Aukerak galdu eta galdu, noiz arte?

Aukerak galdu eta galdu, noiz arte?
Behean bideo labur bezain polita aurkituko duzue. Bertan, surflari euskaldun handi baten azken abenturaren berri ematen da, modu atseginean, irudi ikusgarriak eskainiz, edonorentzat gustagarri. Baina, euskaraz bi hitz besterik ez ditu esaten, beste guztiak espainieraz, ingelesezko azpitituluak makulu.

Beste horrenbeste gertatzen da mundu mailan punta-puntan dabiltzan kirolari euskaldun askoren webguneekin ere, eskalatzaileak, futbolariak, txirrindulariak, eta abar. Oso nekez aurki daiteke sikiera euskarazko bertsioa ere eskainiko duenik.
Hau esanda, ez ditut kirolariak seinalatu nahi. Kirolariek, elitekoak zein ez, gure artean bizi dira, eta gure gizartearen portaerak darabiltzate eurak ere. Ezin diegu eurei exijitu, besteok egiten ez duguna egin dezaten.

Baina eliteko kirolariak gure gazteen ispilu eta ipar izaten dira sarri, eta gure gazteei bai, sekulako koñazoa ematen, egundoko presioa egiten diegu euskaraz egin dezaten, heldu gehienok ez bezala. Hori bai, haize kontra egin behar dute euskaraz, geuk ez baitiegu erraztasunik ematen. Telebistak, irratiak, aldizkariak, aisialdia, kultura eta inguratzen dituen paisaje ia guztia (%90etik gora) erdara hutsezkoa eskaintzen diegu. Euskaraz dakiten helduetako gehienek ez du euskaraz egiten ez bada haurrei eta zakurrei, denok dakigunez, nahiz eta gero euskaraz egin dezaten eskatzen diegun, ez zakurrei, baina bai haur eta gazteei. Halakoak (al) garete.

Ez hori bakarrik. Aukera dugunean ere, gauzak oso eskura dauzkagunean ere, ez dugu ahalegin txikiena ere egiten, gure haurren eta gazteen aurrean sinesgarritasun gramo batzuk irabazteko bederen.

Dozenaka eliteko kirolari euskaldun (euskaradunak alegia) dauzkagu. Dozenaka. Jardunean eta jarduna utziagatik, oraindik ospeari eusten diotenak.

Pasaban, Txikon, Bereziartu, Usobiaga, Iñurrategi, Poutarrak, Vallejo … mendizaleak.

Olaberria, Somarriba, Zubeldia, Mayo, Beloki, Insausti, Anton, Osatarrak… txirrindularitzan.

Barriola, Olaizolatarrak, Berasaluze, Zearra, Retegitarrak, Bengoetxea, Xala, Gonzalez, Zubieta eta abar, pilotan.

Agirre, Acero anaiak, Munain, Aranburu, Trojaola, Collazo, eta abar luzea bat surfean.

Aduriz, Iraola, Aurtenetxe, Agirretxe, Martinez, Sanjurjo, Iraizoz, eta oso abar luzea futbolean.

Eta kirolez kirol jarraituta egundoko zerrenda luzea osa dezakegu.

  • Kirolari horietako askok eta askok, bloga edo twitter nahiz Facebook-eko profila sortua dute, erdaraz beti. “Soberako eta sekulako ekoizpen aberatsa” daukagunez eremu guztietan euskaraz, zertarako horiek “ere” aktibatu ezta?
  • Gu beti aukerak galdu eta galdu… noiz arte?
  • Hain zaila ote da erakunde publikoetatik (izan udal, foru aldundi edo jaurlaritzak), edo ikastolen elkartetik edo euskaltegien sareetatik, edo ekimen euskaltzale pribatutik adibidez, horietako batzuengana jotzea euskara hutsezko webguneak eta bestelakoak egin ditzaten laguntza eta sustapena eskainiz?
  • Zakurrentzako ez, baina hain euskaldun nahi omen ditugun haur eta gazteentzako, ez litzateke oso lagungarria?
  • Ez luke horrek lagunduko euskarari erakargarritasuna ematen?
  • Ez litzateke hori hamaika manifestazio eta kanpaina baino eraginkorragoa izango?
Aukerak galdu eta galdu, noiz arte?

2 pentsamendu “Aukerak galdu eta galdu, noiz arte?”-ri buruz

  • Martin Rezola 2013-01-22 09:09

    Hori ere “tranmisioa” baita. Ez bakarrik hizkuntzaren corpusa, hizkuntz jokabideak ere transmititzen dira. Eta oharkabean, etxerako bai, baina ezkaratzetik kanpo zenbat kostatzen zaigun euskaldun agertzea. Nahiz eta, Itzainek dioen moduan, lehengaia ona eta esku-eskura izan.

  • Iban Tustán 2013-01-22 11:58

    Zorionez, tarteka argi izpirik agertu ohi da laino artetik mendian ere. Beste batzuk, gehienak tamalez, baskoei mundua erdaraz esplikatzen tematzen diren arren, badira euskaldunok mundua ulertzeko berezko kodea badugula beti jakin dutenek. Adibidez:
    http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com.es/