Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena

Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena

Xehetasunak Ez Dira Gauzarik InportanteenaJulian Barnes-en Esperimentua izeneko ipuin batean, narratzailearen osabak behin eta berriz azaltzen dio nola ezagutu zituen surrealista frantsesak Parisen, gazte zelarik egin zuen bidaia batean. Gaizki-ulertu linguistiko bati esker ezagutu omen zituen surrealistak, baina istorioa kontatzen dion bakoitzean, osabak xehetasun gehienak aldatzen ditu: bertsio batean, osaba egiazko argizaria saltzera joana zen Parisera, eta, halako batean, ostatu batean ezezagun batek –gerora bere burua idazle surrealista gisa aurkeztu zuen ezezagun batek, hain zuzen ere– zertan zebilen Frantzian galdetuta, osabaren arrapostua zera izan zen, je suis cire réaliste; hurrengo bertsioan, berriz, Parisko rally batean parte hartzeko asmoa zuen osabak, eta, besta batean ezezagun dotore bat –surrealista hau ere– hurbildu eta galdegin ziolarik zer dela eta zen etorria Parisera, osabak hauxe erantzun zion: je suis, Sire, rallyiste. Bertsio guzietan, ordea, Frantzian ibiltzeko osabak erabiltzen duen autoa Panhard bat da –auto polita eta dotorea, edo hala iduri du Interneten ikusi ditudan argazkietan–, eta narratzaileak bere buruari galdegiten dio detaile hori kontakizunaren bertsio guzietan agertzeak ea posibleago egiten duen egiazkoa izatea –benetan Panhard bat gidatu izana–, edo are argiago salatzen ote duen gezurrezkoa dela. Alegia, xehetasun gehienak etengabe aldatzen diren narrazio batean, detaile bat beti errepikatzeak fidagarriago egiten du detaile hori, edo susmagarriago?

Egun hauetan Euskal Herri osoan famatu den istorioan, berriz, xehetasun gehienak –guziak ez errateagatik– iduritsuak dira. Ana Morales izan zen lehena kontatzen: herrian barna pasieran zebilela, gizonkote gazte batek, euskaraz ba ote zekien galdegin ondotik, erran zion baztandarra zela baina Bilbo aldean ari zela lanean; zoritxarrez, egun hartan, Josebak –hala omen baitzuen izena– gauza guziak utziak zituen fabrikan, atzenduak, eta ez zuen Iruritara bueltatzeko manerarik; horregatik –gaineratzen zuen erdi negarrez–, zinez eskertuko lioke Anari, honek diru pixka bat utziko balio. Iruzurra –iruzurra baitzen– gaizki atera zitzaion gure Josebari, biktima izandako batek ezagutu baitzuen Ana engainatzen saiatzen ari zelarik. Honen bertsioan, istorioak baditu oraindik xehetasun errokanbolesko gehiago, baina orain ez da hori kontua. Kontua da harrezkeroztik Euskal Herrian barna gero eta jende gehiago hasi dela aitortzen gauza bera edo arras antzekoa –diferentzia da Nafarroan morroiak bizkaitarra dela erraten duela– gertatu zaiola berriki edo aspaldian: Twitterren, hala adierazi dute hainbatek; Deian, Juanjo Olasagarrek eman zuen bere bertsioa; eta, guatsap bidez, bere esperientzia kontatu dit lagun batek. Kasik erraten ahal da Joseba ez bada saiatu zuri ziria sartzen ez zarela inor Euskal Herrian.

Niri, beraz, ez zait gertatu; edo, bai, baina ez Joseba kanonikoarekin, japoniar exotiko batekin baizik: duela urte batzuk, neguan, lanetik etxera heldu nintzela, japoniar bat hurbildu eta –ingelesez– esplikatu zidan musika jotzera etorria zela, baina maleta guziak galduak zituela aireportuan; arreba bi egunen buruan ailegatuko zen, baina bitartean dirua behar zuen bi gau pentsio batean pasatzeko. Bi unetan banekien ziurtasun osoz gezurretan ari zela –ez nuen susmorik izan, ez nuen zalantzarik egin, nire senak bazekien–; lehendabizikoan, ingelesez arras ongi egiten nuela bota zidalarik, ordurako nire ingelesa franko herdoildua baitzegoen –kortesia horretarik haratagoko herdoilaz, erran nahi baita–; bigarrenean, euskara irakaslea nintzela azaldu ondotik, arreba Bilbora horregatik heldu zela erran zidalarik, euskal kulturan interesa zuelako –gainantzeztua iduritu zitzaidan, alferrikakoa, soberaxkoa–. Alta, gezurretan ari zela jakinda ere, dirua eman egin nion –diru nahikoa, zenbat izan zen orain erran nahi ez izateko–.

Taldean egotea –nik ere euskaldunen % 90ek sufritu duten iruzurra sufritu dut– eta aldi berean bazterrean –niri japoniar batekin gertatu zait, ez ustezko baztandar edo bizkaitar batekin– praktika handia eskatzen duen artea da. Nire kontsolamendu bakarra da etorkizuneko ikertzaileek –antropologo urbanoek, adibidez–, nire bertsioa aurkitutakoan, hiri kondairatzat joko dutela euskaldunaren narrazioa, Vladimir Propp-en metodologiarekin aztertzeko moduko talde fantasiatzat.

Halere, xehetasunak diferenteak izanda ere, ezaugarri bat konpartitzen dute bertsio guziek: Josebaren bertsioetan, euskaldunen arteko elkartasuna –gure baztandar / bizkaitarrak trebetasun handiz ustiatua–; japoniarrarena gehitzen badugu, estereotipoen indarra: euskaldun / japoniar zintzoaren irudiak badu bere pisua istorioan, eta behin baino gehiagotan nire buruari galdegin diot ea berdin jokatuko nuen bidera atera zitzaidan atzerritarra errumaniarra edo marokoarra izan balitz –eta egia aitortzeko, uste dut galdera, zoritxarrez eta nire lotsarako, neurri handi batean erretorikoa dela–. Bertsio guziek konpartitzen duten bertze ezaugarri bat da ustezko elkartasun hori edo ustezko zintzotasun hori faltsua dela, gezurra dela; beraz, akaso narrazio konplexuagoak behar ditugula, eta, akaso, engainatuak izan garelako, gu gaude posiziorik hoberenean kontakizun konplexuago hori osatzen hasteko.

Joan den igandean, elkarrizketa egin zioten Arnaldo Otegiri Espainiako telebista kate batean. Horregatik bakarrik hainbat tokitan iritzi emaile profesional eta amateur anitzek kazetaria iraindu dute, gogor iraindu ere. Urte luzeetan, mundua onen eta gaiztoen artean banatzen zuten istorioak ohikoak izan dira, eta iduri luke Espainia aldean batzuek, frankok, segur aski guk nahi baino gehiagok, orain mundua garaileen eta garaituen artean banatzen duten narrazioak nahi dituztela –narrazio horietan, adibidez, krimen anitz nabarmentzen ahal dira, seguruenik nabarmendu behar direlako; tortura hitza, aldiz, ez omen da kabitzen–. Bistan da, ordea, istorio konplexuagoak behar direla – xehetasun guzietan bat egin beharrik ez dutenak–, behar ditugula, eta gero eta argiago dago istorio horiek osatzekotan guk osatu behar ditugula. Hain zuzen ere –Sarrionandiaren hitzekin adierazteko–, lortu nahi ez genuen guzia lortu dugulako, narrazio konplexu horiek idazteko posiziorik hoberenean gaudelako.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena / Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena  / Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Xehetasunak Ez Dira Gauzarik Inportanteena”-ri buruz

  • Galdera bat: zelan esan/idatzi behar da?

    a) Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua

    ala

    b) Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan egon da oinarritua

    Izan ere, irudipena dut “zegoen” horretan gaztelania ezkutatzen dela.

    Eskerrik asko.

    • Santi Leone
      Santi Leoné 2016-04-26 21:17

      Esker mila zure iruzkinagatik. Esaldiak niri belarrian minik ematen ez didanez, nik baino gehiago dakien -eta nik baino belarri hobea duen- lagun bati eskatu diot laguntza. Erantzuna, behin-behinekoa bada ere, zera da: bigarren aukera -“egon da”- ongi dagoela, baina lehena ere bai: orainaldira pasatuz gero ongi dago, eta, hortaz, iraganalidan ere ontzat eman daiteke. Beraz, gaizki ez dagoelakoan, momentuz dagoen bezala utziko dut esalditxoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude