Sinetsi nahi dut

Sinetsi nahi dut –

Abenduaren 10ean izan zen. 1948an. Duela 75 urte, beraz. Zenbaki biribila. Gaurko albistegi guztietan ikusiko duzuen efemeridea da. Orduan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Parisko Chaillot jauregian, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Erabateko transzendentzia eman zitzaion sinadurari. Bigarren Mundu Gerraren osteko giro makurrean sinatu zen, holokaustoaren izuari, lazturari, behin betikoz bizkarra eman nahian. Edo. Testurik unibertsalena omen da. Adierazpena, 2021ean, 530 hizkuntzatara itzulita zegoen. Unibertsalena. Fokupean txalotua. Fokutik at, urratua, birrindua.

Sinetsi nahi dut
Arg: wikipedia

Sei orriko dokumentua da. Har dezagun, soil-soilik, lehen atala: gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. Amen.

Giza eskubideak beira-arasa batean, mimoz gordeta dagoen portzelanazko panpina bat bezalakoak dira. Eguzkitik babestuta. Hautsetik urrun. Kolpeetatik at. Salbu. Beira-arasaren kanpotik ederra ikusten da. Ia errukitsua. Begirada misteriotsua du. Aurpegiak gurinezko bizkotxoa dirudi. Irribarrea, perfektua. Ez oso iradokitzailea, ezta otzana ere. Perfektua besterik ez. Galazko soinekoa darama: parpaila brodatuak, jantziarekin bat datozen begiztak, urrezko orratzak zapatetan. Itzel ikusten da. Armairua ireki eta hurbildu ahala, soa mikaztu egiten da: pitzadura txikiak agertzen dira aurpegian, besoetan eta hanketan. Erabat hautsita dago, pitzatuta guztiz. Hori bai, bere horretan mantentzen du erosi genuenean liluratu gintuen irribarre ezti hura. Gehiago gerturatuz gero, aurpegiko zatitxoak zakarki itsatsita daudela antzematen da. Josturak lehertzear daude. Sitsek zulatu diote soinekoa. Fake bat da, fake doll bat, panpina faltsu bat. Horixe dira gaur egun giza eskubideak munduan: hautsitako panpina faltsu bat, munduko agintari guztiek, punpa eta arrandia handiz, gurtzen duten irudia. Beira-arasatik kanpo, ordea, inor ez da ausartzen atea irekitzera. Egiten badute, panpinaren magia desagertuko da. Jostailua hutsera amildu eta txiki-txiki eginda geratuko litzatekeelako.

Holokaustoa jasan zutenak ari dira orain egunero Gazako haur eta nerabe, adineko eta gazte, gizon eta emakumeak bonbardatzen, zanpatzen, birrintzen… giza eskubideen panpina diseinatu zuten berberek beste aldera begiratzen duten bitartean. Atef Abu Saif idazleak egunero, berripaper honetan, urratzen digu bihotza Gazatik bertatik idatzitako egunerokoan. «Esperantzarako motiborik ez inon», dio berak.

Aldarrikapena baino kitapena

Agintariek astakeria galantak egiten dituzte ustez gure eskubideen defentsan ari direnean. Gogoan duzue zer esan zuen duela hogei urte PPren Barne ministro Angel Acebesek Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean? Hauxe: euskaldunen eskubideak, askatasunak, kultura eta pentsamendua defendatzeko eta babesteko egindako operazio bat izan da. Zirkinik egin gabe, orrazkera aldatu gabe, bekainak kakotu gabe. Hogei urte igaro dira, baina euskararen aurkako erasoak egunero ditugu ikusgai, mintzagai, alderrai. Nork burutuak? Teorikoki, gure hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzten epaile horiek berek.

Aldarrikapen arranditsu horrek dio, baita ere, pertsona orok duela lan-baldintza bidezkoak eta egokiak izateko eskubidea, etab. Atzo goizean gertatukoa da hau. Nire etxepean. Izena oroitu nahi ez dudan Aurrezki (?) Kutxa baten aurrean emakume eskale bat zegoen kalean, belauniko, kuxin baten gainean jarrita. Gasteizko abenduan. Begirada lurrean pausatua, esku batean platera. Ondoan karteltxoa: «Necesito una yuda (sic). Tengo dos hijos…». Inork gutxik egiten dio kasu. Bere gainean, Kutxaren erakusleihoa. Bertan beste kartel bat. Dotorea. Apaina. Hauxe dio: «Estatuko finantza-erakunderik kaudimentsuena (sic) gara». Kaudimentsua ez dakit. Adimentsuena, ez dut uste.

Artikulua borobiltzen ari nintzela, Nafarroako txapeldun Julio Sotok joan den igandean, bere bukaerako agurrean, utzitako harribitxia etorri zait gogora: Israelek Gaza piztien eran / ta mundua bestaldera begira / sahararrak oihuka ari dira / etorkinak egurrezko pateran. // Eskaleak bost zentimo plateran / zenbait nortasun sexual arazo / guk gizonok emakumeei eraso / ta euskara zapaltzaileen ziegan //. Sinetsi nahi dut gizakiarengan / nahiz motiborik ez dugun ematen / nik esperantza dut egunen baten / justizia hasiko dela hegan //. Justizia hasiko dela hagan / nik esperantza dut egunen baten / nahiz motiborik ez dugun ematen / sinetsi nahi dut gizakiarengan.

Ekitaldi horretan, ETBko errealizazioak momentu hunkigarri asko utzi zizkigun. Horietako bat bukaerako bertso horretan izan zen. Soto nahiz motiborik ez dugun ematen kantatzen ari zen bitartean, kamerak ile urdina zuen 70 urte inguruko emakume bat fokatu zuen. Hiru segundo baino ez ziren izan. Telefonoz ari zen bideoa grabatzen, formatu bertikalean. Eskuineko eskuarekin eusten zion sakelakoari. Ezkerrarekin ilea atondu zuen, birritan; barru-barrutik ateratzen ari zitzaion negar isila disimulatu nahian edo. Neu ere txunditu ninduen eszenak. Horrelako gaitasuna du bertsolaritzak, barrenak hunkitu eta sentimenduak askatzeko eta partekatzeko modu kolektibo eta zoragarri horretan.

Harat-honat gabiltza denok bizitzea tokatu zaigun mundu aldrebes honetan ulertu nahian edo, erantzunen bila. Maiz aditu, ikertzaile, jakintsuenengana jotzen dugu beti galdera bera buruan dugula: zer gertatuko da? Sarritan, berek ere ez dakite zer gertatuko den. Agian okerreko galdera egiten dugu. Akaso egin beharreko galdera beste bat da: zer egin dezakegu erokeria hau amaitzeko?

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 75 urte gaur. Munduko agintariak han eta hemen ikusiko dituzue, dotore jantzita, foku guztiak alde dituztela, haiek azpiratu dituztenen alde otoi eginez. Onestak balira, berriz, gaur Giza Eskubideen Kitapen Unibertsala aitortu beharko lukete.

Baina, nik ere, Julio Sotok bezala, gizakiarengan sinetsi nahi dut. Oraindik ere.

berrian argitaratua

Sinetsi nahi dut Sinetsi nahi dut Sinetsi nahi dut Sinetsi nahi dut

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude