Pablo eta kazetaritza libre nahi ditugu #PabloAske

Pablo eta kazetaritza libre nahi ditugu –

Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren atxiloketa inkomunikatuaren eta espetxeratzearen aurrean, testu hau sinatzen dugun kazetari eta herri komunikabideok elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu Pablori eta haren senide, lagun eta kideei. Espetxeratzea bidegabea dela uste dugu, eta horregatik berehala aske uzteko eskatzen dugu.

Pablo eta kazetaritza libre nahi dituguGerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio-askatasuna urratuz. Zentzu horretan, kezkagarriak dira Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen Europar Batasunaren deriba autoritarioa, eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.

Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen du prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa. Lurralde honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte. Gainera, gaur egun, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta lege bidegabe horren bidez, testu hau sinatzen dugun hedabide eta kazetari askori isuna jarri digute edo jazarri gaituzte. Horregatik guztiagatik, ondo dakigu Pablo eta haren senideak sufritzen ari diren egoera oso latza eta makurra dela. Hori dela eta, Euskal Herriko, espainiar estatuko eta Europako erakundeei eta Pabloren askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu nahi diegu Pablo lehenbailehen etxera ekartzeko lanari ekin diezaiotela.

Askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, horretarako egiazko indarra jartzen denean. Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute. Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan.

Pablo askatu!

 

  • Ahotsa.info
  • Eguzki Irratia
  • Argia: Amaia Lekunberri, Axier Lopez, Lander Arbelaitz, Jon Torner, Xabier Letona, Jenofa Berhokoirigoin, Zigor Oleaga, Estitxu Eizagirre, Mikel Garcia, Pello Zubiria
  • Mediabask: Félix Thommen, Patrick Graciet, Ludivine Charniguet, Mikel Irastorza, Anaiz Aguirre, Willy Roux, Irati Esparza-Guimon, Claire Jomier, Goizeder Taberna
  • 97 irratia
  • Zintzilik irratia
  • Esan Erran irratia
  • Hala Bedi irratia
  • Aiaraldea Komunikabidea
  • Arabako ALEA: Anakoz Amenabar, Aritz Martinez de Luna, Erlantz Anda, Estitxu Ugarte, Mikel Buruaga
  • Txapa irratia
  • Antxeta irratia
  • ZuZeu orainkaria
  • Radio France: Oihana Larzabal, Bixente Vrignon, Iban Etxezaharreta
  • Euskal Irratiak: Arantxa Idieder, Kriztof Arotzarena, Ihintza Arrieta
  • Karlos Zurutuza
  • Menane Oxandabaratz (Herria astekaria)
  • Ane Zabala (BilboHiria irratia)
  • Euskalerria Irratiko kazetariak: Juan Kruz Lakasta Zubero, Haritz Pascual Garjon, Reyes Ilintxeta Jimenez, Pello Argiñarena Urriza, Iosu Ganuza García, Lohizune Amatria Zabalza

@freepablogonz

Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari

Egunkarietako zuzendariak Pablo Gonzalezen eskubideen alde

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Pablo eta kazetaritza libre nahi ditugu #PabloAske”-ri buruz