‘Made in China’ zubiak

San Frantzisko-Oaklandeko Bay Bridge zubiaEdonora begiratzen dugula ere, made in China produktuez inguraturik gaude: jostailutxo merkeetatik iPhonetara. Ez dago dudarik gaur egun Txina dela manufaktura-industriaren erdigunea, non ia mundu osoko enpresek beren fabrikak ireki dituzten eskulan merke eta eraginkorraren bila (nahiz eta askotan giza eskubideak zapaltzen dituzten, baina hori beste kontu bat da). Orain, gainera, munduko ingeniaritza zibilaren erdigune bilakatu nahi da.

Datorren hilean, San Frantzisko-Oakland badiako Bay Bridge zubi berriaren azkeneko lau altzairuzko moduluak ontzi erraldoi batean kargatuko dituzte eta Txinatik Kaliforniarantz nabigatuko dute. Zubiaren eraiketa eta materialak Txinan eginak dira; egituraren muntaketa eta errepidearen asfaltatzea, aldiz, langile estatubatuarrek egingo dute. Kaliforniako agintarien hitzetan, 400 milioi dolar aurreztu dituzte Txinara joaz.

Dena dela, Estatu Batuetako siderurgiako sindikatuek Badiako Zubiaren kontratua gutxietsi dute eta Kaliforniako estatuari lan onak itsasoz bestaldera bidaltzea “kalitate txarreko” altzairua kontratatzea leporatu die. Horrez gainera, Estatu Batuetako eta beste herrialdetako industria taldeek hainbat galdera jarri dituzte mahai gainean Txinako lanen segurtasun eta kalitate kontrolei buruz. Ez baitago ahaztu behar azken aldian Txinak kalitate kontrol arazoak izan dituela, kutsatutako esnea edota gaizki eraikitako eskolak.

Txinak eraikitako Hiru Arroiletako urtegi erraldoiaren eta Beijingo aireportuko terminalaren ostean, munduak Txinako enpresetan jarri ditu begiak ingeniaritza proiektuak garatzeko: Brasilgo abiadura handiko trenbide sarea, Kongoko kobre meategiak, New Yorkeko metro sistemaren zaharberritzea… Azkenean, dragoiak irentsi egingo al gaitu?