Niemeyer arkitektoaren Asturiaseko eraikina itxi egin dute, kulturarentzako dirurik ez dagoelako

Nazioarteko arkitekto ezagun Oscar Niemeyer brasildarrak Avilesen (Asturias) sortu zuen eraikin modernoak ere ezingo dio krisiari eutsi. Niemeyer Zentroak ez du aurrerantzean programaziorik izango; urtebete ere ez da igaro inaugurazio ofiziala izan zuenetik.

Arkitekto handietan handiena da Oscar Niemeyer (Rio Janeiro, 1907). Bera da UNESCO saria izanik bizirik den arkitekto bakarra. Besteak beste, Brasiliako Katedral berezia da bere sorkuntzetako bat. Bihurduretan oinarritutako arkitektura da Niemeyerren lanen muina.

Izen handiak, ordea, ez dio balio izan bere azken obretako bat martxan mantentzeko. Oscar Niemeyer International Cultural Center izenpean Avilesen eraikina proiektatu zuen arkitektoak. 2008an lanak hasi eta aurtengo martxoan ireki zuten eraikina. Baina, tirabira politikoak sustatutakoa krisiak lurperatu du, alegia, programazioa eten berri du Niemeyer Fundazioak.

Avileseko ibaiaren ertz batean sortu zuten Asturiaseko kultura sorleku izan behar zuen gunea: “Gizadiarentzako plaza irekia, hezkuntza, kultura eta bakea”, definitu zuen Niemeyer berak.  Hilabete gutxian 250.000 sarrera saldu zituen zentroak eta Kevin Spacey, Paulo Coelho eta Woody Allen bezalako pertsonaiak izan zituen gonbidatu gisa bertan.

Ingurune industriala eraberritzeko ahalegin gisa abiatu zen proiektua, hein batean Guggenheim museoaren eredura. Zehazki, Guggenheim museo txikia sortzeko asmoa zuten behin Niemeyer Zentroa irekitakoan. Proiektu erraldoiak ibaialdeko industria sorkuntza kulturalarekin ordezkatu nahi zuen; egitasmo berritzaileen lehen urratsa, hauspoa behar zuen izan.

Baina, diru eta politika kontuak medio, eraikina kudeatzen zuen Fundazioarekin elkarlana eten du Asturiaseko Gobernuak. Zentroa mantentzearen alde lortutako 10.000 sinadurek ere ez dute ezertarako balio izan eta Alvarez Cascosoen gobernu berriak giltzarrapoa jarri dio eraikinari.

Orain, Niemeyer International Cultural Center izotz-mendi baten gainean ozeanora bota dute. Auskalo inork salbatuko duen inguruko ur eta sastrakek jan baino lehen. Beste behin, azpiegitura bikaina, baina kudeaketa negargarria. Oscar Niemeyerren 115 urtebetzearen bezperan, ikatza.

Niemeyer-en sorkuntzetako batzuk dira honakoak:

 

arkitektura, asturias, aviles, niemeyer

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude