Bilboren kontrako arrazismoa

Javier de Abdres

“El nacionalismo vasco es racista, porque encuentra incompatibilidades entre lo vasco y lo español”. Hala zioen Burgo(s)’ko Jaime Inaziok, UCDko diputatu napar ohiak, 1977 aldera, Gernikako Estatutuari esker, politikoki sortzen ari zen Euzkadirekiko ezkortasuna agertzeko. Napar “sasi-foruen” berrezartzeari segika, inkonpatibilitateak ikusten omen zituen Euzkadi eta Nafarroaren artean. Modu berdintsuan, UA-k, Arabako Alderdi ohiak, baterazintasunik ere zekusan Álava foral y española eta Euzkadiren artean. Gaur, UCD eta UA desagertuta, badugu oraindik inkonpatibilitate gehiago dakusanik.

Ander’ko Xabierrek, Arabako ahaldun nagusiak, abertzaleei egotzi die, bere alderdiko azken hitzaldi batean, EAE-ko hiriburua Bilbo izateko nahia, bai eta Arabak erkidegoan pisua galtzea. Arrazista bilakatu omen da, Bilboren kontrako arrazista.

Herri euskaldun ttipi batzuetan, oraindik deitzen zaie “trenak ekarritakoak” bertoko fabriketara lan bila etorri ziren proletario gajoei. Terminologia berdintsuan, “Bilbotik etorritakoak” dira abertzaleak Xabierrentzat (benetako maketoak). Eta proletarioek euskal industria altxatu zuten bezalaxe, Bilbotik etorritakoek ere Gasteizen jarri zuten erkidegoko hiriburua, bai eta Arabari 25 eserleku egotzi, populazio kontuak gogoan hartu barik. Eta bitartean, hori dena lortzen ari zela, PP, Alianza Popular (AP) alderdi atzerakoiaren hegalpean hazten ari zen oraindik, separatismoa deszentralizazio prozesu orotan ikusi behar zuena. Eta Nafarroako UCD-k bezala, AP ere separatista bihurtuko zen; separatista, hori bai, Araba/Nafarroa Euzkadirekiko, inoiz ez Euzkadi Espainiarekiko. Bigarrena, arrazismo; lehena, patriotismo. Gerora etorriko ziren PP eta UA, patriotismo gehiago egitera.

Gaur egun, Napar UCD gaurko UPNn bizi den moduan, UA eta AP Arabako PPn berpiztuak izan dira. Eta kaioek, Bizkaian zein Gipuzkoan apenas ezer irabazten dutenak, Araban taifa egin eta abertzaleak akabatzeko lubakia sortzen aritu dira. Araba (Jainkoak daki zertaz!) defendatzeko aitzakiarekin, Euskal Herria ahalik eta gehien fragmentatzea besterik ez dute nahi, AP/UCD/UAren garaitean bezalaxe: zenbat eta zatituago, ahulago; beraz, hobe.

Antza denez, abertzaletasuna ez omen da “euskaldunak zatitzen” duen ideologia bakarra…

 

abertzaletasuna, araba, arrazismoa, Bilbo, Bilboren, kontrako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude