New York Times (1911): “Euskaldunak, urteetan portutik igaro diren atzerritar arraroenak”
New York Times (1911): “Euskaldunak, urteetan portutik igaro diren atzerritar arraroenak”
Askatasunaren Estatuaren itzalpetik ehunka bapore igarotzen ziren XX. mendearen hastapenetan, etorkinez gainezka. Pobreek eta gaixoek Ellis Island-eko immigrazio ateko ikuskapena pasa behar zuten. Euskaldunek ere bai, “urteetan portu honetatik igaro diren atzerritar arraroenak”, 1911ren martxoaren 21eko New York Times-eko kronikaren arabera.
Basque language balks inspectors/ Immigration agents struggle in vain to make out a word of the ancient tongue/ Hours of delay caused (Euskarak inspektoreei aurka egin die/ Immigrazio agenteek alferrik egin dute borroka hizkuntza zaharra ulertzeko/ Ordutako atzerapena sortu du)
Milioika lagunek alde egin zuten kontinente zaharretik amerikar ametsaren bila. Horietako gehienek New Yorkerako bidea hartzen zuten, lanlekuan ezarri aurretik. Tartean euskaldun asko izan dira, artzain joandakoak. Gaur egun azkenetan da belaunaldi hau, Amerikanuak dokumentalak bikain erakutsi bezala. Baina, euskaldunen amerikartze behartua lehenago hasi zen.
1911koa da New York Timesek euskaldun etorkinei emandako zutabea. Kontatzen duenez, 150 euskaldun heldu ziren, 16 eta 20 arteko mutilak asko, dozena bat emakume “eta deigarriena dena: batere haurrik ez”. Ez ziren lehenbiziko euskaldunak, baina bai tamainan ugarienak. New York Timeseko kazetariak ez zekien euskaldun gehienak bizkaitarrak zirela. Markina, Ibarrangelu, Aulestia, Gernika, Ea, Lekeitio… Nafarrak ere bazeuden, Elizondotik eta Izabatik etorritakoak. Behe Nafarroako seme-alabak ziren gutxi batzuk, esaterako, Bankako Pierre Onharriet (24) edota Urepeleko Pierre Teruantene (18). Gipuzkoatik aipatzekoa da Franciso Iriberri (23) eta Graciana Iriberri (25) Hernaniko anai-arreben etorrera. Izan ere, nagusiki bakarka edo ezagunen artean egindako immigrazioa zen, senideak atzean utzirik. Boiserako bidaia hartu zuten gehienek.
Esan bezala, euskaldun guztiak elebakarrak eta analfabetoak ziren (hala ez balitz, erregistroko herrien izenak hobeto idatzita leudeke). Bidaiari talde osoaren izen-abizenak eta oinarrizko datuak eskuragarri daude sarean. Beheko irudian erakusten da 1911ko martxoaren 19an euskaldunak zekartzan baporeko bidaiarien erregistroa.
La Touraine lurrunontzi frantziarrean heldu ziren portura, igandearekin, Le Havre-New York linean, eta bertan jaitsi behar ziren. Aitzitik, arazoak izan zituzten. Immigrazio agenteek euskaldun taldeari galdera batzuk egin nahi zizkien, baina alferrik. Bi orduz atzeratu zen La Tourain itsasontziko 268 bidaiarien lehorreratzea. Agenteek ezin izan zuten frogatu ea euskaldunek Lan Kontratuaren Legea betetzen zuten; Ameriketara legez sartzeko ezinbesteko baldintza. Horregatik, gainontzeko bidaiaren itxaronaldia ez luzatzeko, euskaldunak Ellis Island-eko kontrolgunera eraman zituzten. Ez zuten irlan gizon-emakume arrotz horiek ulertuko zituenik aurkitu. Ez espainiarrek, ez frantziarrek, ez alemaniarrek ezta ingelesek ere. Inork ez zuen zipitzik ulertzen. Aurretik Ameriketan egonak ziren euskaldun apurrek ere ez zuten ingelesez piperrik ere ulertzen. Horrela ez zegoen lagun horiek identifikatzeko eta Ameriketara zertara zihoazen jakiteko modurik. Erregistrorik gabe, ezin zitzaien sartzen utzi.
“Immigrazio agenteak desesperatzen ari zirenean, euskaraz pixka bat zekien espainiar bat aurkitu zuten arte”. Azkenean gai izan ziren “urteetan portutik igaro diren arrotz arraroenen” berri izatea. Alegia, izen-abizenak, jaioterria, lanbidea, arraza, jatorrizko herriko kontaktu bat, helmuga, txartelaren eroslearen izena, gainean zeramaten dirua, AEBn egona zen aurretik, nor ikustera zihoan, osasun egoera, altuera, ile eta begien kolorea… eta harrigarrienak, ea poligamoak edo anarkistak ziren! Arrotz horiekin trabak traba, eta portuko kaosa pasata, hilabeteak zain egon ziren unea heldu zitzaien. “Gauarekin ziur asko talde osoari lehorreratzeko baimena emango diote”, amaitzen da kronika. Hortik aurrerakoek, beste istorio bat merezi dute.
“Nahiago edozein aurkakotasuni aurre egin askatasunari uko egin baino”
Euskaldunen talde zabalari buruzko gauza gehiago azaldu zituzten NYTen 1911ko martxoaren 21eko kronikan. Arreta deitu zien buruan zeramatzaten txapel edo bonet urdinek. “La Tourainen heldutako 150 euskaldunak lan gogorra egindakoak dirudite, eta badirudi ez direla oso hiztunak”, azaltzen du. “Asko idatzi da euskaldun jendeari eta hizkuntzari buruz”, dio kronikak, “euskaldun espainiarrak sinple, ausart eta jende independiente gisa deskribatzen dituzte, nahiago dutenak edozein aurkakotasuni aurre egin askatasunari uko egin baino. (…) Ez da [euskaldunak] menderatzeko gai izan den inbaditzailerik (..) Espainiarrak baina are harroagoak dira”. Eta, oraindik dirauten baieztapen topikoak ere 1911an bizi-bizirik: “Ezezaguna da euskaldunen eta euskararen jatorria”.
New York Times (1911): “Euskaldunak, urteetan
https://zuzeu.eus/euskal-herria/new-york-times-1875-euskaldunen-abegikortasunaz-etxean-bezala-sentitzeko-esanda-dena-egin-dutela-uste-dute/ portutik igaro diren atzerritar arraroenak”
https://zuzeu.eus/euskal-herria/new-york-times-1899-euskaldunei-buruz-askatasunaren-maitasun-kartsuagatik-dira-ezagunak/
https://zuzeu.eus/euskal-herria/new-york-times-1875-euskaldunen-abegikortasunaz-etxean-bezala-sentitzeko-esanda-dena-egin-dutela-uste-dute/
Aupa. Kontu honen berri eman zuten orain urte batzuk Berrian:
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2007-09-20/005/004/.htm
Eta Koldo Aldabek Sustatun:
http://sustatu.com/1190356062
Dena dela, pasadizo hunkigarria, gogoan hartzeko modukoa…
Ez da arraroa lehenagotik beste batzuek ere informazio iturri horretara jo izana. Hain da interesgarria horrelako istorioetan murgiltzea!! Mil esker, Menditarra.