Stari Most: Mostarreko zubi zaharra

stari most

Zubia da Mostarreko izarra. Historian, bi gizataldeak banatu dituen zubia: bosniar-kroziarrak (katolikoak) batetik, eta Bosniacs edo bosniakoak (musulmanak), bestetik. Biak ala biak eslabiarrak, hizkuntza berekoak eta ezaugarri fisikoetan ere ezberdintasunik ez dutenak. Beraz, bereizketa erlijiosoa baino ez da, nahiz eta hau ere zalantzan jartzea izan, asko eta asko, sinesgabeak baitira. Historiak eratu ditu bi identitate hauek. Autro-hungariar inperioak ekarri zuen katolizismoa lurralde hauetara eta Turkiako inperio Otomandarrak islama.


Zubiak baino harago bulebar batek bereizten ditu bi entitate hauek. Ekialdera daude musulmanak eta mendebaldera kroaziar katolikoak. Alde batean aurkituko ditugu kaleen izen kroaziarrak eta bestean bosniakoak. Bulebarrak ez du izenik, badaezpada ere.

Zubia. Bertako imaginarioan hurrendu baino bereiztu egin ditu bi taldeok nahiz eta zubiak elkartzeko sortu diren. Mostarreko zubia giza ankerkeriaren biktima izan zen 1993ko azaroaren 9an Hrvatsko Vijece Obraneko (HVO edo Kroaziar Defentsa Kontseilua) (1) kainoi bola batek bota zuen. Esan bezala zubiak elkartzeko sortu ziren, herriak, kulturak, tokiak, jendea batzeko. Eta Mostarrekoa sinbolo bat zen, sinbolo garrantzitsua bosniako-musulmanentzat. Begi bakarreko zubi erraldoi zaharra. Hori nahi izan zuten, sinbolo bat suntsitu. Baita lortu ere. Horretarako baitaude gizakiaren banitatea, handinahikeria, eta kroaziarren kainoikadak.

Bere harriak Neretva ibaira jausi ziren. Denboraren poderioz hondar bihurtuko dira, naturaren zeinua baita, eta Adriatiko itsasoan inongo hondartzetan gizakiak beste modu batera gozatuko ditu zubi zahar historikoaren apurrak.

Egia da gerretan toki estrategikoekin akabatzea izaten dela lehen helburuetako bat eta funtzio hori betetzen dute zubiek. Mostarreko beste seiak ere bota zituzten. Baina hau estrategikoa baino sinbolikoa zen, bosniakoen auzoan baitzegoen eta bi herriak ez zituen bereizten berak, aipatutako bulebarrak baizik.

Baina Fenix hegaztia bezala bere errautsetatik birsortu da berriro. Beranduago etorri garenok gozatzeko parada izan dezagun. Stari Most (Zubi zaharra) berriro zutik dago, duela 500 urte turkiarrek eraikitakoa bezalakoa altxa dute, teknika berriekin haiei imitatuz. 2004ean berriro ireki zuten eta UNESCO izan zen lanen arduradun nagusia. Hortxe da zubi zaharra, berria dena. Zubi berria, zaharra dena. Beranduago iritsi garenok goza dezagun.

  1. HVO: Bosnia-Herzegovinako formazio militar kroaziarra izan zen, Bosniako Gerran borrokatu zena.

ALDERRAIA