Iñigo Urkullu goratzen dute Artur Mas jipoitzeko

urkullu goratuz

“Leundu zure jarrera, entzun estatuko beste subiranistei, Iñigo Urkullu lehendakariari, galdeketa legala eta adostua egitea defendatzen du berak”. Horrela zuzendu zaio Artur Mas presidenteari PSCko bozeramaile Jaume Collbonik. Ez da EAJren eredua goraipatzen duen politikari espainiar bakarra.

Zure arerio politikoak goraipatzen bazaitu, zer egin? Zer esan nahi du? Iñigo Urkulluk bi galdera horiek buruan bueltaka behar ditu izan. Izan ere, ez da lehen aldia bestaldeko politikarien txaloak jasotzen dituena.

Oraingo honetan Kataluniatik etorri zaio lorea lehendakariari. Eta, arraroa bada ere, hitz dotoreak ez dira CiUtik etorri. Tradizionalki CiUk eta EAJk bat egin dute aldarrikapen, koalizio eta egitasmo ezberdinetan. Aldiz, PSCko bozeramaileak, Jaume Collbonik, goratu du Iñigo Urkullu. Haren arabera, Artur Masek lehendakariari entzun behar lioke 2014an egitekoa den “galdeketa legala eta adostua” izan dadin. PSCk adierazpen hauek egin ditu hain justu ERCk eta CiUk zirriborratutako adierazpen subiranista negoziatzen ari direnean. Antoni Duran i Lleida CiUko idazkari orokor  ez-independentistak berak ere sozialistei leporatu die adierazpenaren negoziazioan haien jarrera pittin bat ere aldatu ez izana.  Urkullu aipatuta PSCk eskatu duen “galdeketa legala eta adostua” egiteko traba handiena sozialistak berak direla salatu du CiUk, ez dutelako ezer negoziatzeko nahirik.

Wert: “Euskadin familiek aukeratu dezakete ikasleek zein hizkuntzatan ikasi”

Abenduan Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren hitzek kataluniarrak samindu zituzten: “Kataluniako ikasleak espainolizatu behar ditugu”. Oroituko zarete. Gutxiagok dute gogoan, ordea, Wert-ek EAEko A, B eta D hezkuntzako hizkuntza ereduei egin zion goraipamena. Ministroaren hitzak Madrildik etorri ziren, baina helburu bera zuten, EAJren ildoa loratzea Kataluniako gehiengoarena erasotzeko. Egun hartan, abenduaren 12an, Wert ministroak Kataluniako murgilketa linguistikoaren eredua txarretsi zuen. Hori konpontzeko, hezkuntza erreformak Katalunian espainolez ikasteko aukera bermatuko zuela esan zuen. Aipatzekoa da, hitz horien ondorioz, Irene Rigau Kataluniako hezkuntza kontseilariak Wertek deitutako bilerara joateari uko egin ziola.

Egun horretan bertan, Kataluniako murgilketa eredua kritikatzearekin bat, EAEkoa loratu zuen Wert-ek: “bakarra da murgilketa linguistikoa uztartzen duena elebitasun integratuarekin, familiei erabakitzeko espazioak utziz“.

Arerioak loriatzen bazaitu laguna erasotzeko, zer egingo zenuke?