Itsasoak lapurtutako pribilegioak

Itsasoak lapurtutako pribilegioak – 

Duela hilabete pare bat itzultzaile lana hasi nuen. Bueno, egia esanda, zehazki zertan lan egiten dudan azaltzea “itzultzaile” bezala laburtzea baina zailxeagoa da, baina ideia bat egiteko balioko dizue. Kontua da egunero bost ordu igarotzen ditudala euskarazko komunikabideek ematen dituzten azken orduko berriak gaztelerara itzultzen eta duela bi hilabete, lanean hasi nintzenean, ez nuen sekula imajinatuko bost ordu horietako hitz errepikatuenak gerra, inbasioa eta errefuxiatuak izango zirenik. Azkar pasatzen ditut berriak, informatzearekin batera beldurra sartzen baitzait zainetatik barrena.

Behin hau dena azalduta, gauza bat azpimarratu nahi nuke haritik gehiago tira egin baino lehen: gerra gaitzesten dut, atzo, gaur eta beti, eta miresgarria iruditzen zait jendeak ukrainar errefuxiatuak beso zabalez hartzen dituela ikustea.

Orain, galderatxo bat luzatu nahi nizueke: zein koloretakoa izan behar du errefuxiatuaren ahotsak entzuna izateko?

Gaurko lanaldian ia bost kazetari zenbatu ditut Poloniako mugan Ukrainatik ahal duten moduan ihes egiten ari diren familien kontakizunak bildu nahian, banan-banan malkoz idatzitako istorio guztiak plazaratzeko helburuarekin. Ezbairik gabe, kazetarien lana sekulakoa izaten ari da hain nahasia izan den gatazka hau ulertarazteko eta halako sufrimendua eta noraeza duten pertsonen egoera salatzeko beraiek dira mediorik hoberena, oraingoan ikusten ari garen bezala. Baina, lekuko guzti horiek entzun ondoren, galdera hori etorri zait burura: zein koloretakoa izan behar du errefuxiatuaren ahotsak entzuna izan nahi badu? Laguntza jaso dezan?

Bai, oraingoa latza izaten ari da. Latza da milioi bat pertsonek beraien etxea uztea bonba hotsen artean eta hurrengo herrialdeko mugara iritsitakoan ezer gabe aurkitzea beraien burua. Baina ez da egoera berria. Eta gure komunikabideek, gobernuek eta bestelako instituzioek ez dizkigute modu berean helarazi beste koloretako ahots batzuk. Europar Batasunak ukrainarrei bertako edozein herrialdetan urte batez bizitzeko eta lan egiteko beharrezkoak diren erraztasunak emango omen dizkie. Gobernu guztiak errefuxiatuen etorrera prestatzen ari dira, sekula prestatu ez diren bezala. Beraz, zein ezaugarri izan behar ditu errefuxiatuak Europak inoiz ireki ez dituen ate eta legediak ireki ditzan?

Errefuxiatu baten edo bestearen egoera ez da inoiz hobea ala okerragoa. Biek etxea galdu dute: gerrak, goseak eta injustiziak etxerik gabe utzi dute errefuxiatua. Imajina ezin daitezkeen baldintzetan bidaiatzen dute, gazteek etorkizun

hobe baten bila, helduek haurren babes bila. Bakoitzak badu balizko arrazoi bat. Baina egunero mugen hesietan zintzilik dabiltzanak, Grezian hilabeteetan zehar hotzez eta gosez egoten direnak eta itsasoak eramaten dituztenak zergatik ez dituzte gure ateak irekita bilatu? Ez nekien mendebaldearen hipokresia honaino iristeko gai zenik. Eta honekin ez dut esan nahi ez geniekeenik ukrainarrei lagundu behar ezta gutxiagorik ere, jada prest daukat neguko arropez beteriko poltsa bat. Baina, zergatik batzuei bai eta besteei ez? Batzuen ihesaldia zilegiagoa da besteena baino? Batzuen gerra garrantzitsuagoa da besteena baino?

Ez dakit. Agian nire gogoetek ez dute zentzurik eta munduaren funtzionamendua halakoxea izanik, ez da sekula aldatuko. Nire hitzek ere ez dute aldatuko ez mundua ez errefuxiatuen gudua, baina agian norbaiti berdina pentsaraziko dio (honezkero pentsatu ez badu). Agian beranduegi da hamarkada eta mendeetan zehar hala funtzionatu duen sistema bat aldatu nahi izateko, baina gazteok ere ahotsak eta ahotsak entzunarazteko baliabideak ditugularik, salatu eta reflexionatu behintzat egin beharko genuke. Gudu bat batailatzen ari den edo gudu batetik ihesi dabilen edonork eduki beharko luke herrialde oso bat bere zain, ohe bat horretarako prestatutako instalazio batean eta bizitzeko eta lan egiteko eskubidea emango dion lege bat martxan. Baina ez, zenbaki txiki bat ongietorrita gustura gelditzen dira gobernuak, beste guztiak mugan botata utzita, eta gainera Vox-ena bezalako hitzaldi arriskutsuak baimentzen dituzte, errefuxiatuak kriminalizatu eta gutxiesten dituzten hitzaldiak.

Egun hauetan komunikabideak errefuxiatuen izenez bete dira. Begirada bakoitzak izen bat du, izen bakoitzak familia bat, familia bakoitzak istorio bat. Senarra gerran utzi duen eta bi umerekin bidaiatzen duen emakumea, gurasoak hegoaldean utzi dituena, beste herrialde batean duen familia edo lagunengana ihes egin duena, dena galdu eta ezer ez daukana. Hamaika dira, eta noski ahots guzti haiek merezi dutela entzuna izatea, noski istorio bakoitzez eraikitzen dela historia. Baina zer gertatzen da beste milaka eta milaka errefuxiaturekin? Haiek ez dute begirada, izen, familia edo istoriorik?

Itsasoak lapurtutako pribilegioak