Neoliberalismoa gainbeheran ote?
Neoliberalismoa gainbeheran ote? –
Neoliberalismoak keynesianismoari aurre hartu zion 1973ko petrolioaren krisialdiak Mendebaldeko ekonomiak larriki kolpatu eta hazkundearen moteltzea eta inflazioa, bi fenomenoak batera ematen hasi zirenean. Fenomeno hori “stagflazio” bezala ezagutzen dugu. Neoliberalek egoera aprobetxatu zuten beren doktrina ezartzeko, eta egikaritzeko hor zeuden Reagan eta Thatcher gobernuburuak.
Hurrengo hamarkadetan neoliberalismoak indarra hartu zuen teoria eta politika ekonomikoan, eta mainstream bilakatu zitzaigun herrialde kapitalista orotan. Pentsamendu eta praktika ekonomiko hori indartze aldera, 1989an onetsitako Washingtoneko Kontsentsua erabakigarria izan zen. Ekonomia merkatuak gidatu behar zuen, enpresa publiko oro pribatizatu beharra zegoen, aurrekontu publikoak orekatu eta ekonomia desarautu, besteak beste. Halaber, neoliberalen predikuek azpimarratzen zuten ezberdintasun ekonomikoak desagertuko zirela, baita krisialdiak arinagoak izango zirela ere.
“2008ko krisiaz geroztik hainbat ekonomialari ospetsuk auzitan ipini dituzte teoria neoliberalak”
Horrela igaro ziren lau hamarkada, baina krisialdiek jarraitu zuten noizbehinka azaltzen. Gurean, aipatzekoa da 1992-93ko krisialdi larria. Azkenik, 2008ko nazioarteko krisialdia etorri zitzaigun, zeinean neoliberalen teoriek porrot nabarmena ezagutu zuten. Geroztik hainbat ekonomialari ospetsuk auzitan ipini dituzte teoria horiek, hala nola Joseph Stiglitz-ek edo Paul Krugman-ek AEBetan. Frantziako Estatuan, Thomas Piketty-k datu estatistiko andana erabilita demostratu du neoliberalismoa indarren egon den garai guztian alde ekonomikoak areagotu direla eta ondarea esku gutxiagotan kontzentratu dela, aberatsak aberatsago bihurtuta eta pobrezia sakonago hedatuta. Badakigu, jakin ere, Piketty neoliberalen etsai gogorrenetako bilakatu dela eta bere teoriak gezurtatzeko saiakerak areagotzen ari direla.
Beraz, neoliberalismoaren aurkako lehen zutabeak ipini ziren aurreko bi hamarkadetan, eta gerora ekonomialari gehiago etorri dira. Berriki Olivier Blanchard-ek eta Dani Rodrik-ek liburu interesgarria argitaratu dute, Desberdintasunak borrokatzen (Deusto argitaletxea), hainbat unibertsitate ospetsuetako (Harvard, MIT, Berkeley, Princeton) ekonomialari ugariren ekarpenekin. Denak ados daude esatean eredu kapitalista honetan alde ekonomikoak handitu direla, ondarea etengabe kontzentratzen ari dela eta zerbait egin behar dela, nahiz politika ekonomikoak zehazterakoan alde nabarmenak azaldu beraien artean. Desadostasun handiak dituzte sistema kapitalista bidegabe honen erreformak proposatzerakoan: errenta gorenen zergapetzearen alorrean, ondarean edo oinordetzan. Hala ere, neoliberalismoak ekarri egoera larriari kritika gogorrak burutu dizkiote. Ez da gutxi!
Blanchard Nazioarteko Diru Funtseko ikerketa zerbitzuburu izan zen, eta jakina da erakunde hori neoliberalismoaren sustatzaile izan dela azken hamarkadetan, nahiz azkenaldian zertxobait aldatuz joan den, ikusirik munduko ekonomia nora doan doktrina neoliberalak aplikatu ostean. Rodrik, aldiz, kritiko izan da sistema kapitalistaren funtzionamenduarekin.
Liburuaren ekarpenak ondo daude, baina ekonomialari horiek ez dute aintzat hartzen baliabide naturalak mugatuak direla eta hazkundea ez dela betirako izango. Halaber, klima aldaketa jarduera ekonomikoa baldintzatzen ari dela saihesten dute. Agian, hurrengo batean helduko diete arazo larri horiei, baita Ukraina eta Errusia arteko gerla ankerrak areagotu digun krisialdiari ere.
…
ARGIArentzat egindako kolaborazioa
Ene inpresioa da Bakaikoak aipatzen dituen ekonomiallari horiek guziek — Pikettyk adibidez–ez dutela egiazki sistema kapitalista dudan edo kolokan jartzen. Ez dut ikusten lanaren prozezuaren kolokan jartzerik Thomas Coutrot batek egiten duen antzera. Aitzitik erreforma ideia berriak emanez laguntzen dute sistema kapitalista irauten. .
Neoliberalismoa Gangantua ase ezina dok: irensteko umeak ilaran espero dituen bitartean behintzat.
Neoliberalismoak olagarro erraldoiak bezaibesteko tentakuluak ditu, Black Rock etabar.
Azken adibidea: Ukainako zereale-lurrak erosten ari dituk, zeintzuek eta Monsanto eta beste, Black Rock putre funtsa erraldoiaren finantzaketa medio.
Bazekiagu Black Rock Aemania+Frantzia-Britainia Handia bezainbesteko botere ekonomikoa dela,eta poliki-poliki Bilbo osoa ere eros dezakeela, Zazpi Kaleez gain, hala gura baldin badu.
Holako tentakuluekin, Neoliberalismoa osasuntsu ikusten diat, zoritxarrez.
Beste tentakulu batzuk bertokoa ditu: Petronor, Iberdrola eta BVVA, horiek ere beren txiringitoak muntatzen eta lurren nahiz enpresa txiki guztien jabe egiten.
Eta Liberalismoa irmo eta tinko bere tenperatura igon ahala.
Ez duk uste, Baleren?
Orain “Liberalismoak”, hots Kapilatismo Oligarkikoak, Sistemaren fase barri honetan,
harpilatzeko beste lurralde bat aurkitu du: UKRAINA.
Putreek hango soloez jabetzen ari dira, Monsanto etabar, Black Rocken finantzaketarekin.
Egia da gauza bera egin zutela Greziarekin (Aemaniaren bedeinkazioz eta OTANen babespean, baina Ukrainiakoa are larriagoa duk: GERRA ODOLTSU baten bidez, hildako, zauritu, inbalidotu,erbesteratu… eta hori dena Errusiaren atarian, misil nuklearrak apuntatzen darela,
ZER EGIN, Ivan Ilich?