Palestinarren patu hitsaz

Palestinarren patu hitsaz –

Ikusten ari garen bonbardaketak eta setioa eta giza sufrimendua ikusirik, bihotzak diosku: amai bedi palestinarren genozidioa, aska bitza Hamasek bahituak eta su-etena dekreta bedi behingoz, eta Gazan, eta halaber Zisjordanian ere, gizaki moduan bizitzeko baldintza duinak ezar bitez, bi lur eremu guztiz populatu horiek israeldarrek erabat menderaturiko sagu kaiolak izateari utz diezaioten. Baina hotzean pentsaturik, buruarekin, eta munduko geopolitikari begira jarrita?

Palestinarren patu hitsaz

1948ko gerrarekin hasita -700.000 palestinar arabiar, iheslari bihurtuak-, eta 1967ko gerrarekin jarraiturik -Israelek AEBen laguntzarekin, arabiar estatu guztiak menderaturik-, eta harrezkeroko errepresalia etengabeen eta estatu-egituren bitartez -armada eta kolonoak nagusi direla!- palestinarrak erailtzen, iheslari bihurtzen, eta lurrak lapurtzen ari dira israeldarrak, israeldar hildako bakoitzeko hamar palestinar erailez. Duela ia bi mila urte erromatarrak izan ziren juduak iheslari bihurtu zituztenak; berriki naziak izan ziren sei milioi inguru erail zituztenak, eta orain israeldarrak dira palestinarrak zanpatzen eta diasporara behartzen ari direnak, anaia nagusi amerikanoaren babes osoarekin. Eta oraingoa, katearen beste begi bat da.

Ez dago erabat argiturik Hamaseko militanteen erasoa nolatan ez zuten lehenago geldiarazi -ez ote zuten baliatu nahi eraso ahalik eta handiena jotzeko aitzakia izateko?- eta, hasteko, balio izan die Mendebaldeko gobernuek behin eta berriz errepika dezaten Israelek eskubidea duela bere burua babesteko -ez dira ausartzen esaten, egiten ari diren basakeria egiteko ez dutela eskubiderik; bakarrik nazioarteko legedi humanitarioa bete behar dutela, baina betearaztea exijitzeko batere asmorik gabe-; eta, ikusten ari gara zer esan nahi duen Israelentzat bere burua defendatzea: ospitaleak, eskolak, meskitak eta bizitegi-eraikinak bonbardatzea, eta Gaza guztiz setiatzea.

Pentsatzen jarrita hotzean, gure inguruko estatu guztiak dira indarraren bitartez sortuak -Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania…; hori bai, hedabideak toki guztietara iristen ez ziren garaian-, eta Israel ere bortxaz ari da estatua finkatzen eta sendotzen. Eta Mendebaldeko gobernuak Israelgo estatuaren alde, AEB buru.

Israeldarrentzat Israelgo estatua demokratiko liberala da, eta palestinarrentzat estatu terrorista. Palestinar herriaren aurkako genozidioa guztiz bidegabea da noski, krudela, tragikoa; palestinarrek, baina, zer-nolako etorkizuna daukate beren lurrean? Honaino heldu diren bezala heldurik, ez ote dute iheslari bihurtu arte gaizki bizitzearena baino? Egun Palestinatik kanpo askoz palestinar gehiago daude beren lurrean baino, eta itxura guztien arabera, gero eta gehiago egongo dira.

Bi estaturen irtenbideak guztiz ezinezkoa dirudi. Afera hau inork baino hobeto ezagutzen zuen Edward W. Said palestinar-estatubatuarrak (1935-2003. Palestinako Kontseilu Nazionalekoa izan zen) Osloko akordioak (1993) jotzen zituen kausa palestinarra kausa galdua bihurtu izanaren erantzule. Ironikoki, Israel-AEBen aurka inguruko estatu arabiarrek militarki porrot erabatekoa izatean ernatu zen kausa palestinarraren esperantza Hego Afrikan eta Hego Ameriketan eta halaber Europan, Irlanda eta Euskal Herrian ere, antzeko askapen mugimenduak sortu zirelako eta haien barruan kokatzen zelako kausa palestinarra ere; baina Osloko akordioak sinatzean honako balorazioa egiten zuen Saidek:

Debo confesarles que desde que se anunciaron los acuerdos de Oslo entre Israel y la OLP y después se firmaron en otoño de 1993 he estado tratando de comprender cómo es posible que un pueblo y sus dirigentes renunciaran y se alejaran de la causa de Palestina, la cual como mínimo debía haber conseguido la recuperación de los territorios perdidos ante Israel en 1967, el final de la ocupación militar, de la anexión y de los asentamientos y, quizá lo más importante, el comienzo de un proceso de democracia real y de verdadera autodeterminación (recursos, fronteras, soberanía, repatriación y unidad del pueblo en su territorio). Esta causa también se manifestaba como parte de la lucha universal por la libertad y la igualdad. (Reflexiones sobre el exilio. 2013. 508-509).

Harrezkeroko hiru hamarkadetan gero eta kausa galduago bihurtu da Palestinarena. Ayestaran kazetariak egunotan esan bezala, bi estaturen kontua erabat utopikoa da, eta han dagoen estatu bakar burujabea Israel da. Inork pentsa ote lezake Palestina historikoaren lurrak (Eretz Israel, israeldarrentzat) hartuko lituzkeen Israelgo estatu bakarrak israeldar jatorrikoen eta palestinar jatorrikoen eskubideak berdin defendatu eta bermatuko lituzkeela?, eta, inork pentsa dezake, errealista izanik, AEBek eta Europar Batasuneko gobernuek ezer taxuzkorik egingo dutela bi estaturen proposamena hala gerta dadin?

Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, gaur egun eskuak lotuak ditu afera honetan -Hagako epaitegia Afrikako estatu pobreentzat bakarrik da nonbait!- batez ere AEBek Israeli ematen dioten erabateko laguntzagatik -demokratek bezala errepublikanoek, eta ikusten ari garen bezala, Joe Bidenek ez Donald Trumpek baino gutxiago, sentimentaltasun patetikoa gorabehera-; garrantzizkoenak estatu arabiarrak dira baina haietako agintariak, diru zikina bezain preziatua tarteko, Israel-AEBen nagusitasunera aski egokituak daude, Iran eta Hezbola eta Hamas salbu.

Senide musulmanen benetako laguntzarik gabe, Mendebaldeko gobernu eta herritarrengandik jaso dezaketen laguntza humanitarioa gorabehera -Europar Batasuneko gobernuek, onenean, AEBek baino humanitarioago jokatuko dute, hipokrisia handiz eta diru zerbait bideratuz, baina, funtsean, amerikanoen ildotik, hots, Eretz Israel edo Palestina historikoaren lur berreskuratuen gaineko Israelgo estatua babesten eta finkatzen-, itxura guztien arabera, ezin bizirik jarraituko dute palestinarrek Gazan eta Zisjordanian. Noiz arte?, guztiak iheslari bihurtu arte?

Palestinarren patu hitsaz Palestinarren patu hitsaz

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

7 pentsamendu “Palestinarren patu hitsaz”-ri buruz

  • Garbi asko azaltzen duzu nere iritzi apalean gaur egungo egoera, lojika erabiliaz eta kaleko edozeinek ulertzeko moduan.
    Dena oso konplexua da, pentsa, orain Erdoganen aldekoak dira gure solasa-poteoan tarteko hitzak.—Kurdistandarrak gogoan, nola ez….
    Tira beste 2 zurito, rueda bat eta urteko beltza, kopan mesedez…
    Mila esker benetan

  • Mikel Haranburu 2023-10-30 21:57

    Horixe aditzen da sarritan, hots, dena oso konplexua dela, baina, bestalde, uste dut guztiok ere ulertzen ahal dugula gauzak zertan diren, nahiz eta gauza guztiak ez dakizkigun…
    Gaur 96 urteko emakume xahar bat hil berri da, aurrekoan bi zakurrek eraso ziotena. Zakurrek egin dute hilketa, baina zakurren jabeari erailketa egoztziko zaio; Palestinako kasuari dagokoinez, beharbada AEBak izan beharko lirateke salaketen, protesten eta boikotaren helburu…

  • Mikel Haranburu 2023-10-30 22:17

    Bestela ere, konplexutasunak alde batera utzirik, zalantzan jartzekoa da Gazatik erasora atera ziren Hamas milizianoak, furgonetatan eta, beren kabuz eta Israeldarren despistea probestuta atera izana… Izan ere, orain badirudi Israelek, bonbak non botatzen dituzten ikusita, zehaz-mehatz dakiela, jakin, Hamas kideak non ezkutatzen diren, tunelak non dituzten, nor den adreilu bakoitzaren atzean mozorrotzen dena. Bai eta ospitale baten gainean eroritako bonba nondik atera zen ere. Horrenbesteko perizia, jakinduria, Hamasen tekniken ezagutza, nola den umeen atzean ezkutu hartzea, zibilak erabiltzea defentsarako… hain jantziak eta hain zehatzak izanik Israeldar armadakoak, nolatan ihes egin zien batailoi oso batek sarraskiak egitera, beren sudurren aurrean?
    Une horretan, eta soilik une horretan erlaxatu ziren begiraleak, munduko armada sofistikatuena omen den Israelenak? Orain hain dedikazio handiz gizaseme eta gizalabak etengabe erailtzen ari diren horiek? Sinesten zaila da… Gainera, munduko armada moderno eta sofistikatu horrek, hain modu efizientez erailtzen duena, ez ote egia, gerra guztietan hildako lehena, egia hiltzeko abilidade handiena ere izanen?
    Konplexua da dena, bai; eta, zenbat infiltratu du Israelek Hamasen, Palestinar mugimenduetan? Espainiak ETAn eta erakunde abertzaleetan izan bazituen, Katalunyako erakundeetan izan baditu, ez ote ditu Mosadek bere neska-mutilak Pasestinarren artean infiltraturik?
    Espekulazioak dira, jakina…

  • Estimatua Juan.

  • Neronen ustez gauzak ez dira konplexuak, ez dakit, hala ere konplexua euskaraz zer ote den. Nik badakit herri anitz bizi zirela Arabiarrek, herri inperialista faxista faxismoa ez zenean, eta turkiarrak, eta herri horiek guztiak suntsituak, eraikiak eta bukatuak direla. Ez daude jadanik historian, ez dira. Non ote daude Afganistango budistak? Turkian ez dago arrasto genetikorik turkiarra ez dena. Zer gertatu zen? Ongi ulertzeko, turkiarrak Altaitik heldu ziren. Kristauak Iraken, Egipton…, gehiengoa ziren. Siriako Errepublika, ez, Siriako Arabiar Errepublika, eta horrela errepublika Arabiar guztietan, kurduek Jaiotze agiririk ere ez dute, borrokatu dira faxismo islamiarraren kontra, berez islamiarra eta faxista sinonimoak dira, eta munduak ahaztu ditu. Hamas, erakunde faxista.Ikusi orain dela 40 urteko emakume palestinarrak. Non ote daude?

  • Mikel Haranburu 2023-11-10 13:27

    Batzuk, askotxo, Gazako eskonbroen azpian.

  • Nagore, Bordeleko lagun batek deitu dit esateko Mikelek eman dizun belarrondokoa handik entzun dutela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude