago, palestinarrek erabili ezin dutena, eta baten bat erabiltzen ausartu ezkero tiroz hiltzeko arrisku larria dago. Zisjordaniako herri palestinarrak beraz, erabat isolatuta eta kontrolatuta daude, Israelekiko erabateko dependentziara behartuz, herrialde bezala koordinatu eta garapen sozioekonomikoa bete betean oztopatuz. Momentuz, hau ez da Euskal Herrian gertatzen ari, bestelako errepresio mota sotilagoak daude, baina historiak buelta asko ematen ditu eta batek daki, egunen baten guri gerta dakiguke berriro egoera berean egotea. Orduantxe gogoratuko zara Garagarra, laguntza eske zaudela, nazioarteko elkartasunaz. Argi daukat hemen herrialde inperialista askoren interesak daudela inplikatuta, baina argi dukat ere honek ezin nauela itsutu. Ukraniak Errusiaren inbasiotik defendatzeko eskubidea duen bezalaxe babestuko dut dut Palestinak Israeletik defendatzeko duen eskubidea, AEBak noren alde dagoen axola barik.

  • Mikel Haranburu 2024-01-29 18:55

    “Orain mehatxuekin hasiko zara, Mikel?”
    Ez.

  • Mikel Haranburu 2024-01-29 19:06

    Euskahaldun, garagarrari informazio aski eman diozu, Palestinan gertatzen denaz, eta hori guztia harentzat aski eta sobera. Orain ongi informatuta dago, bere jakingura asetuta, baina ez eskatu jarrera bat sikiera adieraztea… “joko” geoestrategikoak urruti geratzen baitzaizkio, adituentzat direlako edo…
    Palestinarrak, katalanak… menturaz, ongi informatuta egon daitezela behar genuke, gerora, geure herria altxatzen dugunean laguntzaile ez baina ikusle daudenean… guk bakarrik altxatuko dugu herria, CAFen ekarpenaz segurki, eta geoestrategia guztietatik aparte… Zeren eta, globalizazioa, aferen mundializazioa, ekonomiaren mundializazioa, gugandik urruti geratzen baita. Gehienez ere, Palestinar bat edo beste kontrata dezakegu, migratzaileen izenean gurean argazkietan ager dadin…
    Ni Nafarra; ez dakit zeren zain dagoen CAF bera Nafarroa ere altxatzen laguntzeko, jakinik, garagarrak dakien bezala, zein egoera lazgarrian gauden… omen. Israelgo zereginak akitu eta ongi altxatuta gero akaso?

  • Bai, euskahaldun. Gure balkoietan Kubako banderak, Saharakoak, Palestinakoak ikusi ditut, zuk ere ikusiko zenituen. Nik jakin nahi dut Kuban, Saharan eta Palestinan zenbat ikurriña jarri diren balkoietan. Zero. Hemen zerbaitek huts egiten du. Gu ez gaudela Palestinan bezain gaizki diozu… hori zuk esango duzu. EBak eta AEBek jada publikoki esaten dute palestinar estatua nahi dutela. Irudikatu une batez une hau: Biden Etxe Zuri aurrean kazetariei esaten euskal estatu independente bat nahi duela. Oiloipurdia jartzeko modukoa. Gu hobeto gaudela… begira Nafarroan, bi harresi eraiki dituzte euskarak aurrera egin ez dezan. Egoerarik makurrenean bizi dira erkidego horretan. Ondo biziko ez dira ba?! Altsatzeko talenturik gabe daude eta!

  • Gurera etorri diren kubatarren, palestinarren eta sahararren artean zenbatek ikasi dute euskara? Esango didazu?! Horixe litzateke gure herriarekiko abegitasun keinurik hoberena.

  • Aizu, Garagarra, utzi hainbeste iruzkin egiteari eta itzuli lanera genozidentzako trenak egitera, horretarako ordaintzen dizute eta

    https://zuzeu.eus/euskal-herria/iruzkingile-baldarra-garagarra/

  • CAF aurrera 2024-01-30 12:11

    Hori, hori, Garagarra, itzuli lanera gure nini kontzientziadun txatxiguaiek mundua salbatzen segi dezaten.

  • Esteka hori dela eta nahiko barre egin nuen bere garaian. Artikuluaren egileak lagun bat omen zuen, kriston hacker horietako bat, eta jakin omen zuen nire iruzkina CAFetik idarzita zegoela. Barre algaraka aritu nintzen, benetan. Zergatik zarete rasta guztiok kutreak? Hainbeste belar erre ondoren izan ere, buruak jada ez dizue ematen gehiago. Beste artikulu batean eman nion erantzuna eta bere hacker on horri lanerako gaia eman nion, ez dakit konturatu ziren orduan. Agian ez ziren ohartu. Tontoa izaten hasiz gero horrelakoxea izan behar da eta, ez gehiago eta ez gutxiago. Patetikoa! Hain hacker ona izanda ez dakit zer egiten duen Israeleko gobernua hackeatu gabe. En fin! Patetikoa! Une honetan balkoian zein bandera duzue jarrita? Ze aukeran izaten dizue banderak… Zuen laguntzarekin behintzat palestinak ez du aurtera asko egingo. Patetikoa!

  • Mikel Haranburu 2024-02-28 14:43

    Berri onak atzo CAF enpresaren aldetik; azken hamar urtean irabazirik handienak lortu ditu iaz. Eskari zorroa beteta, 14.200 milioi eurokoa. Aipatzen du albisteak Europan duela zatirik gehiena, ehuneko 71, baina 2023an Ameriketan, Brasilen eta Mexikon pisua hartu duela. Israel ez du aipatu ere egiten; bitatik bat: Israelgo negozioa ez da aipatzeko modukoa, eta, hortaz, ez luke Palestinan jardun beharrik izanen, ala zerbaitengatik nahita uzten du Israel aipatzeke idazleak. Lotsa ala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude