Mundu ekonomiaren mega-mehatxuak

Mundu ekonomiaren mega-mehatxuak –

Aspaldidanik pentsatu izan dugu sistema kapitalistak egunak kontatuak dituela. Agian, gure ametsa izango zen. Izan ere, gure gaztaroan horrela zioen azterketa marxistak eta sinetsita geunden sozialismorako bidea jadanik finkatuta zegoela, sistema sozio-ekonomiko-politiko berrira heltzeko. Anartean, kapitalismoak bizirauteko Keynesek aukerak eskaini zizkion sistema basati eta esplotatzaileari, gizatiarrago bihurtze aldera.

Mundu ekonomiaren mega-mehatxuak

Gerora, sozialismo errealak porrot egin zigun, baita keynesianismoak ere. Halaber, kapitalismoak une gogorrak jasan ditu: petrolioaren krisiak (1973, 1979), finantzarena (2008), teknologia krisiak edo pandemiaren ondorenak (2020-2023), baina beti aurrera egiteko gai izan da, berrasmatzeko ahalmena baitu. Horrela, kapitalismoa gainditu ahal izateko, ohiko iraultzaren kontzepzioak ez digu balio eta beste bideren bat asmatu behar da.

Hemendik aurrera zer? Munduko kapitalismoak erronka ugari dauzka aurrera bidean, mega-mehatxu aunitz. Horiek guztiek aukerak eman behar dizkigute munduko ekonomia parametro berrietan antolatzeko, non ekoizpen orokorrak jasangarria izan beharko baitu, planeta honetan duin bizitzen jarraitu gura badugu.

Mundu ekonomiak dituen mega-mehatxuz mintzo zaigu N. Roubini, jatorriz turkiarra, baina New Yorken finkatua, Mega Threats (Mega-mehatxuak) liburuan. Sinesgaitza bada ere, Roubinik 2006an aurreikusi zuen 2008an hasiko zen finantza krisia. Hortik du ospea, nahiz eta proposatzen dituen konponbideak hutsalak diren.

Hemendik aurrera zer? Munduko kapitalismoak erronka ugari dauzka aurrera bidean, mega-mehatxu aunitz.

Roubinik hamar mega-mehatxu aurreikusten ditu eta hamar horietatik bi aipatuko ditut. Lehena, estatuek eta familiek eskuartean dituzten zorrak, publikoak zein pribatuak. Izan ere, ekonomia batek ezin dezake iraun luze zorpetuta badago; ekonomia bat zorpetu daiteke jarduera ekonomikoa moteltzen denean, baina jarduera berpizten denean, zorrak kitatu behar dira, gutxienez murriztu, gaur egun egiten ez den bezala. Eta zulo horretatik irteteko, zorra barkatu ordez, jarduera ekonomikoa bizkortzea planteatzen du, BPGk %5 ingurura hazi beharko bailuke. Zifra hori lor daiteke garapen bidean zaudenean, baina ia ezinezkoa da ekonomia kontsolidatzen denean; begira bestela Japoniari.

Bigarren mega-mehatxua aldaketa klimatikoarekin lotuta dator. Mega-mehatxu horri aurre egiteko hiru bide proposatzen ditu: 1.- Karbono dioxidoaren murrizketa, zeina munduko BPGren %2tik %6ra artean kostako litzatekeen, baina orain artekoari so egiten badiogu, utopia dela pentsatzera garamatza. 2.- Egokitzapena; kasu honetan onesten da lurreko tenperatura 2,5 gradu igoko dela eta ondorioei aurre egin behar zaiela. Adibidez, New York urakanetatik babesteko irla txikiz inguratzea. Baina lan erraldoi horiek burutzeko, 25 beharko lirateke, gainera itsaso mailaren igoerari ez lioke aurre egingo; beraz, beste utopia bat. 3.- Eguzki geo-ingeniaritza; sistema hau sumendien errautsak sortzen duen fenomenoan oinarritzen da. Atmosferara errauts artifiziala jaulkita, airean kokatuko diren partikulak oztopatuko omen die eguzki izpiei lurrerako bidean. Lurreko tenperatura hoztuko litzateke gradu bat edo, baina karbono dioxidoa, kaltegarria duguna, ez litzateke desagertuko eta gaixotasun berriak sortuko lirateke; konponbide kaskarra.

Ekonomia teoria konbentzionalak mega-mehatxuak onesten ditu, baina ohiko konponbideak proposatuko dizkigu, kontutan izan gabe gure planeta mugatua dela, orain arteko hazkunde mailari eutsi gura badiogu. Haatik, desazkundeari heldu behar diogu, berantegi izan baino lehen.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Mundu ekonomiaren mega-mehatxuak  Mundu ekonomiaren mega-mehatxuak

Krutwigen Lagunak ekimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude