Maccabi, gerra makineriaren kate maila

Maccabi, gerra makineriaren kate maila –

Aste honetan zenbait talde antimilitaristak, internazionalistak eta errefuxiatuen aldekok Euskal Herriko armagintza mahaigaineratzeko jardunaldiak jarri dituzte abian Gasteizen. “Gerrarako eusko label armak” lelotik tiraka, antolatzaileek salatu nahi izan dute hemen ekoiztutako tresneria belikoa urruneko gatazka armatuetan giza eskubideak zanpatzeko baliatzen den bitartean, gatazka horietatik ihesian datozen pertsonei gizalegezko harrera ukatzen diegula.

Maccabi, gerra makineriaren kate maila

Izan ere, gugandik milaka kilometrotara gertatzen diren gerrak, urtean 70 milioi lagun erbestera bultzatzen dituztenak, gurean bertan dute sorburua. Euskal Herrian armagintza industrian diharduten ehundik gorako enpresek 500 milio baino gehiagoko etekina eragiten dute urtean. Zerrenda luzea da. Badira arlo aeroespazialean ari direnak; hala nola, ITP edota Aernova; ekoizpena misil eta elektronika militarrera bideratzen dutenak, SENER, kasu; gerra-tanke eta ibilgailu militarrak egiten dituztenak, SAPA, esaterako; edota SIDENORrek bezala, armagintzarako lehengaiak saltzen dituztenak…

Baina, gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, gerraren makineria ez dugu elikatzen bakarrik armak edota euren osagaiak salduz. Gerra Unibertsitateak ere elikatzen du, bere baliabideak ikerkuntza eta ekoizpen militarrera bideratuz; eta Eusko Jaurlaritzak, gastu militarrean etengabeko gorakada duten aurrekontu ofizialak babestuz; eta bankuek, armagintza industria finantzatuz eta bertan inbertituz… Urruneko gerrek uste baino gertuago ukitzen gaituzte.

Pentsa genezake herritar xumeok esku hartze gaitasun eskasa dugula gerraren engranajea koipeztatzen duen egitura horretan, zer esan gutxi dugula heriotza salduz patrikak betetzen dituzten enpresa pribatu eta erakunde publiko horien jardunean. Baina geuk ere erantzunkizun handia daukagu gerraren negozioa eta bere ondorioak zuritzen dituen juustifikazio ideologiko estrategia desmontatuz.

Datorren astean, hilaren 31n, eusko labeldun armagintza industria horretako lehentasunezko bezeroetako batek, Israelek, bere ordezkarietako bat bidaliko du Euskal Herrira: Tel Aviveko Maccabi saski baloi taldea. Palestinarekiko elkartasun mugimenduak hamarkada luze batez salatu duenez, Maccabi ez da kirol talde hutsa, aitzitik, Israelgo apartheid erregimenaren normalizazio kanapinaren ezinbesteko eragilea da. Zehatzago esanda, Maccabi kirol klubak esku hartze zuzena izan du Israelgo armadaren zenbait kanpainia belikotan; eta NBEren Giza Eskubideetarako Kontalariak, Goldstone txostenean, gerra krimentzat hartu ditu maccabitarrek babestutako kanapainia hilgarri horiek. Hain zuzen ere, 2009an talde israeldarrak armadaren aldeko propaganda kanpainia batean hartu zuen parte, “Berun Urtua” izeneko operazio militarraren testu inguruan. Operazio hark 1400 hildako utzi zituen Gazan. 2014an Ejerzitoaren Lagunen Elkartearen aldeko partida benefikoa antolatu zuten, “Babes Hesia” operazio militarraren ondorengo egunetan. Operazio hark 2202 hildako utzi zituen Palestinako eskualde hartan.

Hori guztia normaltasunez onartzea zilegitasun bermea ematen die gerra krimen horiei, gure armagintza industriak eta erakundeek elikatutako gerra krimen horiei. Eusko labeldun armak edota armetarako osagaiak eta lehengaiak saltzen dituztuzten enpresari kupidagabeak bezala, arma horiek eragindako sarraskiak justifikatzen dituztenak ere ezinbesteko kate mailak dira gerraren makinerian.

Urtarrilaren 31n, Gasteizen, aukera bat daukagu gerraren normalkuntza estrategia hori apurtzeko, Maccabiren bisita anormala bilakatuz.

Maccabi, gerra makineriaren kate maila
Maccabi, gerra makineriaren kate maila

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

2 pentsamendu “Maccabi, gerra makineriaren kate maila”-ri buruz

  • Azken portu 2019-01-24 19:36

    Bada ni 31ean, kriston partidua ikustera joango naiz. Eta zuk eta zu bezalako gorrotatzaile profesionalek, zuen obsesioekin segitzeko beste zelai bat bilatu beharko duzue, jende arruntak gozatzeko dituen aukera apur horiek izorratu gabe.

  • Aitzol Azurtza 2019-01-31 18:34

    Giza-eskubideak urratzen dituen munduko herrialde orori boikota egingo bagenio, euskalherritarrok inorekin harremanik ez leukaken nekazal gizarte burujabea antolatu beharko genuke, nazioarteko merkataritzari (eta egun daukagun erosotasun askori) uko eginez.

    Etxeetan jasotzen dugun gasari uko egin beharko genioke. Gasa Algeriatik dator EHra (baita Espainiara eta Frantziara ere). Algeria militarren begiradapeko sasidemokrazia da, bertako jatorrizko biztanleak (amazigak) zapaltzen dituena.

    Bestelako erregaiei (gasolinari, dieselari…) ere uko egin beharko genieke, Libia, Saud-Arabia eta Nigeria bezalako herrialdeetatik datorren petroliotik eratorritakoak direlako.

    EHko enpresek trenak eta bestelakoak Txinari saltzeari utzi beharko liokete, Txinak demokrazia ukatzeaz gain eriotza zigor tresnatzat erabiltzen duelako eta gutxiengo etnikoak zapaltzen dituelako (tibetarrak eta uigurrak kasu).

    Espainia eta Frantziarekiko loturak ere eten beharko genituzke, biek ala biek beren lurraldeetako gutxiengo guztiak (baita euskaldunak ere) baztertzen eta zapaltzen dituztelako.

    Israel kritikatzen duzunean oso selektiboa zarela dirudi. Zalantzarik gabe Palestinak eta palestinarrek herri askea izateko eskubidea dute, baina Israelek eta israeldarrek ere herrialde askea izateko eskubidea izango dute, ezta?