Neskato musulmanen begietatik
Musulmanenganako aurrejoerak ezbaian jarri nahi ditu “Tu momento (zure momentua)” izeneko film laburrak. Islam-a jarraitzen duen emakume gazte talde batek egina, topikoz eta errazkeriaz betea dago filma, horrela jokatzen baitu gizarteak ere, aurreiritzien bidez. Zorionez, neskatoek umorez hartzen dute kontua.
Film laburrak bi atal ditu. Lehena, film mutu baten antzera eta zuribeltzean emana dago, aspaldikoa balitz legez; testua afixetan agertzen da gazteleraz -euskarara ekarri dugu-. Bertan, zapia buruan jantzi eta kalera irtenda, neskato musulmanek egunero-egunero pairatu behar izaten dituzten egoerak agertzen dira (mesfidantzak, ezin ikusiak, bazterketak eta salaketak…); bigarren atal koloretsu eta biziago batean, nolakoa nahi luketen mundua.
Bide batez, eta estereotipoak apurtze aldera, Islam-aren bost zutabe edo betebehar nagusiak ere azaltzen ditu (irudi bidez eta labur). Ezagutzen dituzu?
Fede-aitorpena: Allah da Jainko bakarra eta Mahoma da haren profeta.
Otoitza: Egunean bost aldiz, Mekara begira -ostirala dute egun sakratua-.
Limosna ematea: txiroei lagundu egin behar zaie.
Baraualdia: Ramadan-a (29 egunez eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte).
Erromesaldia: Bizitzan behin, Mekara.
Achime elkarteak egin du bideoa, bigarren belaunaldiz espainiar musulmanak diren neska gazteek 2012an Madrilen sortua. Elkarteak neskato musulmanek egunerokoan dituzten arazoei eta aurreiritziei aurre egiten laguntzea du helburu; formakuntza eta aisialdia dituzte lan esparru nagusiak.