Lapurdira sartu da EuskarAbentura 2022, Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu ostean

Lapurdira sartu da EuskarAbentura 2022, Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu ostean –

Miarritze eta Urruña arteko distantzia oinez osatu zuten herenegun, eta atseden-eguna izan dute atzo Urruñan bertan, gaur Lezorantz abiatu aurretik.

Uztailaren 19an Amaiurrera heldu ziren espediziokideak. Gaztelu Beltzaren sitioaren 500. urteurrenean, gertakari haien berrikusketa egin zuten Asisko Urmeneta komikigilearen eskutik.

Uztailaren 20an, kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu zuten Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga; gaueko etapa izan zen, Amaiurtik Bidarraira. Bertan, hitanoari buruzko tailerra egin zuten Ritxi Lizartza euskaltzalearen eskutik eta, egunaren amaieran, trenez mugitu ziren Baionara.

Herenegun, uztailak 21, autobusez egin zuten Baiona eta Miarritze arteko tartea. Eta, gero, oinez iritsi ziren Urruñaraino: 25 kilometro luze Lapurdiko kostaldean.

Atzo, uztailak 22, Urruñan daude, baina ez geldirik, egun bete-betea izaten ari baita: Euroeskualdeko Marie Heguy-Urain ordezkariaren bisita jaso dute, meme- tailerra egin dute eta Euskal Irratiak sareak martxan duen ‘Ongi etorri lagun’ joko radiofonikoan parte hartu dute.

Gaur, uztailak 23, Lezo dute helmuga. Lehenago Hondarribiatik pasatuko dira, eta Urtantak kontzertuan Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute. Etzi Donostiara iritsiko dira eta hurrengo egunetan Urola Kostan murgilduko dira.

Uztailak 19: Zugarramurdi – Amaiur

Lapurdira sartu da EuskarAbentura 2022, Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu osteanBero olatuak geldirik eduki zuen EuskarAbentura pare bat egunez, Lesakan. Baina uztailaren 19an, tenperatura jaistearekin batera, bideari ekin zioten berriro ere espediziokideek, eta Zugarramurdi eta Amaiur arteko 20 kilometroak oinez osatu zituzten. Eguerdi partera iritsi ziren etaparen helmugara eta, beraz, Amaiurko Gazteluaren sitioaren 500. urteurrenean bertan izan ziren jzioquitarrak.

Bazkalostean, gazteluaren hondarretara igo ziren eta, monolitoaren aurrean eserita, Asisko Urmeneta ilustratzailearen ahotik entzun zituzten Nafarroaren eta Euskal Herriaren historian mugarri izan ziren gertakari haien gakoak. Talde argazkia ere atera zuten, egun berezi honen oroigarri gisa.

.

Uztailak 20: Amaiur – Bidarrai – Baiona

Uztailaren 20an goizeko 4tan jo zuen iratzargailuak Amaiurko frontoian. Bezperatik trasteak ongi jasota zituzten gazteek, soilik lozakua eta estera biltzeke. Hala, kopetako argiak piztuta, motxilak bizkar gainean hartu eta 4:20ak inguruan abiatu ziren. Kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu zuten Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga eta, nolabait, euren azalean sentitu zuten gauez, zama gainean hartuta, mendian gora eta behera ibiltzea zer den.

Zeharkaldiak Amaiurtik Bidarraira eraman zituen, Iparla mendia begibistatik galdu gabe. Bidarrain bazkaldu zuten, eta bertan egin zuten, baita ere, hitano tailerra Ritxi Lizartza zinema ekoizle eta euskaltzalearen eskutik. Hitanoa, hika, noka, toka… gauza bera al dira? Ez? Nola eta noiz erabili? Adibide batzuk entzun zituzten euskal kantetan… eta ‘Osthika’ eguna egiteko proposamena ere ekarri zuen: biharamunean elkarri hika aritzeko gonbitea luzatu zien Lizartzak gazteei, nahiz eta hanka sartu edo hitanoari ostikoak eman; lotsa galdu eta lehen hurbilpen bat egiteko eguna.

Arratsaldearen amaiera aldera, espedizioak trena hartu zuen Baionara, eta beraz, taldeak Lapurdi zapaldu zuen lehenengo aldiz! Gaua hiriburuan igaro zuten.

.

Uztailak 21: Baiona – Miarritze – Urruña

Uztailaren 21ekoa izan zen EuskarAbentura 2022 espedizioak Lapurdin egin duen aurreneko etapa eta, era berean, Kantauri itsasoa ikusi zuten lehenengoz abentura hasi zenetik. Jzioquitarrek autobusa hartu zuten Baionan, Miarritzeraino, eta bertatik abiatu ziren kostaldeko bidean aurrera.

Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune eta Ziburutik igaro ziren Zokoara iritsi aurretik. Egun eguzkitsua izan zen atzokoa, hondartzak nahiz inguruko jantoki eta terrazak jendez lepo zeuden, eta espediziokideak harro pasatu ziren guztien begiradapean.

Zokoan bazkaldu zuten gazteek, eta handik berrekin zioten bideari, beste ordubetez oinez Urrun?ara ailegatu arte.

.

Uztailak 22: atseden eguna Urruñan

Gaurko eguna ere Urruñan pasatuko dute, atsedena hartuz, ez baitute oinezko etaparik egingo. Hala ere, ekintzaz beterik joan da eguna: Goizean Euroeskualdeko ordezkariak hurbildu dira pilotalekura jzioquitarrekin ordu pare bat pasatzera. Jolas-ginkana bat egin dute eta Marie Heguy-Urain misio kargoduna pozik agertu da espediziokide gazteak “oso motibatuta” ikusi dituelako. “Kuraia on!”, esan die, eta azken txanpan “indartsu” segitzera animatu ditu.

Meme-tailerra ere egin dute taldeka antolaturik. Iametza-k garatu duen Memeka.eus webgunea baliatu dute horretarako. Eta, arratsaldean, Euskal Irratiak sareak martxan duen ‘Ongi Etorri Lagun’ txapelketa radiofonikoan hartu dute parte. Antxeta Irratiaren estudio ibiltaria hurbildu dute Urrun?ako frontoira, eta bertatik aritu dira norgehiagokan.

Bihar, uztailak 23, oinezko bideari berrekingo diote, eta Gipuzkoara sartuko da EuskarAbentura 2022 espedizioa. Urrun?an hasi eta Hondarrabian bukatuko dute etapa; bertan Urtantak kontzertuarekin bat egingo dute, eta Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute. Egunaren amaieran trena hartuko dute Lezora heltzeko.

Igandean Donostiara iritsiko dira gazte espediziokideak; handik, hurrengo egunean, Zarautzera. Eta aurrerago Zestoa, Getariara… Urola Kostan murgilduko da espedizioa.

EuskarAbentura 2022 espedizioa

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.

Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.

EuskarAbenturazaleek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak.

Bidean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Lapurdira sartu da EuskarAbentura 2022, Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu ostean