Ostiral Santua
Ostiral Santua –
34 urtez eraman ondoan, otsailaren 10ean utzi du Sinn Feineko buru kargua Gerry Adamsek. Parada hautatu dut honen eta zendu berria den bere gudakide Martin McGuinessen ibilbideak aipatzeko. Hauen bien ikusmen eta heldutasun politikoa izan ez balira, Ipar Irlandako gerla zibila ez zen bukatu den molde negoziatuan akabatuko.
Helduden apirilaren 10an seguraski britainiar gobernuak ospatuko ditu “ostiral santuko” akordioaren 20 urteak. Belfast hirian izenpetua izan zen negoziazio ezinago dorpe eta luzeen ondotik. Ordu arte Europako konflikto politiko larriena kontsideratua zenari bukaeraren hastapen bat ekarri zion akordioak, bake iraunkor baten hastapenarekin. Alabainan, 29 urte luzez 3.500 hil eta kasik 50.000 kolpatu lerrokatu zituen “unionista” protestanteen eta errepublikar katolikoen artekoen guduak.
Sobera tronpatu gabe erran daiteke errepublikar alderdiko bi pertsonalitateek ahalbidetu zutela bakerako bide eta akordio hori: Gerry Adams eta Martin McGuinness. Iragan martxoan supituki zendua den azken honek ondorioz Ipar Irlandako lehen ministro-orde postua ere atxiki zuen, aintzin denek dakigularik “alta” IRA erakundeko goi kargu gorena ere asumitu zuela.
Estrategia aldaketa
Funtsean duela gutxi, Theresa May lehen ministro britainiarrak frango abilki laburbildu zuen McGuinnessen ibilbidea, azpimarratuz ez bazizkion bizitza horren lehen partekoari begiak itxi ere, ezin zuela ukatu zer nolako lehen planoko urratsak eman zituen bortizkeria alboratzen, molde horretan kontribuzio historikoa ekarriz Ipar Irlandari konflikto armatu politikotik bakerako bidean. “Sinn Fein-IRA” kasketa dobleari esker, Martin McGuinnessek aski autoritate ukan zuen mugimendu errepublikar osoa bake estrategian jartzeko, ofizialki bera izan zelako Sinn Fein alderdiaren negoziatzaile nagusia britainiar gobernuko hiru ordezkariekin. Negoziazio horien hastapeneko aktore edo bitartekari izan zen Alec Reid apeza geroztik Euskal Herrian ere aktibo izan da. Honek lehen negoziazio solasak izan zituen presondegian Gerry Adamsekin, paraleloki jadanik McGuinness negoziatzen ari zelarik IRAren izenean (!) gobernu britainiarrarekin.
1991an bi negoziazio “bide” horiek bat egin zuten eta hiru urteren buruan IRA erakundeak baldintzarik gabeko su etena aldarrikatu zuen.
Zergatik edo zeren truke bi buruzagi errepublikarrek aldatu zuten beren estrategia?
Pentsa daiteke nahizta IRA oraindik arras operatiboa izan, konturatu zirela epe labur, ertain edo luzean ere ezingo zutela beren helburu politikorik lortu estrategia berdina mantenduz, ikusiz ere unionistak sekulan baino gehiago Erresuma Batuari “lotuak” izaten segitzen zutela hauteskundeetan ere beraien emaitzak orekatuz.
Lehen negoziaketak hasi baino doi bat lehenago Londresek jakin izan zuen bere taktika eta estrategia aldatzen emeki-emeki. Errepresio huts eta askotan salbaiak lekua utzi zion egiteko molde eta hurbiltze politiko “subtilago eta finago” bati, Ipar Irlandako biztanleen autodeterminazio eskubidea ere aipatuz lehen aldikotz. Bi buruzagi errepublikarren arabera baldintza politiko minimoak jarriak ziren konpromiso bati buruz joateko. Memento berean IRAko gehiengoak ere azterketa berdina egin zuen pentsatuz bidea irekitzen zela Irlanda batu bati buruz joateko.
Irlanda bat ala bi?
Hainbat urteren buruan ez du kentzen batzuk oraindik dudakor eta kritiko ere agertzen direla errepublikanoen eremuan “Ostiral Santuko” akordioaren ondorioekin. Hauen arabera 20 urte eta gero IRA eta Sinn Feinen bi helburu nagusiak ez dira lortuak: Irlanda ez da batua eta soldadu britainiarrak oraindik Ipar Irlandan dira. Brexit dela eta haatik ikusi da ezinago argiki zer nolako garrantzia emaiten dioten “Ostiral Santuko” akordioari bai Londresek, Dublinek eta ere Ipar Irlandako alderdi politiko guztiek. Ipar Irlandaren estatuto politikoa ez da ahuntzaren putzaren parekoa: autonomia maila gorakoa da independentea izan gabe; beti britanikoa baina inolako begi bistako mugarik gabe Irlandako errepublikarekin, funtsean edozein Ipar Irlandarrek ahal dutelarik eskatu eta lortu irlandar nazionalitatea.
Hau guztia dela eta, 34 urtez Sinn Feineko buru izan ondoan, Gerry Adamsek bere lekua utzi dio aurten Mary Lou McDonaldi. Otsailaren 10ean iragan den kongresuan gauzatu da lekuko hartze hori. Europazale afirmatua da McDonald. Bruselan diputatu egona da 2004tik 2009rat eta gisa hortan Sinn Feineko lehen euro diputatua Errepublika irlandarraren izenean, irlandar guzien nazionalitate “doble” hori dela medio. Gisa berean 2011z geroztik Irlandako parlamentuan diputatu da Dublineko hautes eremuaren izenean.
Sinn Feineko lehendakaritzarako bere izena agertu delarik urtarrilaren 15ean, McDonaldek umore zerbaitekin azpimarratu du “Gerry Adamsen zapatak handiegiak dira agian neretzat, bainan berri ona da ibiltzeko nereak ekarri ditudala!”. Hala izan bedi.
…
Andde Sainte Marie – Enbata.info