Medikuntzaren itzulipurdiak
Medikuntzaren itzulipurdiak
Medikuntzan, batzuetan, sekulako itzulipurdiak ematen dira gai batzuen inguruan, iritzi edo norabide aldaketa erradikalak, unean uneko aurkikuntza zientifikoei lotutakoak. Adibidez, garai batean oso gomendagarria omen zen logelan landareak izatea, eta ondoren oso kaltegarria, edo alderantziz, ez naiz oroitzen. Orain haragi klase bat ona dela esaten duten arren, ez gehiegi fida, hemendik urte batzutara gaixo jarri zaitezke eta.
Garai batean oliba olioa ez omen zen batere ona, eta etxe gehienetan ekilore olioa topa zitekeen, baina azken honek eguzkia sartaldetik desagertzen ikusi eta ez du berriro bururik altxa. Oliba zukua bihurtu da gure elikagaien lubrifikatzaile. Gai honen bueltan entzun dudan azkeneko albisteak zur eta lur utzi nau: duela urte batzuk zenbait lapur talde olioa lapurtzen hasi dira. Baina ez dendan, txaketa baten azpian pare bat botila sartuta, edozein ikasle pisuko gazte baten gisan, baizik eta kamioiak hartu, fabrikara joan eta mangerekin zisterna bete. Urre likidoa, aizue.
Baina ez izan zalantzarik olioa eta osasuna inongo ezbairik gabe eskutik helduta daudela. Errigoraren kasuan, bai, behintzat. Oraindik garaiz zabiltzate Nafarroan ekoiztutako olioa eskatzeko, martxoaren 2an amaitzen da epea. Hau da niri pasa didaten kontaktua:
matxintxu@aek.eus, 94 475 22 33, 663 04 85 33 edo euskaltegira hurbildu (Ramón y Cajal 8) BILBO
Eskaerak egiteko erreferentzia gehiago topatuko dituzue errigora.eus web orrian eta Errigoraren twitter kontuan.
Ez dakit zer esango duten medikuek oliba olioari buruz hamar urte barru. Baina eskua sutan jarri nuke Errigora hauspotzeak mesede egingo diola gure osasunari.
Medikuntzaren itzulipurdiak