Athletic, talde bat sortu nahian

Athletic, talde bat sortu nahian
Zale bat begiak estalita – larrabetzutik.org

Merkatu mugatua du Athletic -ek, behartua dago etxeko jokalariei heziketa eman, mimatu eta aukera ematera. Lezamako harrobian zizelkatu behar dira etorkizuneko izarrak, etorkizunik izango bada bederen. Ametsak behintzat ez dira falta; hor daude denontzat erreferentzia izan diren mitoak, Julen Guerrero, Joseba Etxeberria, Urzaiz, Lizarazu… horiek bezalakoak nahi ditu afizioak. Pasa ziren Arriaga, Dañobeitia eta Jonan bezalako jokalariak, eskatzen zitzaien mailara iristen ez zirenak. Eta aurten beste batzuri tokatzen zaie San Mamesen azken azterketa hori pasatzea.

Itxaropen gehien piztu duena Muniain Txantreako gaztea izan da. 16 urterekin sekulako kalitatea erakutsi du zelaian, jokatutako lehen partidu ofizialean gola sartuz. Merezi du atentzioa ipintzeak, baina, kontuz ibili behar da zilarra dagoen lekuan urrea ez imaginatzeko. Zenbait hedabideren harribitxi nahiak jende asko itsutu du. Muniain benetan hain ona bada laster ikusiko dugu, bitartean, lasai gaitezen.

Apalxeago, baina joko oso ona erakutsiz, Iturraspe erdilaria da Orbaizen testigua hartzeko hautagai nagusia. Caparrosek konfidantza eman dio aurredenboraldian eta gaztea aukerak aprobetxatzen ari da. Sporting-en aurkako partida eskasean bera izan zen gatz pixkat ipini zuen bakarra, Boveda eta De Ceriorekin batera.

Aurtengo denboraldia beste bi kontuk baldintzatuko dute. Batetik fitxaketen erantzunak; ikusi behar da ea De Cerio benetan den hain goleatzaile bikaina eta ea Errealarekin duela urte bat bigarren mailan sartutako 16 golak errepikatzeko gai den. Bestetik aurreko urtean debutatu zuten gazteen konfirmazioa; ikusiko da ea Susaeta, Javi Martinez eta Amorebieta bezalako jokalariek orain arteko maila mantentzen duten.

Dena ondo badoa, hau da, De Cerio esaten den bezain ona bada, gazteak kontsolidatzen badira eta Muniain “Julen Guerrero” berri bat bihurtzen bada Athletic talde handi bilakatu daiteke denbora gutxian. Aldiz, gauza ez bada uste bezain ondo ateratzen, urtero bezala sufrituko du lehen mailan mantentzeagatik.

Athletic, talde bat sortu nahian
San Mames beteta – birasuegi cc

Titulu gosea

Bada denbora luzea Bilbora titulu bat ere eraman ez dena. Jada afizioak eta jokalariek gosea dute eta aurten aukerak behintzat izango dira nahiak asetzeko. Bilboko taldeak lau txapelketetan hartuko du parte; hala nola, UEFAn, Ligan, Kopan eta Superkopan. Azken kopa hori bi partidutara jokatuko dute Bartzelonaren aurka. Lehen partida San Mamesen izango da igande honetan bertan eta bigarrena aldiz Bartzelonan, hilaren 23an. Txapelketa kate publikoetan, nahiz, internet bidez jarraitu ahal izango da eta oraindik txartelak salgai dira San Mameseko txarteldegietan.

UEFAko hurrengo partida, Tromsoren aurka izango da San Mamesen bertan hilaren 20an, eta joaneko partida hilaren 27an jokatuko da Alfheim Stadionen Norvegian.

*Azken ordua >> Mikel San Jose Liverpooletik lagata etorri da urte amaieran erosteko aukerarekin

 Athletic, talde bat sortu nahian
Athletic, Bartzelona, bilbao, Castillo, club, Fitxaketak, futbola, Muniain, San jose, San Mames, tromso
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude