Space Invaders

Bi urte badira gutxienez, ondorengo testu hau idatzi  nuela, baina bukatu gabe zegoenez, ez nuen argitaratzen. Hemen duzue azkenean (Gutxienez, Oierri zor niolako)

Ekaina bukaeran hasi nintzen hau idazten, baina gero zezenen aurrean korrika zihoazenen oinpean eta jazz noten artean ahantzi nuen. Santaneroak egunkarian ikusi ondoren akordatu naiz bukatu gabe neukala.

Twitterrean saltseatzen nenbilela, Donostiako alkate berriak San Joan bezperan dantza egin zuela zioten komentario batzuetan Mikel Larreategik Espace Invadersak aipatu zituen. Kuriositatea sortu zidan, ni bertan izan ez banintzan ere, neure burua  ikusi bainuen komentario hartan; Eta nola ez, neure lankideak komentario horiekin argitaratutako argazkian. Hariari tira apur bat egin eta Oier Araolazaren bi sarrera hauek aurkitu nituen:

space-invaders

space-invaders-ii

KUTXA fototeka

 

Oierrek dantza saioaren erdian sartzen diren argazkilari eta TB kameralariei deitzen die Space Invaders. Bi aldetatik gaitzesten du, ikuslearen aurrean jarri eta ikustea zailtzen dugunona batetik eta dantza edo ikuskizunari errespetua galdu eta erdi-erditik pasatzen garen grafikoen arazoa bestetik. Nik biak desberdindu egingo nituzke, bietan gure aldetik jarrera hori izateren arrazoia bera izan badaiteke ere.

Nik ulertzen dut ikuslea amorratzea tokia hartzeko goiz mugitu eta aurrean argazkilari bat jartzen bazaio, baina askotan antolatzaile edo dena delakoek esaten/baimentzen digute bertan egoteko aukera/beharra, beste batzuetan gu geu gara lehenagotik bertan egon eta ikuslea, ikuslea delako, guk traba egiten diogula esaten duena; baina grafikoak ere berandu iritsi eta inori ezer esan edo galdetu gabe bertan jartzen gara batzuetan, eskubide osoa dugulakoan.

Aipatutako bigarren kasua, ikuskizun edo ekitaldiari berari errespetua galdu eta erdi erdian jartzen garenean gertatzen da, ekitaldia bera oztopatuz askotan. Hau beste arazo bat da, hau ez da azokan “kolatzen” direnena bezala.

Nik esango nuke ez direla berdinak ekitaldi guziak, momentu guziak eta leku guziak, baina ni  kezkatzen nauena jarrera horren atzean dagoen zioa da. Grafikoak ere ez dira denak berdinak, TB kamerak edo bideoak daude alde batetik, sekuentziak grabatzen dituztenak, eta argazki kamerak bestetik, instanteak erretratatzen dituztenak, baita eta helburu desberdinak dituztenak ere: partikularrak, argazki dendak, prentsa… eta kamera daramagun pertsonak ere ez gara berdinak eta ez dugu beti berdin jokatzen, baina egia da errespetua askotan etxean ahanzten dugula.

Nik, barkatuko didazue, baina nire taldekoengan bakarrik jarri nahi dut begia: prentsa argazkilariengan, beste ezeren gainetik blog hau ofizioari buruz galderak egin eta kezkak plazaratzeko tokia baitut.

Zergatik egiten dugu hori?

Ezin dut besteengatik erantzun, baina gure arteko hizketaldietatik sumatu dudanez, ez daukagu batere argi zein den gure eginkizuna (edo agian ni naiz oraindik gure funtzioaz jabetu ez dena). Badago neurri batean, gure lana, dagoen gauzarik garrantzitsuena denaren uste antzeko bat, edonon, edonoiz, edonola egoteko eskubidea ematen diguna, gura dugun irudia lortzeko. Ulertu beharra dugu kalean gertatuagatik, dena ez dela berdin, eta ez dela gauza bera gertakari bat,  manifa, istripu, istilu edo lapurreta bat, eta antolatutako ikuskizun bat, dantza saio edo antzerki bat (happening eta performance).

Beste alde batetik, irudiaren aroan bizi garen honetan, irudia bilatzen dugu eta egunkari eta aldizkariak azkar irenstekoak bihurtu direnez, argazkiak erraza, zuzena, garbia…eta batez ere polita izan behar duela sinetsi dugu edo sinestarazi digute; Ordizian urtero, urtean ezkondu direnek dantza egiten dutela ikusle andanaren aurrean…ba argazkian dantzariak aurretik, argi eta postura estetikoki atsegin batean erakutsi behar ditugu, ahal bada bikote “guapo” bat; eta horretarako erdi erdian jartzea besterik ez zaigu geratzen, bestela jendea ikusiko baita edo dantzariak bizkarrez edo…

Argazkiak ateratzera noan aldi guzietan beste galdera askoren artean hurrengoa egiten diot nere buruari: Nik, hemen, zer pintatzen dut? Zertara etorri naiz?

Argazkiak ateratzera joaten garela barneratu dugu, baina nik uste ez lukeela horrela izan behar. Zerbait kontatzera joaten gara. Norbaitek (gehienetan gu ez garen besteren batek) kontatzea merezi duela iruditu zaion zerbait argazki bidez kontatzera, eta testu batez lagunduta joango dela jakinik, argazkiek zer kontatu dezaketen pentsatu beharko genuke: Zer nolako argazkiak egin daitezken eta batez ere zergatik. Baina noski, horrek lana asko zailtzen du eta ultzera izugarri handitu, lanak inplikatzea eskatuko ligukeelako, denbora gehiago bertan egon, pentsatu eta atera dugun argazkia defendatu, askotan, testua idazteagatik dena berea dela uste duen horrek (sarritan hala sinestarazi diotelako; denok ikasi dugu gehiegi gure aurrekoengandik) “beste zerbait” eskatuko duelako; bere testua berrezten duen eta orrialdea txukun egiten duen irudi bat hain zuzen.

Gure funtzioa ez da ekitaldiaren erretrasmisioa egitea. Ezin dugu, ez baitugu sekuentziarik grabatzen, beraz pentsatu dezagun zer gehitu dezakegun eta utz dezagun alde batera testuak ilustratzeko ariketa soila, hori baino askoz gehiagorako balio baitu argazkiak.

 

 

Oraindik ez dut lortu irudi bakoitzaren azpian egilea jartzeko modu txukunik, baina lehena KUTXAren fototekatik hartutakoa da eta bigarrena Oierren blogetik. Azken honen egilea seguruenik Oier bera izango da.

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.