Txillardegiren nazioaren kontzepzio identitarioa eta marxismoa

Txillardegiren nazioaren kontzepzio identitarioa eta marxismoa –

Txillardegiren nazioaren kontzepzio identitarioa eta marxismoaTxillardegiren hautu politikoa ulertze aldera, hasteko eta behin, berorretan konbikzio identitarioak hartzen duen erdigunetasun guztizkoa hartu behar dugu aintzakotzat. Indentitateetan, identitate linguistikoa izango da berak aldeztuko duena. Berorretatik hasita, berorretan oin harturik, ulertuko du berak gerora zer hartzen duen nazioaren askapentzat. Bere pentsaera politikoan herri-identitatearekiko duen atxikipen guztizkoa aintzakotzat hartzen ez badugu, berorri aitortu eta aitortu zion garrantzi erabatekoari kontu egiten ez badiogu, oso galduta, zeharo galduta, egongo gara gerora bere beste zenbait kontzeptu eta aitorpen balioesteko orduan, izan bere ezkertasuna ulertzeko orduan, izan ezkerrez kanpoko beste euskal indar politikoen gainean duen aburua ulertzeko orduan…, eta, guri agian hemen gehien axola dakigukeena, marxismoari buruz zuen jarrera zinez eta benetan ulertzeko orduan.

Txillardegi ez zen sekulan marxista izan. Horraino ez dugu ezer berririk aurkitu; hau esan eta esan ibili baitzen bera gazte-gaztetandik, ezin garden eta argiago esan ere. Bere ibilbide biografiko eta politikoan gaindi egin izan zituen ezin konta ahala aitorpen horiez guztiez gain, ahotan harturiko hitz hutsak izan ez, eta bene-benetan bere jarrera eta erabaki politikoak asko baldintzatu zituzten. Orain gutxi baina, berak bere buruaz argi zioen horri ezin inolaz buelta emanik, alegia, bera marxista ez zelako aitorrari inolaz kontra egin ezinda, marxismoari “ustez” zion, edo “omen zion” miresmena, edota marxismoari aitortzen zizkion ezin ukatuzko ekarpenak tarteko, hori gora behera, “marxistatzat bere burua jo gabe”, “marxismoarekiko lotura ez kanoniko moduko bat izan zuela” pentsatzera lerratu, horretan tronpatu, dira baten batzuk. Jakin badakigu 60ko hamarkadan Frantzian, marxismo kanonikoaren epelean, estrukturalismoa dela, eta bestelako gerorako forma dekonstrukzionista zenbait mota direla, horren osteko bestelako formak sortuz joan zirela, izendapenez, etiketez, edo lehendabiziko itxura batean bederen, marxismotik kanpokoak, baina, marxismoaren aurrerabidea bultzatu eta bere zerumuga zabaltzeko xede baino ez zuten instrumentu berri eta indartsuak, finean eta buruan. Oso besterik da baina, Txillardegiren kasua, ezen, are bere estrukturalismorekiko interesa ere, betiro hizkuntzaren azterketa eta sakontzearen baitan ulertu behar dugu, beti hizkuntzarekiko istrumentu gisa, eta ez inolaz marxismoaren garapenerako mesedetan.

Txillardegiren pentsaera identitarioa ulertze aldera, bere artikulu sorta bati heldu beharko genioke (“Hizkuntza eta pentsakera”, “Hizkuntza eta herri-kidetasuna” eta “Hizkuntza eta Erresuma” eta “Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko”). Artikulu hauek 1966.ekoak ditugu, guztiak O.P.eri propio aurka egiteko eta, hortaz, ETA bere definizio ideologikoa egosten ari zeneko giro hartan izkiriatuak. Aipatu artikulu hauetan, zita eskergak sor lezakeen korapiloa pixkatxo bat askatuta, ideia nagusia berehalakoan hauteman daiteke. Herri baten lehendabiziko sorkuntza eta bere aurreneko instrumentua hizkuntza dela argi utziko digu Txillardegik. Hizkuntza honelako eta ez aldiz halako zergatik ote den ezin argi jakin, esango digu. Nolanahi ere, honen guztiaren harira zera jarriko digu erakutsian; nazio guztien, mendeetan gaindi, euren berezko hizkuntzak horrela joan dira jorratzen eta moldatzen; herriek hizkuntzak euren izaeraren arabera moldatu dituzte; herri-poetikak horrela zer-nolakotu ditu hizkuntzak, beren pentsamenduetan oin harturik, beren nahikari sakonenetatik, beren sakon-sakoneko izaeratik, hain sakonera handitik sortu ditu, non zenbaitzuetan aukera linguistikoak guztiz gailentzen diren eta dena baldintzaten duten molde inkontziente batean:

“Herri baten sorkari nagusia, herri baten tresna nagusia, hizkuntza da. Zergatik egin du horrelakoa hizkuntza, eta ez bestelakoa? Ez dakigu. Berak ere ez daki. NAZIO OSOAK mendeetan zehar HORRELA NAHI izan duelako, HORRELA AUKERATU duelako, mundua HORTARA SENTITU duelako. Nazio-olerkaritzak hori asmatu duelako. Hizkuntza herriak egin du: bere izakeraren, bere pentsakeraren, bere tekniken, bere jiterik sakonenen arabera jokatuz prestatu du. Hain sakonki jokatuz batzutan, hizkuntza- -aukerak oharkabean bezela nagusiturik baitirudite. Hizkuntza da herri baten sorkaririk funtsezkoena, bere nazio-jakintzaren oiñarria. Hitz batez: HIZKUNTZA DA HERRI BATEN ARIMA(TXILLARDEGI, Euskal herritik erdal herrietara, 428 or).

Ikusita moduan, hortaz, euskarari aitortu zion Txillardegik Euskal Herriak nazioaren ezaugarri guzti-guztiak jada bereganatuak izateko identitate-gako bazterrezina. Sassure eta Martinet-en linguistika estrukturalistan hartu zuen oin aitorpen hauek egiteko, eta hartara oinarri zientifikoa eman bere konbikzio guztizkoari: “Gorago aipatu ditudanak oro gaurko hizkutzalarien iritziak dira. Eman dituztenak buruzagi dira Hizkuntzalaritzako Biltzar Nagusietan. Europa´ko hizkuntzalariak hortik ari dira” (TXILLARDEGI… 430 or.)

Erraz antzeman daitekeenez, Txillardegiren tesiak berdin-berndin egiten zien kontra molde bateko abertzale batzuei, zein marxistei. Aurrenekoei zera gogorarazten zien argi eta indartsu, hizkuntza hitzezko hala-holako tresna-baliabide izateaz askoz harago, herriaren funtsa dela eta honen nondik norako guztiak baldintzatuko dituena: “Hizkuntza bat ez da <<hitz zerrenda>> luze bat; antola-molde, mundu-ikuskera, gauzen banaketa, denaren tajuera berezi bat baizik” (TXILLARDEGI… 408 or.). Marxistei, aldiz, hizkuntza produkzio beharren ondorio edo azpi-produktutzat jotzen zuten aldetik, besteetan beste, jarraiko honelako erantzun hau eman zien: “Uste dudanez, gizonaren taxu-mena, estruktura-mena, sakonagoa da produzio-beharretatik heldu omen zaigun mintzatu beharra baino” (TXILLARDEGI… 14 or.)

Hizkuntza eta horrekin hetsiki loturiko kulturan ikusiko du Txillardegik herrigintzaren abiagunea. Beroiek giza-mailako elementu onarri-oinarrizkotzat joko ditu; bere ikusian, finean eurak izango dira herri-ohiturak eta herri-kontzientzia sortaraziko dituztenak, eta hein horretan hain justu, euskal botere bat sortzeari iritzi zion behar-beharrezko, eta, horrekin lotuta, gure hizkuntza eta gure kultura salbatuko dituen estatu aske bat ezinbesteko joko du:

Herriaren hizkuntza nagusi dedin, bide bat baizik ez dago: erresuma libro bat etniaren zerbitzuko jartzea: eta erresuma hortan, legezko hizkuntza eta erresuma-hizkuntza bakartzat etniarena jartzea. Nagusitu diran hizkuntza guziek hori egin dute. Eta hau egin ez dutenak, galdu egin dira. Euskadi´ko erresuma sortu eta euskaldun etniaren eta zerbitzuko jarri; hala euskera geuk hil!” (TXILLARDEGI… 465 or.)

Orain baina, goazen ETAk zer-nolako aitorpenak zerabiltzan ikustera, marxismoaren aldeko euren hautu garbia oso kontuan izanik:

La etnia vasca consiste en una colectividad humana que ha desarrollado una serie de respuestas culturales específicas y diferenciadas con respecto a otras etnias; la base de todo este sistema cultural es la lengua vasca, el euskera, útil de trabajo infraestructural de enorme importancia. Cuando los factores objetivos de la etnia se desarrollan, ésta adquiere conciencia de sí misma y se convierte en una nación. La toma de conciencia de la opresión de la etnia ha producido la adquisición de una auténtica conciencia nacional vasca” (V. Asanblea)

Etnia, kultura, hizkuntza eta nazioaren arteko lotura baten alde egiten da testu honetan. Gerora, darabilten lengoai marxista tarteko, hizkuntza “superestruktura” delako horren partetzat dute, nahiz-eta, erabilpen-balio duen bere izaera materialagatik, baita azpiestrukturazko baliabidetzat ere. Hortaz, Txillardegiren teoriarekin bat-egite nolabaiteko bat-edo dagoenik ezin uka, hizkuntzak euskal identitatea definitzen duela onartzen duten aldetik. Nolanahi ere den, arazoa segi-segituan, berehalakoan, agertuko da, egindako onarpen horren osteko berehalako “kausa-ondorio” gisa; honela definituriko indentitateak zer forma eta garrantzia hartuko du gerora ETAren eskema ideologikoaren baitan? (I.LIZARRALDE, Teoría francesa y estrategia del MLNV 1967-2015, cfr. 95). Izanez ere, 1969ko iraila-urriko Kemen-en, V. Asanbladaren agindu zuzenaz, “itxuraz” euskal eskuinaren nazio kontzepzioari erantzun asmoz, honatx oso hitz adierazgarriak:

Su error está en concebir la cultura vasca como un sistema perfecto de respuestas culturales, que en un momento histórico determinado nos lo han aplastado y que la labor actual es la de revitalizar esa caja mágica en que está presa nuestra cultura para volver a nuestros antiguos derechos y libertades, etc. Es un error lógico en una concepción metafísica (burguesa) de la cultura que define a ésta como un “alma vasca” alcanzada ya pero inamovible, es decir, independiente totalmente del reto del medio”. (Kemen (boletín interno), septiembre-octubre 1969, 15 or.)

Txillardegiri zuzendutako eraso ezin argiagoa dugu goiko hau, egia esatera; ez da oso buru-argia izan behar berari propio ari zitzaizkionik ikusteko. “Euskal arima” aldarrikatzea ezin-ezin onartuzko zaie, besteetan beste, berau onartuta, segidan, nazio-eduki eta gerorako nazio-garapen guztiaren bultzagile eta bilgunea ere bera dela aitortzea lekarkeelako berekin eta, horrela, guztiz bat egingo luketelako ikuspegi nazionalista eta erromantikoarekin. Hori gutxi ez, eta nola onartu, horrekin batera, hizkuntza “aurretiko zerbait” gisa? Kultura eta hizkuntza, ikuspegi kanonikoki marxista batetik, ez dira aurrez emandako elementutzat jotzen, baizik-eta elementu eraldagarri eta eraldatzailetzat betiere (I.LIZARRALDE, Teoría francesa y estrategia del MLNV 1967-2015, cfr. 95). Horregatik hain justu, “euskal kulturaren mitifikazio” bati buruz, euskal eskuinak darabilen horri buruz, dihardute:

El confundir cultura con una serie de respuestas culturales ya dadas y el poner el epíteto “euzkaldun” en el ser o no de origen vasco y no en lo político (es decir en la práctica social contra el medio pero posibilitando la consolidación de la cultura popular vasca) son errores de esta concepción.

No vale el detenerse en el Cromletch, en el pacto de Vergara o en las guerras carlistas: la cultura popular vasca es algo a seguir construyendo, a realizarla constantemente, a posibilitarla en la práctica de la unidad revolucionaria de los cuatro frentes. La mitificación de la cultura es en sí mismo algo que está negando esa cultura. Junto a éste, la degeneración del Folklore popular en un folklorismo desvaído y reaccionario es consecuencia necesaria de haber planteado la cultura vasca como una reliquia a guardar y no como una creación continua a realizar” (Kemen (boletín interno), septiembre-octubre 1969, 16 or.)

Ikusita moduan, iraultza hautu honi soma dakiokeen fede-suerte honek edota, batek jakin, fede faltak, klase-borrokarako markoa zabalduko die, baina, horrekin batera, gerora,  “sozial-inperialista” deituriko bidegile horietariko zenbait eta zenbait, tantaz tanta, gaur egun arte, erauzi eta erauzi egingo ditu denboraren joanak, eta berauek, ETA edo ENAM abandonatu ahala, euskal nazioarekin loturik egongo ez diren bestelako ezkerreko mugimeduetan murgilaraziko ditu. (I.LIZARRALDE, Teoría francesa y estrategia del MLNV 1967-2015, cfr. 96).

Igor Goitia

Txillardegiren nazioaren kontzepzio identitarioa eta marxismoa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude