Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari

Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari –

Argia aldizkaritik jasoa.

Gonzalo Boye abokatuak Twitterren azaldu duenez, espioitza delitua leporatu diote Pablo González kazetari bizkaitarrari. Behin behinean kartzelan sartu dute. Otsailaren 28an atxilotu zuten, Ukrainako gerrari buruz informatzen ari zenean.

Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari
Pablo Gonzalez kazetaria, bere sare sozialetan igo zuen argazkian.

“Lau egunen ondoren, orain informatu gaitu Espainiak Polonian duen kontsulatuak Pablo Gonzálezi espioitza delitua leporatzen diotela, Poloniako Zigor Kodearen 130.1 artikuluan oinarrituta; eta behin behinean kartzelan sartu dutela Rzeswów-ko espetxean”, idatzi du Boyek Twitterren.

Kazetari bizkaitarra otsailaren 28an atxilotu zuten inkomunikatuta, Ukrainako gerra jarraitzen ari zela. Atxiloketaren arrazoiak ez dira argitu lau egun pasa arte. Boyek, Gonzálezen abokatuak, asteazken honetan eskatu zion Espainiak Polonian duen kontsulari babes diplomatikoa eskaintzeko eta ostegunean argitu da zein den egoera.

.

Bigarren atxiloketa otsailean

Ez da González aurtengo otsailean atxilotu duten lehen aldia izan: pasa den hilabetearen hasieran, Errusiaren inbasioa hasi aurretik Donbassen lanean ari zela, Ukrainako zerbitzu sekretuen deia jaso zuen, Kievera joateko eskatuz, galdeketa bat egin nahi ziotelako.

Público egunkariaren arabera, galdeketara sartu aurretik bere lagunei esan zien bi ordutan atera ez bazen, sare sozialetan abisua emateko atxilotu egin zutela. Eta hala egin zuten.

Kieven egindako galdeketa horretan “errusiazale” izatea leporatu zioten Ukrainako agenteek, baita Gara egunkariarentzat lan egin izana ere. Horren ondoren, Ukrainatik alde egitera “gonbidatu” zuten, Público-ren arabera.

.

CNIren bisitak

Zerbitzu sekretu ukrainarrekin izandako elkarrizketa horren ondoren, Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionala (CNI, gaztelaniazko sigletan) sartu zen jokoan: Gonzálezen senideen eta hurbilekoen etxeetan agertu ziren zerbitzu sekretu espainiarreko agenteak, hainbat galdera eginez: “errusiazalea” ote zen baieztatu nahi zutela dio Público-n Esther Rebollo kazetariak.

CNIren bisita jaso zuen pertsona batek egunkari horri azaldu zionez, “egoera surrealista” izan zen, agenteek azaldu zieten Gara-n lan egiteaz akusatu zutela González –haien arabera “ETAren aldeko hedabide bat, Errusiak subentzionatua”–, baita Errusiari informazioa pasatzeaz ere.

Gonzálezek bisita horien berri izan zuenean, Ukraina uztea erabaki zuen eta Euskal Herrira etorri zen. Zenbait egunez CNIren berririk ez zuen izan. Eta otsailaren 25ean, Errusiak Ukrainaren aurkako inbasioa hasi zuenean, Varsoviara bidaiatu zuen, handik Polonia eta Ukrainaren arteko mugara joateko. Gerrak eragindako migrazio-krisia jarraitzen ari zen atxilotu zutenean.

__________________________________

Info+ erredakzioa

Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Espioitza delitua leporatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrari”-ri buruz

  • Nik Pablori entzun dizkiosan elkarrzketak oso interesgarriak iruditu zaizkit, egira gerturatzen saiatzen dela. Ez dut gehiegi ezagutzen, baina pentsatzen duena esaten duelako molestatzen duela irudi zait. Ea azkar askatzen duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude