Lanean ere kukua aske

Lanean ere kukua aske –

Kukua entzuteko garaia omen da, apiriletik aurrera udaberriaren berri ematen digu. Nori ez zaio gustatzen kukua entzutea? Zer esanik ez poltsikoan diruarekin harrapatuz gero! Baina gaur ez dugu txoriari buruz aritu nahi. Beste kuku batzuk entzun nahiko genituzke, aske, errebelde, kalean zein lantokian. Bolleroei buruz ari gara.

Lanean ere kukua aske
Vogelartinfo GFDL CC-BY-SA-3.0

«Kukua» Oarsoaldean erabiltzen da lesbianen arteko identifikazio gisa. “Bollurria” topaketetan «kukufestak» egin dira, eta HARRObira Oarsoaldeko transmaribibollo bizikleta martxaren leloa «Kuku bira dabil!» izan zen.

Bollera izatea askatasunez bizi nahi dugun erabakia da, baita lantokian ere. Bollera izatea heteroarauari ezetz esateko modua delako, aske egiten gaituen erabakia. Munduan egoteko eta sistema iraultzeko modu bat. Baina oraindik orain gutako asko dira jazartu eta zigortuak bollera izateagatik. Lan munduan ere, bere espezifikotasunarekin ematen den jazarpena: armairura bueltaraziz, harreman sexu afektiboak ezkutatuz edota ikusezin bilakatuz; txiste, deskalifikazio edota irainak jasoz, aukera berdintasunean ez sartuz eta abar.

Badakigu kapitalismo heteropatriarkalak arautik ateratzen den guztia zigortzen duela erreprodukzio sistemaren berme gisa. Guk ordea, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu. Heteroarauari ezetz esateko modu bat da, emakumeoi* inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua, hain zuzen ere: sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duenari, bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrari, ezetz esateko modu bat delako.

Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eta lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko eguna da LABentzat, baina baita bollera izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egitekoa ere.

Txoriak bezala, kuku bolleroak entzun nahi ditugu, eta ikusgarri egin. Horretarako konpromiso hauek hartzen ditugu LABen:

Lesbiana izateagatik lantokietan zigorrik ez eta diskriminaziorik ere ez. Indarkeria matxistaren kontrako protokolo, neurri eta estrategietan espresuki jaso behar den eta borrokatu behar den errealitatea da, plan eta protokolo eraginkorrak garatuz.

Sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak. Agenda politiko eta laboralean kokatzea, instituzioak hitzez jasotzen ari diren konpromisoei, diskriminazio honekin bukatzeko beharrezko bitartekoak jartzea luze gabe.

Ikusgarritasunerako borrokarekin konpromisoa. Borroka lan munduan zabaltzea, gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion lekua edukitzea, borroka honek eskatzen dituen baldintza politiko eta organizatiboak ziurtatzea sindikatuaren egituretatik. Armairutik atera nahi duenarentzat babesa eta diskurtso feministan guzti-guztientzat gure aitortza:

Bollera izatea badelako sistema kapitalistari ezetz esateko modu bat! Kukuak altxa, hasi da iraultza! Jaja!

Maddalen Dorador, Irati Tobar, Ainara Ladron eta Amanda Verrone
LAB sindikatuko kideak
Lanean ere kukua aske

LAB irakaskuntza

2 pentsamendu “Lanean ere kukua aske”-ri buruz

  • Argi bollerak!!! Kuku emeak gainontzeko txorien kabietaz baliatzen dira euren arraultzak gordetzeko, jarrera parasitarioa izanik. Langileria eta parasito hitzek ez dute oso ondo uztartzen.

  • Amonamantangorri 2024-04-30 12:36

    Patriarkatuari aurrizkiak jarriz gero, terminoak zehaztasuna galtzen du. “Zisheteropatriarkatu” ere esan zenezakete, emaitza berdinarekin.

    Aurrizki eta atzizkiak erantsiz nahi beste luza daitezkeen hitz horiek ez dute “PATRIARKATU” terminoaren adierazgai bera, itxuraz berdintsuak iruditu arren. Zeharo irakurketa desberdinetan oinarritzen dira. https://tribunafeminista.org/2017/06/dulcificar-el-patriarcado-llamandolo-heteropatriarcado/

    Egungo Euskal Herri “zisheteropatriarkalean”, bikote gay batek atzerrian emakume baten sabela aloka dezake. Ondoren, lortutako produktua Euskal Herrira ekarri ea normaltasun osoz hedabideetan konta dezakete beraien “esperientzia”. Bi gizon horiek administrazio autonomikoetan guraso-baimena eskatzeko eskubidea daukate.

    Mugimendu feministak ere ez du ugaltze-esplotazioari buruz kanpaina berezirik eginen, izan ere, emakume hark “libreki” erabaki badu, asuntoa hain da konplexua… Are gehiago, euskal feminismoak eta euskal ezker subiranistak dokumentu bat izenpetu dute Euskal Herrian “gestazio subrogatu” izenekoa legezkoa izan dadin; “doakoa” eta “altruista”, jakina.

    Arestiko istorioa, erabat benetakoa, PATRIARKATUA da. Alegia, gizonezko guztioi hainbat esparrutan pribilegiatzen gaituen erregimena, izan homo zein hetero.

    Izan ere, gizon batek bere burua “ez bitar” edo are “emakume lesbiana” izendatuagatik ere, berdin-berdin da gizonezkoa. Bestela, begira “LGBITQA+” elkarteen zuzendaritza kargu gehienak norentzat diren.

    “Emakumeei*” dagokienez… Emakumea* euskal asmakizun jatorra da, nik dakidala beste inon erabiltzen ez dena. Asteriskoaren burutazio bikaina pentsatu eta bultzatu zutenak, ziurrasko, denak gela txiki batean kabituko lirateke. Litekeena da ez izatea jende bereziki prestigioduna inongo alorretan, ezta oso bizkorra ere. Hala ere, beste milaka lagun zaretenok, artalde akritiko batek bezala, agindua betetzen segitzen duzue, asterisko estupido hori erabiliz.

    Baina zergatik ote daude “emakume*” izeneko izaki bitxi horiek azpiratuta? Ba, hain juxtu, zeuok, LABeko burkideok esan duzue hor goian: SEXUAREN ARABERAKO LAN BANAKETA.

    Klaro, SEXUAREN ARABERAKO LAN BANAKETA feminista marxista betikoen, “klasikoen” ekarpena da.

    Sexuak ez dauka asteriskorik. Sexua egitate biologikoa da. Sexua binario garbia da. Eta gure espezieko emeak NESKAK ETA EMAKUMEAK dira, asteriskorik gabe. Eta esistitzen diren lesbiana eta bollera bakarrak NESKA ETA EMAKUME HOMOSEXUALAK DIRA.

    Ideologia posmolerdoei sartzen utziz, kontzeptuak nahasi eta arretu egiten zaizkigu, eta horrela ez dago kristorik ezer ulertuko duenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude