Mila

Milak ez du jatekorik, ez edatekorik, ez etxerik, ez txanponik. Trapu zahar eta ziztrin bat darama jantzita, nahikoa hotzak bere bizitza beste mundu batera ez eramateko. Eskuz jositako sandaliek ez diote buztinaz, zikinkeriaz eta kristalez babesten, oinak beltzak dauzka, zauriz beterik. Ez du gogoratzen noiz dutxatu zen azken aldiz, noiz garbitu zituen hortzak edo eskuak euri tanta pare bat baino zerbait gehiagorekin, benetako urarekin.

Milaren lagunak elkarren artean borrokatzen dira oilasko-hezurrak, hustutako Coca Cola lata bat edo zentabo bat aurkitzean. Azkazalak besoetan iltzatzen dizkiete elkarri, iletik tira egiten dio batak besteari, oihukatzen dute. Listuaren bitartez bakea sinatzean, dena ahaztu eta ezkutuan gordetako panpinekin jolastera ekiten diote. Inozentziak ematen dien segurtasunean murgiltzen dira une batez.

Mila bakar-bakarrik dago eta aldi berean ez dago. Munduak ez du ezagutzen, existitzen ez delako, baina bera bezalako milioika daude. Milak ez du telebistarik, irratirik, laberik, segapotorik edota komun zuririk ezagutzen, eta hortaz ez du horien beharrik. Mila zoriontsu da norbaitek eskutik estu heltzen dionean eta begiekin zintzotasuna, errespetua eta maitasuna adierazten dionean.

Milak irribarre egiten du.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...