Nork esan zuen etorkizunik ez dela?

Nork esan zuen etorkizunik ez dela? –

Jardunaldien egitaraua ausarta da, eta aldi berean, itxaropentsua. Gaurkotasun beteko gaiei aurre egitea proposatzen digu Askapenak datorren azaroaren 15 eta 16an. Zein da behetik eraikiko dugun Europa?

Nork esan zuen etorkizunik ez dela?Erasokorra, eta gaur egun bereziki ankerra den sistema kapitalistan harrapaturik gaude. Lehia gordinak bultzaturik, munduko hegemonia haginkadaka lehiatzen du; etorkizunerako natur baliabideak bermatzeaz itsuturik, gerrak bilakatu ditu elkarbizitzarako modu ironikoa. Testuinguru gogor eta higuingarri honetan bazter guztietan sortzen dira faxismoaren onddo pozoitsuak. Erronka erabakigarriak mahaigaineratzen dizkigun egoera delikatua: zer egingo dugu pentsamendu irekian eta bidezko banaketan oinarritzen den jendartea eraikitzen tematuak gaudenok?

Europar Batasunaren parte gara, bere sorreran konponbide gisa aurkertzu zigutena eta urteak igaro ahala arazo bilakatu dena. Nazio batzuk bertan sartzen saiatzen ari diren bitartean beste batzuk irteteko prestatzen ari dira. Desberdintasun zorrotzek eta sutsuki kapitalistak diren gobernuek zeharkatzen duten kontinentea, eta gaur gaurkoz, galdera mordo bat planteatzen duen Europar Batasuna. Gure herriaren garapenareko aukerak edo arriskuak aurkitzen ditugu bertan? Eraldatu behar da edo suntsitu?

Batzuetan axolagabe eta bestetan izuturik begiratzen diogu migrazioaren fenomenoari. Gotorleku menderaezinak bilakatu ditugu muga komunitarioak eta Mediterraneo itsasoa hilobi erraldoi. Gosearen eta inposaturiko gerretatik bizirik irtendakoak dira bidaia arriskutsu hauek abiatzen dituztenak; errefuxiatuak noraezean, biziraupenerako babesa soilik bilatzen dute gure artean. Izukaitz geratzen gara zorigaitz honen aurrean? Iristeko zortea izan dutenei apurrak eskeintzen ote dizkiegu? Edota behar den bezala hartatzearekin batera genozidio berri honen erantzuelak markatzen ditugu?

Euskal Herrian bizi gara, herri txiki zahar batean. Galdera guzti hauez kezkatua, eta, aldi berean, jazarria. Neurri batean, hondamen mundialaren konplize eta baita biktima ere. Geu ere neoliberalismo ekonomikoak zapaltzen gaitu eta inperialismo politikoak lotzen gaitu; biak ala biak beraien aginduetara makurtzera eta geure bereiztasun identitarioak ezabatzen tematuak. Zer egin? Etsipenean erori eta asimilatuak izan edo geure askatasuna erraztu dezakeen klase eta nazio kontzientzia bultzatu?

Katatrak (Iruñeko Kale Nagusian) izango da azaroaren 15 eta 16eko jardunaldiak egiteko aukeraturiko eskenatokia. Bertan, galdera ezberdinei erantzuna ematen saiatuko da eta lokazti honetatik ateratzeko bide berriak marraztuko dira. Alderatzeko ariketa eredugarri batean, Askapenak gonbidatu ezberdinak deitu ditu bakoitzak bere ikuspuntutik ekarpenak egin ditzan. EH Bildu, CUP edota Podemos alderdiak etorriko dira. Marco Santopadre italiarrak eta Nines Maestro borrokalariak faxismoari aurre egiteko zertzeladak eskeiniko dituzte. Luca Bardino italiar aktibista gazteak, Pastora Filigrana feminista eta Rom herriko abokatuak eta Trabajadoras No Domensticadas-eko kideek migrazioaren gatazkaren inguruko esperientziak ekarriko dituzte. Internazionalismoari dagokionez, bertaratzen direnek panarabismo, panafrikanismo, konfederalismo demokratiko eta integrazio latinoamerikarraren testigantzak jasoko dituzte, eta, noski, alternatiben bilaketan aberastu nahi duten parte hartzaileena ere bai.

Horrelako jardunaldiek etorkizuna hobea izan daitekeela sumatzera gonbidatzen gaituzte. Beste behin ere, Askapenak bere izenari ohore egiten dio; herrien askatasunean sutsuki inplikatua, horrenbeste aldiz ohiukaturiko aldarrikapena errealitate bilakatu nahi du: “hamaika herri, borroka bakarra”.

.

Jesus Valencia, internazionalista

Nork esan zuen etorkizunik ez dela?