Palestina aurrera!

Palestina aurrera! –

1948ko Nakba (“hondamendia”) hartu ohi da abiapuntutzat, herri palestinarra desagerrarazteko eta Israelgo estatua sortzeko desjabetze eta garbiketa etnikoaren proiektua azaltzerakoan. Nakba aurreko hamarkadetan, ordea, Britainiarren Balfour-en Adierazpenak (1917) sionistei Palestinako lurretan kokatzeko “baimena” eman zien. Britainiar Inperioaren babesa berebizikoa izan zen kolonizazio sionistarentzat.. Areago, Nazio Batuen Erakunde sortu berriak, Palestinako lurren inguruan erabakirik hartzeko inolako zilegitasunik gabe, Israelgo estatu sortu berriaren nagusitasuna sendotu zuen.

Palestina aurrera!Ordutik, Israelgo estatuak uneoro izan du nazioarteko potentzia nagusien babesa. Intifadek (Palestinako herriaren altxamendu orokortuek) behartutako polarizazioaren ondorioz, “bake elkarrizketak” bideratu ziren. Osloko Akordioek amaitu zuten prozesua. Emaitzak, ordea, bakea baino sufrimendu handiagoa ekarri zuen palestinarrentzat:  lurraldeak gehiago zatitu ziren; Autoritate Palestinarra sortu zen, gehienetan Israelgo estatu-aparatuaren hedapenerako jardun duena; harresiak, checkpointak, biztanleria kontrolatzeko egiturak eta abar eraiki zituzten… Azken batean, bazterkeria, pobrezia eta etsipena areagotuko zituzten erabakiak eta inposaketak.

Ez dago Palestinara sartzerik, Israelen eskuetatik pasa barik. Batetik, Zisjordania, zatikatuta, Autoritate Palestinarrak Israelekiko duen kolaborazionismoaren menpe, guda demografikoaren etengabeko biktima, askatasunez mugitzeko ezinean. Bestetik, Gazako Zerrenda, blokeatuta, Hamas-ek 2007an hauteskundeak irabazi ostean zigor egoera iraunkorrean bizi izan dena, ateratzeko eta sartzeko baimenik gabe, Israelgo estatuaren erabateko kontrolaren menpe, ur eskasiaz, elektrizitatea egunean bi orduz, kaltetutako azpiegiturak… Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Palestinako mugetatik at erbestera bizitzera behartutakoek ere ziurgabetasunean oinarritutako bizitzak dituzte, Siria eta Libanoko kasuetan  bereziki.

Gaur egun, 5200 preso politiko palestinar daude kartzela sionistetan, 170 adin txikikoak. Horietako 1264 atxiloaldi administratibopean. Atxiloketa figura horren bitartez, palestinarrak bahitzen dituzte kartzela sionistetan, kargurik eta epaiketarik gabe, zehaztu gabeko denboraldi luzez. Eta ez da errepresio molde bakarra: palestinar oro izan daiteke eraila, edozein unetan, palestinarra izate hutsagatik, izan armadaren eskuetan, izan kolonoenetan.

Bestalde, garrantzitsua da argitzea, beste kolonialismo mota batzuekin alderatuta, kolonialismo sionista asentamenduetan oinarritutako kolonialismoa dela, eta lurraldea kontrolatzeko, palestinarrak beren herrietatik, hirietatik, laborantzarako lurretatik… bidaltzen eta desjabetzen dituztela, gero kolonoak biziko diren koloniak eraiki ditzaten. Eta ezin dira ahaztu beste hamaika jazarpen egoera: armada israeldarraren esku hartzeak auzo, herri eta etxe palestinarretan; armatutako kolonoen erasoak; Jerusalengo etxeetatik kanporatu dituzten milaka palestinar, gero kolonoek har ditzaten haien lekuak; kolonoen pogromak palestinarren aurka, “arabiarrak akabatu” deiadarka, Israelgo armadaren babespean…

Hori guztia ez litzateke posible potentzia inperialen eta Nazio Batuen Erakundearen laguntzarik gabe. Egun ere Estatu sionistak potentzia inperialista nagusien (AEB eta EB) konplizitate esplizitua du oraindik. Konplizitate horren isla dira Estatu sionistarekiko lankidetza militarrak, Israelgo industria militarraren finantzazioa ikerketa-proiektuak eta teknologiak salerosiz, normalizazio akordioak Arabiar Emirerri Batuekin, Bahreinekin, Sudanekin eta Marokorekin… Denek ala denek argi erakusten dute potentzia kolonial eta inperialistek normaltzat, onuragarritzat eta, are gehiago, beharrezkotzat dituztela estatu kolonial eta kriminal batekiko harremanak. Europar Batasunak eta bere aliatuek, Israelgo estatuak martxan jarritako genozidio eta garbiketa etnikoa publikoki babestu dute. Bi parteen arteko laguntzarik agerikoena egun hauetan debekatzen ari diren elkartasun keinuetan daukagu: Alemanian eta Frantziar estatuan, ondorioz ipar Euskal Herrian ere, Palestinaren aldeko mobilizazio oro debekatu dute, Italian manifestazioak kolpez desegin dituzte, Erresuma Batuan Palestinako bandera debekatu dute eta hainbat pertsona atxilotu dituzte, Palestinaren aldeko antolakundeak debekatzen saiatzen ari dira, etab.

Kolonizazio sionistaren eta bere konplizeen historiaren aurrean, palestinar herriaren erresistentzia gailendu nahi dugu, lehenik britainiar kolonizazioaren eta mugimendu sionistaren hastapenen aurkakoa (1936-1939 matxinada), eta ondoren, kolonizazio sionistaren eta inperialismoaren aurkakoa. Palestinarren erresistentzia hainbat modutan garatu da: izan borroka armatuaz, izan kartzeletakoaz, herri antolakuntza eta desobedientziaz… Herri palestinarra ez da izan eta ez da biktima bat, ekiteko gai ez dena; hamarkadetan zehar egindako borrokaren eta duintasunaren eredua da.

Ezinbestekoa da, beraz, egun gertatzen ari dena aztertzeko testuingurua kontuan hartzea eta ulertzea; hau da, argi izatea potentzia kolonial baten aurka ari den herri baten askapen borroka dela, eta inperialismo estatubatuarrak eta bere aliatuak ardura zuzena dutela horretan. Horrek esan nahi du herri palestinarrarekiko elkartasuna adierazi behar dugula, kolonizazio sionistari aurre egiteko edozein borroka molde erabiltzen duela ere. Beharrezkoa da diskurtso eurozentristetatik eta paternalistetatik aldentzea herri palestinarrak eraso sionistei indarrez erantzuten dion bakoitzean, larunbateko ofentsiba militarraz geroztik, areagotu egin direnak. Diskurtso horiek argi adierazten dute palestinarrek ezin dutela sekula indarrez erantzun, baldin eta nazioarteko komunitatearen elkartasuna jaso nahi badute. Ustezko elkartasun selektibo mota horiek kolonizazio israeldarraren defentsa hutsak dira. Herri palestinarrari hamarkada luzez urratu dizkiote giza eskubideak, krimenek ez dute etenik, eta hala ere, hamarkadetan borrokari eutsi dion herria da, nazioarteko babesik handiena jaso duen kolonizazio krudelenetako baten aurrean eutsi duen herria.

Euskal Herrian ere horrelako posizioak ikusi ditugu egunotako gertakarien aurrean. Eta askotariko posizio horiek aise gelditzen dira agerian, historiari eta egungo egoerari begirada azkar bat botata. Askapenan argi dugu egunotan inoiz baino gehiago erakutsi behar dela elkartasun irmoa herri palestinarraren kolonizazioaren aurkako borrokarekiko, eta presio egin behar dugula Euskal Herritik eta Europatik garatzen diren konplizitateak eteteko. Une honetan oso larriak iruditzen zaizkigu EH Bilduko eta ezker abertzaleko zenbait ordezkari politikoren adierazpen ofizialak. Herri palestinarra da bere burua nola defendatu behar duen erabaki behar duen bakarra, kolonizazioari nola aurre egin behar dion deliberatu behar duen bakarra. Guri dagokigunez, Palestinako herriari babes irmoa eta eraginkorra erakutsi, eta kolonizazioa sostengatzen duten konplizitate guztiak salatu behar ditugu; izan ere, horien erruz ari da Israelgo estatua zuzenean herri palestinarra sarraskitzen, nazioarteko komunitatearen oniritziarekin.

