«Libia: iragana eta etorkizuna?»

Gaddafik bere aginteko berezko egiturez gain, tribuak eta boterearekin tribuen bidez lotutako Batzorde Iraultzailearen Mugimendua bakarrik onartzen zituen, Joffek adierazi duenez, eta tribu guztiak ez zeuden bere alde; Cyneraicako Saadi tribua ez, adibidez. Saadi tribua Italiaren okupazioari aurre egin eta 1969ko iraultzara arte agintean egon zen Sanussi monarkia mugimenduaren iturburua izan zen eta, iraultzaren ondoren, indarra galdu zuen, Kadadfa, Magraha eta Uarfala tribuen mesedetan.

Segurtasun indarrak eta Batzorde Iraultzailearen Mugimendua hiru tribuetako kideek osatu zituzten. Dena den, Uarfalako kideek 1993an estatu kolpe saio bat egin zuten eta, porrotaren ostean, Gobernuaren aginduei muzin eginez, tribuko buruzagiek erantzuleak exekutatzeari uko egin zioten. Orduan, Gaddafiren indarrek hil zituzten eta horrek tribuaren haserrea eragin zuen.    

Hala ere, matxinada azkar zabaltzearen atzean arrazoi geografikoak ere badaudela nabarmendu du Joffek. Libiako zatirik handiena basamortua da, eta jende multzo handiak bizitzeko toki egoki gutxi daude: batetik, Tripoli eta Tripolitania ingurua eta, bestetik, Bengazi (Cyrenaica) ingurua. 1960ko hamarkadaren bukaeratik petrolioan oinarritu den hazkunde ekonomikoaren ondorioz, eremu horiek oso urbanizatuta daude eta populazio kontzentrazio handia dago. «Horrek esan nahi du horien gaineko kontrola galtzen duen erregimen orok herrialdearen kontrola galduko duela, nahiz eta periferiako gune guztiak kontrolatu, esaterako, Sirteko golkoko petrolio eremuak. (..) Horrek erakusten du Bengazin armadak bizkarra eman ondoren, erregimenak Libiako ekialdearen kontrola galdu izana eta Tripolin, hiriburuan, berehala kolokan jarri izana».   

Gaddafiren erregimenaren ezaugarriek eta haren familiak ere zeresana izan dutela nabarmendu du adituak. 1999an, Mendebaldeak Libiari Lockerbieko atentatuengatik jarritako zigorrak kendu zizkionetik, atzerriko kapitalak Libian inbertsio ugari egin ditu. Gainera, petrolioaren bidez izugarrizko aberastasuna lortu du. «Atzerriko interes ekonomikoak indartzearekin batera, ustelkeria handitu egin zen eta Gaddafi koronela bera agian ustela izango ez zen arren, bere zazpi semeak eta alaba baziren». Herritarrek, ordea, ez dute onurarik atera petrolioaren bidezko irabazietatik. Bestetik, Gaddafik bera ordezkatzeko lehia piztu du seme-alaben artean.    

1980ko hamarkadatik, Libiaren norabidea askotan aldatu da. Garai hartan, musulman guztiei ateak ireki zizkien, nazionalismo arabiarra bultzatzeko asmoz eta «armada islamiko bat» sortu zuen, Txaden, Ugandan eta Tanzanian eskua sartzeko asmotan. 1997an, berriz, arabiartasunari garrantzia kenduta, afrikartasuna aldarrikatu zuen eta Saharaz hegoaldekoei ateak ireki zizkien, nahiz eta ordurako libiarrak etorkin-oldearekin amorratuta zeuden. Hain zuzen, gaur egun, etorkin-oldeak geldiaraztea Europako estatuen jarrera baldintzatzeko tresna gisa erabiltzen du.

«Emaitza segurtasun indarren eta Estatuko erakundeen Gaddafirekiko leialtasunak baldintzatuko du», idatzi du George Joffek, «baina dagoeneko zalantzan dago, bi ministrok dimisioa eman dutelako eta Libiaren gero eta misio diplomatiko gehiago erortzen ari direlako». Kontua da ez dagoela argi nork har dezakeen boterea. «Libiaren barruan, Anaitasun Musulmanak eta muturreko talde islamista batzuek bakarrik dute presentzia formala. Libiatik kanpo, oposizioko talde ugari daude, egia da, baina herrialdearen barruan indarra izatearen inolako probarik ez dago».

Libia

Irudia | Libia | ezezaguna | LGPL
Afrika, Gaddafi, herrialde arabiarrak, Libia, matxinada
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

2 pentsamendu “«Libia: iragana eta etorkizuna?»”-ri buruz

  • Harrigarria da:

    Atzo arte Europa osoak ipurdia muxukatzen zion Gadaffiri, Libiako petrolioarengatik.

    Gaur, badirudi galtzaile ikusten dutela eta denak, arratoiak bailitzan, ahularen aurka doaz (esaerak dioen bezala “haciendo leña del árbol caído”).

    Ez dut oso ongi ezagutzen Gadaffi hau, badakit burutik eginda ere egon litekeela. Baina dirudienez, ez du beste agintariek bezala ihes egin “hortik zehar”. Libian geratuko da zihuraski bera herahilko duten arte. Eta horrekin, erabaki gogor horrekin puntu asko irabazten ditu.

    Nazka sortarazten didate Europa, Otan, xaxi diplomaziek, auskalo nork sustatutako iraultzek……

  • Gora Gadaffi!!!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude