Lotsaren harresiaren ondorengoak
Heriotzen lekuko ere izan zen Berlingo harresia. Ezinikusia zuten bi munduen mugan zalantzan ibiltzerik ez baitzen onartzen. Hainbatek galdu zuten bizia beste aldera igaro nahian. 155 kilometro luzera eta 4 metroko garaiera zuen gorrotoaren sinbolo bilakatu zen hormak. 11.500 soldaduk zaintzen zuten bi Alemanien banaketa egiazkoa izatea. Igarotzen saiatzen zen edonoren aurka tiro egiteko agindua zuten. Eta egin zuten, behin baino gehiagotan. 300 bat lagunek erregimen komunistatik ihesi egin nahian bizia galdu baitzuten.
Alemaniako Errepublika demokratikoko gobernuaren hitzetan “murru antifaxista” izan zen, 30 urtez Berlin, Alemania, Europa eta kasik, mundua bitan banatu zituena. Gerra hotzaren sinbolo ezagunena.
Egunotan, harresiaren eraikuntzaren urtemuga dela eta alemaniarrek iraganeko orban beltza gogora ekarri nahi izan dute. Erakusketak, museoak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak lotsaren harresia duela ez asko bertan zutik zegoela ez ahazteko.
1989an eraitsi zuten eta egun, interes gune turistiko dira bere kondarrak. Baina Berlingo harresiak izan beharko luke turismoaz gain, beste eginkizunik. Halakorik berriz gerta ez dadin adibide behar luke izan munduan. Gatazka baten aurrean nola jokatu behar ez den jakiteko oinarri behar luke izan. Baina gizakiak bi aldiz egiten du estropezu harri berarekin, zementu berarekin.
Zisjordanian israeldarrak eta palestinarrak banatzen dituen harresia da egun ezagunenetakoa, baina ez bakarra. Ipar eta Hego korea ere muga fisiko batek banatzen ditu, adibidez. Mexikotik amerikar ametsaren bila doazenei hankak geldiarazteko ere 3.000 kilometrotatik gora dituen harresia eraiki zuten…
Gure munduaz lotsatzeko adina harresi badira eta eraikitzen dira munduan egundo ere.