Bizitza pribatuaren aireratzea

Bizitza pribatuaren aireratzea –

Pantailak gure egunerokoan ezinbesteko tresna bihurtu dira. Mugikorrak, ordenagailuak eta tabletak ia gorputzeko edozein atalek adinako garrantzia hartu dute. Gazteek eta ez hain gazteok orduak ematen ditugu sare sozialetan; aurrez aurreko bizitzari gaina hartu dio bizitza birtualak.

Bizitza pribatuaren aireratzea

Mugikor eta ordenagailuen pantailari eskaintzen dizkiogu orduak eta orduak, baita gehien maite ditugun pertsonekin gaudenean ere. Guzti honen ondorioak nahiko larriak izaten ari dira, salbuespenak salbu. Pantailarekiko menpekotasuna; berehala erantzunak jaso beharrak sortzen duen antsietatea eta erantzunik ezak sortzen duen frustrazioa… Arazo hauetako bakoitzaz luze hitz egin daitekeen arren, oraingoan paradigma honek duen beste erpin bati helduko diogu, pantailaren bitartez sare sozialei eskaintzen diogun informazio pribatuari eta informazio honekin gertatzen denari, hain zuzen ere.

Izen-abizenak, adina, bizitokia, helbide elektronikoa, gure argazkiak, non gauden une bakoitzean, nora joateko asmoa daukagun, norekin gauden, zer dugun gustuko eta zer ez, gure irizpide politikoak zein diren…. Inolako presiorik jaso gabe, eskura jartzen dugu informazio guztia, inork ezer eskatu gabe eta inork trukean ezer eskaini gabe. Hau gutxi balitz, gure baimenik eta ezagutzarik gabe, informazio horrekin salerosketan aritzen dira sare sozial desberdinak. Facebookek sortu duen zalaparta izan da azkenaldian deigarriena. Cambridge Analytica-k enpresa eta erakunde politikoei komunikazio estrategia erabilgarriak eskaintzen dizkie, informazio kantitate handietan (big data) eta teknologia berrietan oinarrituta. Erakundeak dio Estatu Batuetan 230 milioi boto emaileri buruzko informazioa daukala. Beste hainbat kanpainatan aholkularitza eskaini duen arren, oihartzun handiena Donald Trump Etxe Zurira eraman zuen kanpaina izan da. Facebook-en bitartez jasotako datuak ikertu ostean, Cambridge Analytica-k aukera izan zuen hainbat perfiletako pertsonei egokitutako mezuak bidaltzeko; hartzaile bakoitzak bere perfilera egokitzen zen mezua jasotzen zuen eta honek ahalbidetu zuen Trump-en garaipena.

Negozio errentagarria bihurtu da intimitatea saltzea. Guk nahita eskaintzen dugu informazioa eta behin urrats hori eman ostean gertatzen denaren  kontzientzia urria daukagu.

Bizitza pribatuaren aireratzea
Ainhoa Larranaga

HUHEZI fakultatean irakaslea eta ikerlaria. Zuzenbidea.

2 pentsamendu “Bizitza pribatuaren aireratzea”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-02-02 11:18

    Zer egin dezakegu, Ainhoa, sare sozialetan entregatzen ditugun gure datu pertsonalen ustiapena ahal bezainbat ekiditeko ?
    Arrazoizko neurri batean erabiltzea , exibizionismorik ez pratikatzea, eta ahal bezainbat euskaraz idatzi eta mintzatzea nahikoa ez ote litzateke ?
    Ez naiz aditua bainan iduritzen zait posible dela errisistitzea.
    Aldiz beste zerbaitek kezkatzen nau gehuago :
    Beste ainitzi bezala iduritzen zait sare sozialen garapena eta giza harreman zuzenen endekapena batera doazela aurrera. Zer deritzozu?

  • Informazioa sare sozialetan esplizituki plazaratu ez arren hauek zer bilatzen duzunen arabera zuri buruzko anitz gauza dakite eta are gehiago, sakelako telefonoan aplikazio bat jaisterakoan guk empresa haiei espiatzeko baimena ematen diegu (mikrofonoa, argazkiak, kontaktuak, kamera… erabiltzeko baimena).

    Produktu bat doan denean produktuak gu garela argi izan behar dugu.

    Espioitza kasu bat:

    Espainiako futbol ligaren aplikazio ofizialak gure telefonoko mikrofonoa espiatzen du futbola telebistatzeko lizentziarik gabeko tabernak aurkitzeko.

    La Liga aplikazioa duen jendea futbol partida ikusteko taberna jakin batean elkartzen denean aplikazioak mikrofonoa pizten du telebista entzuteko. Partida entzuten badute eta geokokapenaren bidez lizentziarik gabeko taberna batean daudela ikusten badute tabernakoei salaketa jarriko diote.

    Batzutan ere entzun izan dut produktu bati buruz hitz egin dutenean sare sozialetan produktu hori buruzko informazioa eskaini dietela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude