NaGAZAki

NaGAZAki –

Hezbollako buruak iragan ostiralean eskainitako hitzaldian aipatu zuen geroz eta errealagoa dirudien eszenatokia: Israel palestinarren aurka gauzatzen ari den genozidioak eskala handiko gerra bat sortzea. Aktore ezberdinak daude joko horretan: Yemen, Siria, Hezbollah, Iran, Irakeko zenbait indar… palestinarren alde, eta NATO Israel babesten. Gatazkak are handiagoa bilakatzea arriskutsua litzateke mundu osoarentzat, jakina baita gerra non eta nola hasi zen, baina ez non eta nola akituko den.

NaGAZAki

Israelek Gazan jaurti duen lehergailu kopurua bi bonba nuklearren parekoa dela adierazi den honetan, hautsak harrotu ditu XX. mendetik hain esplizituki haizatzen ez zen mamu bat bistaratu izanak. Israelgo Gobernuko Ondasun (sic) ministroak, Amijai Eliyahuk, erran du Gazan bonba nuklear bat botatzea “aukera posible bat” dela. Netanyahuk kargugabetu egin du, ” behin-behinean”; ez dakigu astakeria bat erran duelako (ezetz errango nuke) edo gehiegi hitz egin duelako.

Izan ere, Israelek ez du nehoiz onartu bonba nuklearra duela. Baina, hara non, ministro batek adierazpen publikoak egin ditu bonba nuklearra erabili ahalko litzatekela erranez, ergo, bonba nuklearra duzu. Jakina zen, baina ez dago sobera gauzak argi erratea. Ene aburuz Israelek ez du nehoiz bonba nuklearrik erabiliko Gazan edo Zisjordanian. Ez tamaina horretako sarraski bat egiteko prest ez dagoelako, baizik eta itsatsita dauzkatelako: Gazan bonba nuklear bat botatzeak Israel bera pozoituko luke. Baina urrunago dauden lurraldeak mehatxatu eta estortsionatzeko baliatzen du.

Afera larria da. Israelek bere mugakide guztiak erasotu ditu inoiz, eta asko erasotu ditu azken urteetan. Israel gerrazalea, biolentoa, espantsionista, sionista (besteak baino gehiago dira, Jainkoak hautatuko herria) eta neurrigabea da, eta zenbait hedabidek diotenez 80 eta 400 ojiba nuklear inguru dauzka.

Historiako ekintza terroristarik handiena Estatu Batuek egin zuten Japonian, 1945ean. Kalamitate hura errepikatu ez dadin munduak bermeak behar ditu, eta Israelek ez du batere konfidantzarik ematen.

NaGAZAki

2 pentsamendu “NaGAZAki”-ri buruz

  • Aurpegitxo alai bat artikuluarentzat, izenburu irudimentsuagatik.

  • Liburuko erlijioek zer ekarri digute? Ez dakit bada. Baina bakar batek dio sinesgabeei, hau da, Europar anitzi, zintzurra moztu behar zaiela, eta hori Koranen idatzita dago, musulmanen konstituzioan. Hori horrela da, nahitaez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude