Bera Bera beti galtzaile ETB-n

Titular deigarria jarri nahi izan diogu emakumezkoen kirolak prentsan jasotzen duen oihartzun eskasa salatzera datorren testuari. Erantzukizuna gizarteari dagokio, eta parekotasuna esparru guztietan gauzatze aldera egoera irauli nahi bada, arreta berezia jarri beharko zaio komunikabideek horretan izan dezaketen garrantziari.

bera beraBera Bera eskubaloi taldeko emakumeek kopako finala jokatu zuten atzo Rocasa Gran Canaria-ren aurka, eta bi luzapenen ostean, 20-19 galdu. Irabaziz gero bosgarren kopa luke Bera Berak, eta jarraian lortuko lukeen hirugarrena. Seguruenera, donostiar eskubaloi taldea da, goi mailakoen artean, euskal kirol talderik arrakastatsuena egun, Athletic edo Baskoniaren aurretik, bi kirol ezberdinetako talde handien adibideak jartzearren.

Finala eguerdian jokatu zuen Bera-Berak, eta ETBk partidaren berri eman zuen Gaur Egun albistegian. Kiroletan, Realak Sevillaren kontra jokatu berri zuen partida izan zuten mintzagai aurrena. Ligako partidu arrunta zen baina… a ze garaipena!

Futbolarekin jarraituta, Athletic eta Eibarrek jokatu beharreko partiden berri eman zuten gero. Jarraian Espainiako Ligako beste partida batzuk, galiziar derbya, Atletico Madrilen garaipena… Eta bigarren mailara salto eginda, Osasuna eta Alaves-en txanda heldu zen gero. Gizonezkoen kirolaz ari gara, jakina!

Emakumeen kirolaren txanda bukaera partean izan genuen, eta futbola nagusi hemen ere, Reala eta Athletic. Bera Berak jokatu berria zuen Kopako finala, albistegiko 46. minututik aurrera izan zuten hizpide (Nahieran duzue).

ETB-k futbola maite du beste ezeren gainetik, gizonezkoek jokatua bada hobe. BAT-en (Basque Team) iragarkiz josita dagoen telebista publikoan emakumeen kirolak porrot egiten du.

 

Emakumeen kirola prentsa idatzian
Kontua ez da berria. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kiroletako zuzendaritzak orain gutxi ezagutarazi duen txostenak 2013-2014 denboraldian emakumeen kirolak prentsan izan duen isla aztertzen du. “Emakumeen kirola prentsan. Azterketa”, deitzen den txosteneko datuak argigarriak dira oso: emakumeen kirolaz mintzo diren albisteak ez dira %5era heltzen!

Txostenak hamar egunkaritako kirol informazioa hartu du kontutan. Bi kirol egunkari (Mundo Deportivo eta Marca), eta zortzi informazio orokorrekoak (Berria, Deia, Diario de Noticias Alava, Diario Vasco, El Correo Alava, El Correo Bizkaia, Gara eta Noticias de Gipuzkoa).

iron maiderAzterketak tamalez jada ezagutzen genituen ezaugarri batzuk berretsi ditu ondorioetan: hedabideek emakumeen kirolari ematen dioten arreta “desegokia eta selektiboa” da. “Askotan, genero-mailako estereotipoak indartu eta emaitzak gutxiesten dira; eta gero eta nabariagoa da emakumeen gorputzaren merkantilizazioa, konnotazio sexualak medio”.

Emaitzak emaitza, emakumezkoen kirolak gizartearen aldetik duen jarraipen eskasari (ez delako erakargarria, ez duelako jakin-minik pizten…) egozten dio kirolzale askok prentsan ikusezinak izatea. Baina zein da lehena, arrautza ala oiloa? Txostenaren arabera, “emakumeen kirola hedabideetan kalitatez agertzea ezinbestekoa da babesak, ikusleak eta beste diru sarrera batzuk erakartzeko eta ikusgarritasun faltak errotik baldintzatzen du emakume kirolarien profesionalizazioa”.

Aipatutako azterketa “Kirolean Berdintasun Plana”-ren baitan egin du Gazteria eta Kiroletako zuzendaritzak.

“Azterketak 15.316 informazio” (edo albiste) zenbatu ditu gizonezkoen nahiz emakumezkoen kirolaz ari direnak, izan albiste, erreportaje zein elkarrizketa; eta horietatik, %91,44 gizonezkoen kirolari buruzkoak dira. Gainontzeko %8,56an emakumezkoen kirolak presentzia du, baina oso-osorik emakumeen kirolaz mintzo diren albisteak %4,96an gelditzen dira; ez dira %5era ere heltzen!

Emakumeen kirolari buruzko berrietan -guztira 1.280 informazio-, %73,5ean titularrean ageri dute emakumeen kirolaz mintzo direla, eta %40 inguru albiste laburrak dira; hirutik batek baino ez darama argazkia.

Albisteen ehunekoak alde batera utzita, emakumeen kirolak, ikusgarritasun eskasa izateaz gain, oso trataera ezberdina du prentsan, gizonezkoen kirolarekin alderatuta. Emakumeen kasuan, esaterako, “behin eta berriz aipatzen da familia -erreportaje edo elkarrizketetan batez ere-: kirolariaren amatasunak, seme-alabek, senarrak edo gurasoek, familia bizitzak, informazioaren zati bat hartzen du. Gizonezkoen kasuan, aldiz, alderdi profesionala nabarmentzen da”. Gainera, informazioa apaintasunari eta feminitateari buruzko estereotipoz josia argitaratzen da sarri. Eta aparte, sarri agertzen dira gizonezko kirolarien bikoteak (barruko arropan), edo txapelketak jarraitzen dituzten emakume (erakargarrien) argazkiak.

Gara 2015-2-23 azalaGainera, “gizonezkoen kirolaren presentziak jarraipen izaera du eta, nagusiki, ez da lortutako emaitzen ondorioa -Jaurlaritzaren ikerketak dioenez-. Emakumeen agertzea, aldiz, ez-ohizko kirol emaitzak lortzera baldintzatuta dago nagusiki; hala nola, Munduko txapelketetan, Europako txapelketan edo Kopako finaletan arrakastak erdiestera”. Puntu honetan kokatzen da punta puntako den gipuzkoar eskubaloi taldeak jasotzen duen trataera. Emakumezkoen kirolaz arduratzen diren albisteetan arreta handiena jaso duen modalitatea (futbolaren eta atletismoaren aurretik), eskubaloia izan da, txostenaren arabera. Bera Bera taldearen lorpenek izango dute zerikusirik zenbakiotan.

Txostenean aztertutako hamar komunikabideen artean, Garak kirolari eskainitako tartean %11,5a baino ez dio eskaini emakumezkoen kirolari… eta presentzia handiena eman dion egunkaria da! -Marca kirol egunkarian, kontrako muturrean, ez da %3ra heltzen emakumearen presentzia-. Baina prentsa idatziaz mintzo gara, eta beraz, komunikabide pribatuez. Bestelakoa da ETB-ren kasua. Guztion zergekin ordaintzen den telebista publikoak ardura gehiago jarri beharko lukeela uste dugu, gizarte parekidea lortzeko bidean.

 

Emakumea kirolari
Gure herriko kale eta eskoletan gero eta ohikoagoa da neska-mutilak elkarrekin kirolean ikustea. Urrutira joan beharrik gabe, Maddi Etxeberriak Zuzeun bertan eman du horren berri asteburu honetan, “Aniztasunetik” deitutako sarreran. Goi mailako kirolean ere, profesionaltasunari dagokionez oraindik ezberdintasunak ikaragarriak diren arren (soldata eta abarretan), gero eta zeresan handiagoa dute emakumeek, eta emaitza arrakastatsuak lortzen ari dira.

London 2012ko Joko Olinpikoetan kirol guztietan lehiatu ziren emakumeak (boxeoan aurrenekoz); 29 edizioren ondotik lehen aldiz! Bertaratu ziren euskal kirolarietatik emakumezkoek lortu zituzten emaitzarik onenak.

Ibone belausteguigoitiaJoko Olinpikoak eta BAT taldea aipatzen hasita (euskal kirolari olinpikoak batzen dituen taldea), goi mailako kirolean emakumeen presentzia nola hazi den erakusten duten datu batzuk aipatuko ditugu. Los Angeles 1984ra arte, EAE-ko kirolarietan emakume bakar batek hartua zuen parte olinpiaden historian: Ibone Belausteguigoitia. 1930ean Bilbon jaioa, Mexikoren izenean lehiatu zen London 1948 Joko Olinpikoetan, ohol-jauzian!

Lau urte geroago, Seul 1988an, bi emakumek hartu zuen parte, eta 1992an Bartzelonan lehiatu ziren EAE-ko 44 kirolarien artetik 14 ziren emakumezkoak. Harrez gero beti izan dira gizonen pare, partaidetzari dagokionez: 20 gizon eta 18 emakume Atlanta 1996an, 13 gizon eta 12 emakume Sidney 2000n, 14 gizon eta beste horrenbeste emakume Atenas 2004an eta 12 emakume eta beste horrenbeste gizonezko Beijing 2008an.

Zenbakiei baino emaitzei erreparatuta, azken Joko Olinpikoetan, London 2012, emakumezko kirolariek baino ez zituzten jantzi dominak EAEko euskal ordezkaritzan, brontzezkoak hirurak: Maider Unda (borrokan), Maialen Chourraut (piraguismoan) eta Eli Pinedo, Andrea Barno eta Nely Carla (eskubaloian).

ZUZEUko erredakzio kide