Pyrénées-Orientales-ek Katalunia izena nahi du deituran, eta euskaldunok? (1/2)

Pyrénées-Orientales-ek Katalunia izena nahi du deituran, eta euskaldunok? (1/2) –

Pyrénées-Orientales-ek Katalunia izena nahi du deituran, eta euskaldunok? (1/2)Frantziako estatuan dagoen Katalunia-ren partea kokatzen den Pyrénées-Orientales departamendua izena aldatzeko ahaleginetan ari da, badirudi gainera ongi bideratuta dutela asmoa, orain arte emandako urratsak zentzu zuzenetik abiatu bait dira. Zein da kontua?

Udalen eta erregioaren erdian dagoen erakundea da Departamendua. Frantziako estatu osoa 27 erregioetan dago zatitua 2015. urtetik, horietarik 13 Frantzia Metropolitanoa deiturikoan daude, Korsika barne, gainerakoak itsasoz bestalde direlarik. Hauek zenbait departamentuetan zatitzen dira, erregioetako bat Okzitania da 13 departamentuz osaturik dagoena, horietatik bat Pyrenées-Orientales deituriko da.

Departamentu horren gehiengoa Katalunia da, katalanez mintzatzen diren eskualdeak bertan kokatuta bait daude, hala ere departamendu barnean frantsesez mintzatzen den Fenolleda aldea ere sartzen da. Muga du frantsesez mintzatzen diren Aude (iparrera) eta Airège (mendebalera) departamenduekin eta hegotik katalaneraz mintzo diren Andorra eta Gironarekin (Katalunia, Espainiako estatuan). Bere jentilizioa Kataluniarrak izan da eta, baita ere roussilontarrak, lehenago departamentu horrek zuen izenetik, Roussillon-etik, deribatua.

Beti izan dute auzia izenarekin, aspalditik dator liskarra, 1969an erregioari Okzitania deitura eman zietenean, beraiek Okzitania-Katalunia izan behar zela aldarrikatu zuten inongo erantzunik jaso gabe. Oraingo mugimendua, badirudi Paris-tik urruntzeko baino gehiago Toulouse-tik alderatzeko ahaleginetan sortu dela.

Aldaketarako duten arrazoietatik bat da gaurko deiturak departamenduaren izen erreala urardotu egiten duela, identitatea galduaz. Baina Frantzian azken hitza Estatu Kontseiluak du, eta ondoren gainera Errepublikako Presidenteak berretsi beharko duenez, argudio praktikoagoak garatu beharrean aurkitzen dira.

Kontua izanik errepublikako historian zazpi izen aldaketa onartu direla bakarrik eta ikusirik zer motibogatik onartu diren, argudioa ezin da estetikoa edo identitarioa izan, aldaketari eskatuko zaiona da oraingo deitura horrek sortzen dituen zuzengabekeria edo desberdinkeriak eragindako kaltea saihestea, bestela aukera asko ditu aurrera ez egiteko.

Beraz, indarra jarri beharko gaurko izenak sortzen dizkien kalte diskriminatzaileak frogatzen, oraingo izen horrek zergatik gutxiesten duen departamendua ongi argudiatzen. Logika hori ulertzeko nahikoa da eman diren zazpi izen aldaketaren motiboekin konturatzea, beheko zerrendak laguntzen du esandako hau ulertzen. Hemen eman diren aldaketen zerrenda osoa, lehengo izena eta aldaketa ondorengoa:

1791: Mayenne et Loire bihurtu zen Maine et Loire
1941: Charente-Inférieure bihurtu zen Charente-Maritime
1955: Seine-Inférieure bihurtu zen Sena Maritime
1957: Loire-Inférieure bihurtu zen Loire-Atlantique
1969: Basses-Pyrénées bihurtu zen Pyrénées-Atlantiques
1970: Basses-Alpes bihurtu zen Alpes de Haute-Provence
1990: Côtes-du-Nord bihurtu zen Côtes-d’Armor

Onartutako aldaketen argudio gehienak geografikoak dira, baxu hitzak goi hitzarekin konparatuta desberdinkeria suposatzen duela onartu izan da, eta zati geografikoa (iparrekoa) dela esateak ere berdin. Horregatik, Pyrénées-Orientales departamenduan indarra jarri dute deiturak daraman ekialde kontzeptuan, determinazio geografiko horrek sortu dezakeen kalteetan, gutxiesteko motiboetan.

Departamenduko buruak aldaketaren alde nabaritu dira eta biztanleria ere horretan dago. France Bleu Roselló-k izen berria zein izan daitekeen galdetu du bere sare sozialetan urtarril honen 10 eta 15a artean, 17.000 erantzun jasoaz emaitza hauekin: %56ak Pays Catalan izenaren alde egin du, %18ak Pyrénées-Orientales oraingo izena mantentzearen alde, %17ak Pirénées Catalanes, %6ak Pyrénées-Méditerranée eta %1ek Pays Catalan-Fenouillèdes proposatu du.

Hermeline Malherbe-k departamenduko presidenteak, adierazi du 2024 urte honetan bertan proposatuko zaiola Estatu Kontseiluari aldaketaren eskaera, izen bakarra aurkeztuz.

Otsail honetan hasiko ei dira zehazten herritarrei egingo zaien galdeketaren nondik norakoak eta aurkeztuko zaien deiturak. Horretarako lantalde bat osatuko da zuzenbidean, ikerketan, kulturan eta hizkuntzan erreferenteak diren eta merkataritza kameretako (ofizio, merkatari, industria eta nekazaritza alorretakoak) zenbait adituekin.

Maiatz ekainerako beren lana amaituta edukitzea aurreikusten da, deitura aldaketaren kostua eta hautatutako izenekin garatutako txostenak zehaztuko ditu lantalde honek emaitzak.

Irailean egingo da galdeketa seguru aski, lehenago departamenduak egin beharko du kanpaina, prozesuaren nondik norakoa zabalduz biztanlego osoari. Ondoren, txostena gertatu eta abendurako Estatu Kontseiluari aurkeztea aurreikusten da.

Komentario bitxi gisa, zalantza hau ere zabaldu da, izen aldaketak departamendua definitzeko zenbakia ere aldatzea eskatuko du? Ezetz dirudi, 66ari eutsiko diotela ematen du. Hala ere jakin behar da departamenduek zehazten dituen zenbakia, esaterako autoen matrikula, posta edo ISO barne kodea, Frantzia osoko departamenduak ordena alfabetikoan ipiniaz eman zirela, horrela 64 Pyrénées-Atlantiques, 65 Hautes-Pyrénées edo 66 Pyrénées-Orientales dira. Izen berriarekin ez dagokioke postu hori zerrenda alfabetikoan, baina seguruenik ez dute aldatuko.

Pyrénées-Orientales-ek aurkeztuko dituzten motiboak onartuko balituzkete Baskonia Iparra Biarnorekin batera kokatzen den departamenduak argudio berdintsuak erabili ahal izango lituzke aldaketa proposatzeko?

Pyrénées-Orientales-ek Katalunia izena nahi du deituran, eta euskaldunok? (1/2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude