Parisen txalaparta hotsak
Euskal Herriak ez du ilustraziorik izan, torturatzaile ilustratu anitz izan dituen arren. Ez, Euskal Herriak ez du arrazoi unibertsalaren argitan zipriztintzerik izan. Argien hiri, maitasun globalizatuaren nazioarteko ikur, selfie transnazionalen kateatze-zubi. Paris. 1968ko maiatz bukatugabe hartan galtzada-harriak hegan ikusi zituena, Aljeriar herriaren askatasun egarria odolusten ikusi zuena. Paris. Gillotina, kapusaia eta borrero artean demokraziaren zintzurra aho biko labana dela erakutsi zigun betiereko hiria.
Parisen itotzen dira mediterraneoa hil ala bizi zeharkatu duten amets errariak. Bertan itzaltzen dira amets europarraren itxaropen sinesbera zurrungatu duten arima beilarien gorpuak. Parisen idortzen dira, halaber, mapa politikoetan tokirik ez duen herri ikusezin baten askatasun zainak; zarrapo, ziega eta epaitegi barrokoen distira dotorepean.
Gezur ugari daude eta egia ez da sekula bat bakarra. Paris ere ez da bakanago. Zertzelada lodiz adierazirik, bi Paris daude, bederen. Lur azalekoa, lilura lurtar ororen inbidia eta hipokrisiaren azal-azpiko kirastokia; museoa eta katakonba. Euskal herritar anitzek bigarrena dute ezagun, giza- iluntasunaren habia, umiliazioaren sehaska, tortura eta deshumanizazio eskola. Lokamuts beldurgarrien ohantze. Paris.
Oihu gor eta belarri entzungorren artean, bada, ordea, ezein harresik geldiarazi ezin duen txera. Ttan-ttakun, ttan-ttakun. Kolpeka, ahapeka, elkartasun ordainezinezko fereka lau haizeetara zabaltzen duen laztana. Ttan-ttakun, ttan-ttakun, xuxurlaka,ia gordeka, gatibu diren belarrien ernagarri den boz bisaiarik gabea; xuxurla eskuzabala, dotorea, bihotz-altxagarria. Paris.
Ttan-ttakun, Ttan-ttakun
gau eta egun
oihu galduen oihartzun,
ahots isilarazien
bozgorailu
arima bakartien zizelkari
oro xalo eta
xumetasun,
Euskal Herriaren
lagun
Michel Combes.