Shanghaiko Bienalak Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak aurkeztuko ditu

Shanghaiko Bienalak Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak aurkeztuko ditu –

Shanghaiko Bienalak Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak aurkeztuko ditu Etxepare Euskal Institutuaren ZABAL programaren baitan

  • Erakusketak Jorge Oteizaren bost eskultura eta Itziar Barrioren bideo-instalazio bat izango ditu.
  • Anton Vidokle Shanghaiko 14. Bienaleko komisarioak euskal arte testuingurua ezagutzeko egindako bisitaren emaitza da.
  • Bienala 2023ko azarotik 2024ko martxora egingo da Txinako hirian, Cosmos Cinema izenburupean.

Jorge Oteiza eta Itziar Barrio euskal artisten hainbat lan izango dira Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan, 2024ko azaroaren 9tik martxoaren 31ra, ZABAL programaren esparruan egindako lanaren ondorioz.

Joan den uztailean Anton Vidokle biurtekoaren komisarioak euskal museoak, artisten estudioak eta beste hainbat espazio bisitatu zituen euskal testuinguru artistikoan murgiltzeko, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta. Euskal sorkuntzaren nazioarteko zabalkundea helburu duen ZABAL ekimenari esker, euskal artisten obren presentzia egongo da Shanghain.

Edizio honek, ‘Cosmos Cinema’ izenburupean, unibertsoaren funtzionamenduari eta bertan dugun lekuari buruz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei. ‘Cosmos Cinema’ erakusketak mundu osoko 80 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu, XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoak. Shanghaiko Biurtekoa Txinako arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa eta Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetarikoa da.

Cosmos Cinema’ biurtekoak proposatzen du kosmosa -antzinakoa eta modernoa- kontenplatzeak gure une historikoaren alienazio endemikoaren aurka egin ahal izatea: besteen, naturaren eta baita denboraren alienazioa. Gure munduaren zati bakar bat ere ezin denez eguzkiaren, ilargiaren eta zeruko gorputzen efektuetatik aldendu, Shanghaiko 14. Bienalak iradokiko du kosmosaren ulermena bilatzeak egungo munduak dituen erronka gero eta mardulagoei buruz pentsatzeko modu konplexuagoak bultza ditzakeela.

Biurtekoaren egitura muntaia-printzipio bati jarraituz antolatuko da, erakusketa osoa zinemaren beraren izaera kosmikoari buruz hausnartzen duen iraupen luzeko film gisa ulertuz. Vidokleren ikuspegi kuratoriala mugaz gaindiko espazioaren eta bidaia espazialen inguruko narratiben zientzia fikzioaren kontzepziotan sakontzean datza.

Itziar Barrioren lana eta Jorge Oteizaren piezak kontzeptu horretan kokatzen dira. Barriok elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen dituen lan bat aurkezten du, irudi astronomikoaren giza eraikuntza eta ezagutza zientifikoa bideo-instalazio baten bidez erakusteko. Oteizaren lanek, berriz, hutsaren, espazioaren eta metafisikaren inguruan ikertzen dute.

Itziar Barrioren bideo-instalazio bat

Itziar Barrio New Yorken (EUA) bizi den euskal artista multimediak ‘A Demon that Slips into Your Telcopes while You ‘re Dead Tired and Blocks the Light’ (2020) bideo-instalazioa erakutsiko du Shanghaiko Bienalean. Bideo-saiakera honek elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen ditu, irudi astronomikoaren eta ezagutza zientifikoaren giza eraikuntza azaltzeko xedez.

Lan hau giza eragileen eta giza eragileak ez direnen (fenomeno astronomikoak, teleskopioak, datuak, zientifikoak) arteko horizontaltasunetik abiatuta dago sortuta. Obrak zientzia eta teknologian lan egiten duen jendeak mundua ulertzeko eta bizitzeko dugun moduan nola eragiten duen argitu nahi du, ezagutza “objektiboaren” alorrei forma ematen dieten eraikuntza sozialak eta botere-indarrak azaleratuz.

Itziar Barriok New Yorkeko New Museumeko NEW INC arte eta teknologia inkubagailuko kide gisa egin duen ‘Material’ trilogiaren parte da proiektu hau. ‘Materiala’k teknologiaren, lanaren, identitatearen eta materiaren arteko elkargunea aztertzen du, eta hainbat diziplinatako adituekin (astronomia, zientzia, antropologia, ingeniaritza, robotika…) lankidetzan aritzea eskatzen du. Nortasuna, lana, klase soziala, sexua eta teknologia, besteak beste, negoziazio sozialen azpi-testua den aztertzen du Barrioren lanak.

Jorge Oteizaren bost pieza

Shanghaiko Bienalak, halaber, Jorge Oteizaren (1908-2003) bost lan erakutsiko ditu, bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aukeraketa hiru eskulturek eta bi collagek osatzen dute, eta Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museotik dagoeneko abiatu da Shanghaira. 50eko hamarkadan, arte abstraktuaren inguruko hainbat esperimentazio egin zituen Oteizak, non hutsaren, espazioaren eta metafisikaren gaia ikertu zuen, hark eskulturari egindako ekarpenaren muina izan zena.

Lanetako bik, ‘Kutxak Harrian’ (1958) izenekoak, marmol zuriz zizelkatutako eskulturak dira, erretxinazko inkrustazioekin. Serieak Oteizaren esperimentatzeko nahi bati erantzuten dio, bolumen baten alde positiboak eta negatiboak modu materialean irudikatzeari, alegia, elementu zuriak eta beltzak uztartuz.

Shanghaiko Bienalak Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak aurkeztuko dituBestalde, Shanghain ikusi ahal izango den Oteizaren hirugarren eskultura ‘Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa/ Malevitxen omenez’ (1957) da, atzealdean “TZA” letrak idatzita dituen forjatutako altzairuz eskultura. Obrak Oteizaren proiektu eskultorikoaren arintasun espazialaren nahia irudikatzen du, non formak biratuta agertzen diren, erabateko aktibazio espaziala lortzeko asmoa duen dinamismo baten ondorioz. Azken eskultura hau Jorge Oteizak 1957ko São Pauloko IV. Bienalean aurkeztu zuen 28 eskulturaz osatutako sortaren parte da, espazioa ez okupatzearen ideian zentratuta zegoen bere asmo esperimentalaren zati gisa.

Paper gaineko ikatz-paperezko bi collageak artista oriotarrak sortu zituen 1958an, eta Shanghain ere egongo dira ikusgai. Obra hauetan Oteizak solido geometrikoen espazioaren funtzionamendua ikertzeko zeukan nahia irudikatzen dute, planoan elementu desberdinak gainjarriz.

ZABAL programaren beste emaitza batzuk

2019an abiatutako egitasmo honen bidez, euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile desberdinen artean elkarlanerako hainbat aukera sortu dira. Euskal Herriko artisten lana bisitatu dute nazioarteko ekimen garrantzitsuenetariko batzuen komisarioek: São Pauloko biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), 13. Shanghaiko Biurtekokoa (2021), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

Berriki, ZABAL programak beste emaitza garrantzitsu bat lortu du. Juan van der Hamen-en ‘Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua’ obra aurtengo São Pauloko Bienalaren erakusketaren parte da. Kutxa Fundazioaren bildumako obra, Katalina Erauso moja eta soldadu donostiarraren erretratua erakusten duena, São Pauloko (Choreographies of the imposible) biurtekoaren 35. edizioan ikusi ahal izango da abenduaren 10era arte.

Institutuak tokiko eta nazioarteko arte garaikideko proiektuen kudeaketan jarduten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du ekimena aurrera eramateko.

Shanghaiko Bienalak Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak aurkeztuko ditu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude