Paretak

Paretak

ParetakImajinazio urriko umea izan naiz eta pelikuletan ikusten nuena neure errealitatera ekartzen nuen, liburuak nork bere hizkuntzara ekartzen dituen bezala. Adibidez, Titanic ikusi nuenean gustuko neska neure osabak zeukan itsasontziaren brankan besarkatzen nuela irudikatzen nuen. Beste batean, The Burbs (No matarás… al vecino) pelikula ikusi nuen eta belarria paretan jartzen hasi nintzen, ondoko bizilagunak hiltzaileak zirelakoan. Egia esan, behin baino ez nuen bizilaguna aditu eta neure errealitatera egokitzeko joerari jarraikiz erabaki nuen ondoko bizilaguna Play Stationean jolasten ari zela, Pro Evolution Soccerean hain zuzen.

Orain hiru aste, ohean 24 Horaseko eztabaida erdi lo entzuten ari nintzela, bi ahots entzun nituen paretaren bestaldean. Oihuak eta negar-algarak tartekatzen zituzten. Emakume bat eta gizon bat ziruditen arren, Pedro Sánchez eta Albert Rivera entzuten nituen. Ez nituen oso ondo aditzen baina eztabaida bizian zeuden.

– Badakit beste batekin egon zarela. Geure lagun guztiek ikusi zaituzte.

Ernegatuta zirudien eta emakumeak negar egiten zuen. Zorura begira irudikatzen nuen etxean bilatzen zuen babesaren bila balego bezala.

– Ez duzu ulertzen, lagunak gara, besterik ez…

Aurreko astean, berriz ere ohean 24 Horaseko eztabaida erdi lo entzuten ari nintzela, plazer oihuek itzartu ninduten. Emakume baten auhenak eta ohe baten kirrinka entzuten nituen paretaren bestaldean. Bikotearen arrastorik ez zegoen. Maitalearena ere ez. Emakumeak plazerez oihuka jarraitzen zuen. Ez zen beste ahotsik entzuten eta orduan pentsatu nuen: agian bakarka ari da eta fantasia bukatzean konturatuko da bakarrik dagoela. Bat-batean Pedro Sánchez irudikatu nuen, triste, burumakur, Mariano Rajoy oraindik Espainiako presidentea dela jabetuta. Lagun bati kontatu nion eta erantzun zidan hobe nuela 24 horas berriz ere erdi lo ez ikustea.

PD: Argazkia hemendik atera dut

Paretak

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.