[#Podcastfilia] Eta zu, zeren beldur zara?

[#Podcastfilia] Eta zu, zeren beldur zara? –

[#Podcastfilia] Eta zu, zeren beldur zara?

Sinpletasunaren aldeko aldarri batekin nator oraingoan: 10 things that scare me Podcasta gomendatu nahi dizuet, non pertsona baten hamar beldur zerrendatzen diren saio bakoitzean. Parte hartzailearen izena darama atal bakoitzak, azken finean, bereak baitira lehen pertsonan kontatuko dituen beldurrak. Izan daiteke publikoki ezaguna den norbait -Alex Blumberg podcastgilea, tarteko- edo ez. Mundu guztiak har dezake parte, zuk eta biok ere bai. 

Oso modu arinean entzuteko saioa da 10 things that scare me; 6 minutu inguru irauten dute kontaketek eta sinpleki azalduta daude. Hortaz, entzun ditzakezue 2 edo 20 jarraian, daukazuen denboraren arabera. Sinplea da saioa, ez ordea biluzia; grabazioak kalitate onekoak izateaz gain, beharrezko soinu eta musikez girotu dutelako. Gainera, kapitulu bakoitzean ahots ezberdin bat entzuteak balioa eransten dio. Errepara iezaiozue hizlariaren tonuari eta bere aldartearen berri izango duzue, edo bibrazioei adina intuitzeko, edo ahoskerari, jatorria bereizteko. Hitzez adierazten ez den informazio ugari eman diezaguke ahotsak bakarrik. Hala eta guztiz ere, batzuetan -pertsonaren arabera izaten da- eduki gehiago bota dut faltan, beldurretan gehiago sakontzea edo. Izan ere, iruditzen zait, bata bestearen segidan entzunez gero, zerrenda hutsak bihurtzeko arriskua dagoela eta hortaz, interesa galtzekoa.

Dena den, Podcast honen elementurik interesgarriena ariketa bera da. Alegia, gure beldurrak identifikatu eta zerrendatzea. Parte hartzera animatzen zaituztet, ni ere batu naiz eta zuen aurrean biluztuko naiz -hori ote beldurrik handiena?-: Hasteko, zomorroek beldurtzen nautela kontatuko dut, batez ere azkar mugitzen direnek. Paralizatu egiten naiz haien aurrean, harria nola. Ihes egiteko bulkada sentitzen dut, bestalde, zenbait gune masifikatuetan. Zutik ikusteko kontzertuetako aurrealdeak edota festa giroan leporaino beteta dauden txoznagune/tabernak aipatzen baditut, laguntzen al dizue nire beldurra identifikatzen? 

Argi gorria piztearen aukerak ere sortzen dit izerdi hotza. Ilara batean egon eta sarrera baliozkotzeko unea iritsi arteko tarteaz ari naiz, besteak beste -lotu dezakezue azterketa baten emaitza jakitear zauden unearekin, edota erosketa garrantzitsu bat ondo egin duzula baieztatu aurreko trantzearekin-. Ba al dakizue zertaz ari naizen? Zuek ere sentitu duzue inoiz? 

Soinu batek sor dezakeen tentsioan pentsatuz, hegazkinaren hotsak datozkit burura. Elizeek, motorrak, presioak, gurpilak lurraren kontra… babes gabe sentiarazten naute. 

Nire barrura begira, aitortuko dut besteen iritziak errespetu handia ematen didala -beharko lukeena baino handiagoa, askotan-. Horrekin lotuta, mikrofono aurrean astakeria bat esateak ere beldurtzen nau. Kanpoko elementuei begira, berriz, drogak izutzen nau, zentzu zabalenean. Ur sakonek ere bai, ezin ahaztu gabe kamioi bat aurreratzean sentitzen dudana. 

Bukatzeko, kapitalismo basatiaren hatzaparrak aipatuko ditut, askotan ikusezinak eta beti hain kaltegarriak. 

Interesgarria da zein ezberdin senti dezakegun oinarrizko emozio hau gorputz batean edo bestean, ezta? Baina, beldurrek ere elkartzen gaituzte, lagunok. Kulturak baldintzatuta beldur konpartituak eraiki ditugu, komunitate baten ezaugarri bereizgarriak izan daitezkeenak. 

Eta zu, zerk izutzen zaitu? 

Fitxa teknikoa:

Izenburua: 10 things that scare me 

Ekoizlea: WNYC Studios

Sinopsia: Saio bakoitzean pertsona baten 10 beldur zerrendatuko dira, denak ala denak lehen pertsonan kontatuta. 

 

 

[#Podcastfilia] Eta zu, zeren beldur zara?

[#Podcastfilia] Eta zu, zeren beldur zara?

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.