Modaren trapu zikinak #3: Soinean daramagun aztarna
Modaren trapu zikinak #3: Soinean daramagun aztarna –
Lehengaiak, ehunak eta, azkenik, arropa gehiago, azkarrago eta merkeago produzitzeko eromena lurzorua, airea eta ura kutsatzen ari da neurri gabe. Eta katearen amaieran gu, geure osasuna.
Arropa fabrika bat osorik etorri zen behera 2013ko apirilaren 24an Bangladeshko Daca hiriburu kanpoaldean. Zorigaiztoko gertakari hark 1.138 hildako eta beste milaka zauritu eragin, eta low cost & fast fashion delakoaren miseriak utzi zituen agerian. Eraikin hartan, besteak beste, Primark markarentzat josten ziharduten langileek 28 euro irabazten zituzten hilabetean. Mendebaldeko dendetara etiketetan josita iritsi diren SOS mezuek ere eman diote buelta munduari, eta gaiaren inguruko literatura asko sorrarazi dute. Orain badakigu maila planetarioan 40 milioi lagunek egiten dutela lan baldintza horietan, eta %80 emakumeak direla.
Ez da hain ezaguna, ordea, arropa kontsumo konpultsiboaren beste albo-kaltea, ingurumenean eragiten duen inpaktuaren dimentsioa. Elikagaienaren ondotik, modaren industria da guztietan suntsitzaileena.
Pestizidak
Biodibertsitatea urritzen duten monolaborantzak edo landare bakarreko laborantza estentsiboak izugarri hedatu dira azken urteotan, batez ere moda industriak hainbeste galdatzen duen kotoia modu intentsiboan hazteko. Errendimendu handiagoa eta, beraz, irabazi ekonomiko potoloagoa ematen duten hazi transgenikoak jaun eta jabe dira, eta intsektu-izurriak ekiditeko plagizidaz fumigatzen dituzte plantazioak. Zomorroak, baina, erresistente bilakatzen dira eta, horrenbestez, aldiro-aldiro pozoi berriak eta kantitate handiagoan isurtzen dituzte. Gurpil zoro honek lurzorua antzutzen du eta, hala, lur-jabeek eremu berrietara hedatzen dute sarraskia.
Produktu toxiko hauek lur azpiko ur-sistemetara pasatzen dira, gero animalietara eta azkenik, bioakumulazioz, gizakiongana heltzen dira. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) hainbat txostenek ohartarazi dutenez, pestizidak, malformazio genetikoak eragiteaz aparte, egungo gaitz zabalduenen erantzule dira: dermatitisa, minbizia, Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza (SKA), ugalketarako gaitasunaren galera gizonezko askoren artean…
Ura
Berandu baino lehen ur eskasiak gerrate berriak eztandaraziko dituela irakurtzen ari garen garai berean, moda industria hornitzeko kotoi-plantazioek mundu mailako ur kontsumoaren %2,6 xurgatzen dutela jakinarazi du Environmental Justice Foundation-ek. Azken produktuak (jantziak) Mendebalde aberastura heltzen diren arren, albo-kalteak herrialde pobretuek jasaten dituzte gainera. Hala, adibidez, Europar Batasuneko herrialdeetara bideratutako arropa bolumen osoa produzitzeko behar den uraren %80 baino gehiago Indian eta Uzbekistanen kontsumitzen da. Guk soinean daramaguna janzteko, haien ura xahutzen dugu.
Xahutu ez ezik, kutsatu ere bai. Izan ere, garapen bidean diren herrialdeetara deslokalizatutako ehun-fabrikek euren hondakin kimiko-toxikoen %70 (tinteak, zuritzaileak…) zuzenean botatzen dituzte ibaietara, inolako depurazio-prozesurik gabe.
Gehiegizko ureztatzeek, pestizidek eta produktu kimikoen isurketek ondorio lazgarri eta hilgarriak dakartzate hiritarrentzat, eta ur gezetako ekosistemetan bizi diren espezieen desagertze-tasa beste batzuena baino bost aldiz handiagoa da World Wildlife Found (WWF) erakundearen arabera. Ozeanoen degradazioan ere badu erantzukizunik low cost & fast fashiona sustengatzen duen industriak: atmosferara igortzen ari den gehiegizko C02a itsasoen azidotasun-maila igotzen ari da.
Energia
Lehengaiak naturalak nahiz sintetikoak izan, hauek ehun bilakatzeko eta ehun horiekin arropak egiteko energia asko behar izaten dute fabrikek. Hori baino lehen, laborantza-makineria martxan jartzeko ere elektrizitate eta erregai kopuru ikaragarriak xahutzen dituzte eta, azkenik, prozesuaren amaieran, arropa produkzioa Mendebaldeko dendetara garraiatzeak ere erregai kontsumoa eta kutsadura dakartza.
Hondakinak
Eta zergatik edo zertarako horrenbesteko baliabide xahutzea, hainbeste gehiegikeria eta halako sarraskiak? Erantzuna atsekabegarria da: kaltea han eraginda, Asian ekoizten dituzten arropak Europan gutxi batzuetan erabili eta Afrikako zabortegietara bidaltzen ditugu bueltan.
Pentsa, Erresuma Batuan, esaterako, hiritarrek bi milioi tona arropa baino gehiago botatzen dituzte zaborretara urtero (30kg hiritar bakoitzeko). Polyesterra eta petroliotik eratorritako beste ehunak nagusiki Afrikako zabortegietan pilatzen dira sekulako mendi sintetikoak osatuz. Ez direnez biodegradagarriak, erre egiten dituzte toxikotasuna airera askatuz. Bestela, arropa-pila horiek ur gelditan hondoratzen dituzte (deskonposatzea bizkortzeko edo) gaixotasun berrien eta malariaren aldaera ezberdinen agerpena eraginez.
[…]
IRAKURRI GEHIAGO: GAZTEZULO.EUS