Bada garaia Palestinarekiko pisuzko konpromisoa hartzeko, sionismoarekiko konplizitatea eta ekidistantzia agertzen duten horiek ez daitezen nekerik gabe atera, kosturik gabe. Eta hamaika modu daude Palestinar herriari konpromisoz erantzuteko eta elkartasuna erakusteko: bai propaganda sionista eta bere aliatuak desegiteko modu sinbolikoenak (banderak kalera ateratzea, Palestinako herriaren aldeko deialdietara joatea), baina baita EHren eta sionismoaren arteko konplizitatea amaitzeko kanpaina zehatzak ere, ez baitira gutxi loturak: Eusko Jaurlaritzaren eta erakunde sionistaren arteko harremanak, EAJ-ren kolonizazio sionistaren aldeko mezuak, Ertzaintzaren nahiz Poliziaren entrenamenduak eta ekipazioa Israelen, CAF enpresaren tranbia eraikuntza, kolonien garraio-azpiegituren zati gisa, etab.

Behin eta berriro eusten diote ideia honi herri palestinarrak eta mundu osoko militanteek: herri palestinarraren borroka, kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka, munduko herri guztion borroka da. Eta Euskal Herrian ere horretan berresten gara: zuen borroka gure borroka da. Herri palestinarraren askapena, sionismoaren eta Ekialde Hurbileko inperialismoaren porrota, munduko herri guztiontzako albiste ona izango da. Palestinarrek egin bezala, guri ere antolakuntzan sakontzea dagokigu.

Elkartasun internazionalista antolatu!

Palestina aurrera! Palestina aurrera! Palestina aurrera!

9 pentsamendu “Palestina aurrera!”-ri buruz

  • Israelek egindako akatsak azpimarratu eta “Palestinar erresistentziak” egindako astakeriak goraipatzen dituzue. Betidanik parean arrapaturilo edozein hil dute, oraingoan milatik gora izan dira. Eta zuek erresistentziaren izenean txalokatu egiten dituzue, aldiz Isrelek gaizki egina mila aldiz errepikatu eta exajeratzen dezute. Berdin zaizue emakumea zaborraren pare izatea, baina hemendik hilabetera gure gizarte heteropatriarkal kapitalista honen aurka greba orokorra gogor babestuko dezute. Agur.

  • Animo Iker, “hatu anasa”
    Israelen tokian jarri Espainia eta Palestinaren tokian jarri euskaldunak, eta irakurri idatzi duzuna. Eta emakumea zaborraren pare izatea ez da palestinarren afera bat, Netanyahu duela ez asko atera zen esanez “emakumeak eskubideak dauzkaten animaliak” direla, eta gizarte judutarrean orohar bizi duten egoeraz gaindi zer esan komunitate ultraortodoxoetan bizi dutenaz… Beraz ez saldu demagogia merkerik, ez dizugu erosiko eta.
    Espainiak ilegalizazio garaian indar handiz posizionatu nahi izan zuen ideia bat izan zen “euskal” edo “abertzale” markoen bueltako guztia ETA zela. Israelek berdina egin nahi du, eta batzuk irentsi egin duzue. Palestina babestea ez da yihadismoa babestea, bere lurrean bizi nahi duen herri baten existitzeko eskubidea babestea da. Ez alderatu okupatua eta okupatzailea, Iker, justuki abertzaleok ez dugulako zabor hori irentsiko.
    Bidenabar, zoragarri atera zaizu Israel babestu eta era berean greba feminista kritikatzen bukatzea. Zorionak, shalom eta salam aleikun

  • Kasu honetan argi daukat, euskaldunak judutarrak direla eta palestinarrak espainiarrak, hauek ez baitute ametitzen besteek estatu bat eduki dezaten. Emakume judutarrak ez du inolako eskubide murrizketarik bere herrian, Gazako herrian, ordea, badakigu zer diren emakumeak Hamaseko talibanentzako: seksu gauza eta zamarako abereak.
    Palestinarrak arabeak dira, eta arabeek hamaika estatu dauzkate. Judutarrek bat bakarra, arabiarrek garbitu nahi dutena.

  • Israel sionisten proiektu politiko bat da, mendebaldeko herrialdeen laguntzaz eraikia, eta haiek euren estatu judutar esklusiboa eraiki nahi izan zuten tokian jendea bizi zen, Gontxal. Zure azken argudioak ez du justifikatzen milioika pertsona euren herritik bota eta sarraskitzea.
    Eta zure lehen arrazoia, palestinarrak direla beste estatu bat onartzen ez dutenak, ez zait erreala iruditzen. Palestinarrek, berez, ez dute estatu israeldarrik nahi, doike, nola ba? Duela 75 urte Palestina zena kanpoko jendez bete eta Israel deitu diote. Baina existitzen den indar harremanaz jakitun, eta eurek bizi duten egoera bizita, badakite negoziatu egin behar dela konponbide batera iristeko (Osloko akordioetatik hona ikus daiteke hori, eta Hamaseko buruzagiek ere badakite).
    Israeldarrek, ordea, etxeak bota dizkiete, euren etxeetatik bota eta kolonoak sartu dituzte, nekazaritza lurrak eta putzuak pozoitu, harresi barruetan itxi, euren lurra egunero-egunero kontrol itogarriez josi (eskolara, ospitalera, edozer gauza egitera joateko kontrolak), hiltzen dituzte, torturatu, espetxera, umiliatu… Zertarako? Alde egin dezaten.
    Bada ez, palestinarrek ez dute haien lurra utziko, Gazan dena ematen ari diren osasun zerbitzuetako langileek gaixoak atzean utzi ez dituzten bezala. DUINTASUNA da hori, hizki larriz.
    Euskaldunak izanda enpatia apur bat espero zitekeen zuengandik, hamarkada guzti hauetan tamaina horretako zapalketa jasan duenarekiko. Baina ez. Herritar zibilak bonbardatu eta milaka lagun hil dituzte azken asteetan, herri bat sarrakitu dute azken hamarkadetan, eta zuek hemen, Israel babesten. Espero dut zuen garunetan alderrai dabiltzan bi neuronak kasualitatez topo egin, elkarrekin elkarrizketa bat izan eta zentzuzkoagoa den zer edo zer irakurtzea zuengandik. Shalom

  • Mikel Haranburu 2023-10-17 11:53

    Iker2, Israelek egindakoak ez dira inola ere akatsak; hai zuzen ere, Isrelek egindakoak nahita egindakoak dira, eta, “akatsa” egin izatekotan, beren ustez beharbada Palestinar guztiak kolpe batez akabatu ez izana izanen da. Kamera aurrean ematen dituzten iritziak hortik doaz, zeren eta Palestina (britainiarrek baimena eman bazieten ere) Jaungoikoak herri hautatuari doan emandako lurraldea baita, sionisten arabera.

  • Mikel Haranburu 2023-10-17 11:58

    Palestinarrek, Gontxal, ametitzen ez duten judutarren estatua, Palestina lapurtuan ez dute mahi; beharbada, zure aburuz, euskaldunak judutarrak baikara, Baztanen, edo Bardeetan, edo Zuberoan, eman dezakegu lurra judtarren beren estatua egin dezaten.
    (Zenbat irakurri behar dugun oraindik…!!)

  • Beñat Castorene 2023-10-17 17:21

    Zergatik kostatzen zaien anitzi Hamasen barrabaskeria (1.eusfemismoa) hori kritikatzea (2.eufemismoa)?
    Beldur naiz bat egiten dutelako judutarren alderako Hamasen herrarekin zeinak den mendrenako konpasioa kentzen dieten umeen aldera ere juduak diren ber.
    Baina hau ez da azken fineko esplikazioa zeren zergatik muturreko herra hori?
    Herra hori sendi da Zuzeuko artikulu batzutan baita judu frantsesen kontra Pariseko auzoetako eskoletan ere. Alta hauek ez dira Palestinako estatu izraeldarraren sortzearen erantzule alabaina!
    Ez naiz batere aditua politikan, baina iduritzen zait Izraeldarrek geratu eta ezeztatu egin behar lituzketela Cisjordaniako koloniak eta palestindarrek abandonatu juduak kalitzeko edo itsasoan itotzeko amets guziak. Orduan has litezke bi estatuak negoziatzen eta osatzen.
    Eta guk gure fautiletatik ez ginituzke hango basen pasioak kopiatu edo huiatu behar baizik eta ahal duguna egin haiek kalmatzeko
    Bestenaz buka daiteke gerla mundial batean edo soahren errepikatze batean. Ez balinba!

  • Mikel Haranburu 2023-10-17 19:42

    Beñat, onartzen dut posizio bat hartuz gero, ezein alderdiren alde eginez gero, zaila dela gero alde horretakoen barrabaskeriak kritikatzen ibiltzea, baina erraza dela aurkarienak deitoratzea. Halaxekoak gara, bestalde. Tira, kritika ditzakegu guztiak. Alabaina, nerau askotan atzera begira jarri beharrean, egindakoen balantzea egitera, aurrera begira jarri ohi naiz, eta egin eta egiten diren horiek aurrerakoan zer ondorio ekarriko duten gogoeta.
    Hots, Hamasek egindako erasoa guztiz arbuiagarria da, baina Israelek aurrera daraman sarraski kupidagabeak, zer ekarriko du? Barrabaskeria gehiago, hain segur.
    Ea terrorismoa den ala ez… gurean bezala, orain urte batzu… zer analisi eskasa, zer begirada motza, zer entelegatzeko ahalmen miserablea…? Hori galdetzen zion BBCko kazetariak Palestinar gonbidatuari, kazetari ona berak uste, ziurrenera, ongi hornitua diruz bestalde… ez al da kirol kazetari txarra eta ustela, fubol partidaren emaitza besterik ematen ez duena? “Bi eta huts”. Kitto. Ez al da, hortaz kazetari eskasa ea Hamas terrorista denentz besterik galdetzen ez dakiena? Non daude gatazkaren oinarriak, zergatiak, zer bilakabide izan duen… jakingarriak dira, jakin beharrekoak, azaldu beharrekoak.
    Hortaz, bai, Hamas kondenatu, terrorista da (kontzeptua bera da balio gabea; gaur Putinek Ukrainak bota misilak “terroristak” zirela zioen…); eta gero zer? Israel ere terrorista, biolentzia askoz ere handiagoa, suntsipen askoz ere basatiagoa, herra askoz ere sakonagoa (?), eta arerioa zeharo akabatzeko erabakia askoz ere sendoagoa baitu. Palestina estatu antolatua izatera, bere armada uniformedun eta arma modernoez hornitua -beste estatu errespetagarriei erositakoak, jakina-, hierarkia eskolatua eta beste izanez gero, eta Hamas armada hori izatera, gerra aipatuko genuke, eta ez “terrorismoa”. Gerra kondenatu, bai. Ederki. Bihar nola biziko dira, Ukrainarrak Ukrainan, eta Palestinarrak Palestinan?

  • Beñat Castorenerekin bat nator. Eta Iker2k esan dituen gauza askorekin baita ere.

    Eta zera gehitu nahi dut: munduko eskualde horretan dagoen.gorrotoa izugarria da. Beraien arteko herra ez dago neurtzerik.

    Israelen eta Palestinan jende jator eta bihotz onekoa dago, bi aldeetan denetarik dago.

    Inperioen interesen arteko borroka latz honen barnean, herri txikia gara era holako gudak handiegi geratzen zaizkigu.

    Beraz Israelen alde eta Palestinaren alde eta… aldi berean neutral izan beharko ginateke. Laguntza eskaini eta astakeriak salatu, “ekintza” nork egin duen galdetu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude