Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (I. atala)
Issyk Kul lakua leku urrunaren adibide garbia da: munduko bigarren mendi lakurik handiena da, Titicaca lakuaren ostean, eta Eurasiako inakzesibilitate puntutik (hau da, itsaso batetik urrunen dagoen puntutik) erlatiboki gertu. Mendiz inguratuta, 1.600 metroko altueran dago. Baina inguratzen duten mendiak izugarriak dira: Tian Shan mendilerroak Txina eta Kazakhstanekin egiten Jengish Chokusu edo “Pobeda (Garaipenaren) mendia”, bere 7.439 metrorekin. Edo Khan Tengri, 7.010 metroko altuerarekin. 100 erreka eta ur-azpiko iturrik baino gehiagok elikatzen dute, baina ez du irteera errekarik. Ezin da, beraz, uretatik heldu lakura.
Hala ere Issyk Kulek badu ezaugarri interesgarri bat: lakua ez da izozten. Partzialki gazia da, Kaspiar Itsasoaren ostean bigarren laku gazirik handiena. Issyk Kul izenak hori esan nahi du: “laku beroa”. Txineraz ere izen bera darama: ??, “Itsaso Beroa”. Ezaugarri honek paper garrantzitsua eman dio historian. Ez bakarrik Kirgizistaneko historian, munduko historian ere badu bere papera.
Zetaren Bidea
Leku Urrunen Atlas honetan askotan aurkituko dugu Zetaren Bidea. Kirgizistan zein Uzbekistan Beijingetik Istanbulera zihoan bidearen erdialdean zeuden eta, gerora ikusiko dugun bezala, Indiatik Errusiara zihoan bidearen erdian ere. Gaur egun munduko heroina produktore handiena den Afganistanetik munduko heroina kontsumitzaile handiena den Errusiarako bidean ere aurkituko dugu Kirgizistan. Baina hauek guztiak beste atal batzuetan ikusiko ditugu.
Garrantzitsuena da Zetaren Bidea ez zela bide bakarra: Txinatik Mediterraneora ondasunak eramateko bide multzo bat zen. Geldialdi batzuk ohikoagoak ziren, beste batzuk albo bideak. Santiago Bidearekin gertatzen den bezala, asko dira heltzeko Santiagoraino iristeko moduak.
Txinatik Erdialdeko Asiara igarotzeko bide ugari daude, baina gehienetan mendiak zeharkatu behar dira. Zentzu honetan mendien inguruan zeuden azken eta lehen hiriek paper garrantzitsua jokatuko zuten bidaiarien bizitzan: gameluen ordez zaldiak hartu, ondasunak saldu eta erosi, gorde, garbitu, edan, jan…
Issyk Kul lakuak aukera guzti horiek ematen bazituen, neguan ere klima hobea baldin bazuen eta, gainera, erdi bidean bazegoen bidearen Boceguillas bat izango zela pentsa dezakegu.
Piotr Semenov-Tian-Shanski
Piotr Petrovitx Semenov-Tian-Shanski 1827an jaio zen familia noble batean. San Petersburgoko Unibertsitatean ikasten ari zela Dostoievskirekin batera izan zen “Petraxevski Zirkuluan”. 1850eko hamarkadan Humboldten ikasle izan zen Berlinen, eta Humboldtek berak gomendatu zion Tian Shan mendietako geologia ikertu zezan. Bera izan zen lehen aipatu dugu Khan Tengri mendia ikusi zuen lehen europarra. Geologo gisa Humboldten hipotesia errefusatu eta Tian Shan mendia bolkanikoa ez zela frogatu zuen. Geografo gisa Errusiako lehen zentsoa egiten ardura garrantzitsua izan zuen. Eta esploratzaile gisa Venezian zegoela ikusi zuen Katalanen atlasan aurkitutako idazkun batek deitu zion atentzioa:
“lekuak Isikol izena du. Bertan armeniar sinismeneko monasterio bat dago, eta diotenez bertan daude Mateo apostolu eta ebanjelistaren errelikiak”
Hurrengo urteak leku hori bilatzen eman zuen. Ez zuen aurkitu eta pentsatu zuen, agian, uraren azpian egongo zela jada.
Uraren maila
Lehenago azaldu bezala, lakuak ur-sarrera asko ditu, baina ez du ur-irteerarik. Gaur egun, inguruetan dagoen baratze oparoa dela eta ur gutxiago iristen da lakura ebaporatzen edo filtratzen dena baino. Hori dela eta urtero 5 zentimetro inguru jaisten da bere maila. Hala ere lakua 500-600 urtero lurrikara baten ondorioz betetzen da. Inguruko mendietan dauden beste lakuak hausterakoan bat-bateko ur mailaren igoerak gertatzen dira. Hori gertatuko zitzaien Katalanen atlasean aipatzen diren leku horiei. Izan ere Erdi Aroan lakua orain baino 8 metro baxuago zegoen.
2007an Kirgizistan eta Errusiako arkeologoen talde batek gaur egungo uraren mailaren azpitik hiri bat aurkitu zuen. Bertan aurkitutako teknologiak harrituta utzi zituen: Egipto eta Grezia klasikoaren maila berean zegoen, eta garai berdinekoa zen.
Ur azpian 5 eta 10 metroko sakoneratan Esziten harresiak aurkitu zituzten, metalezko hainbat elementu (horietako batzuk gaur egun gas inerteekin egin beharrekoak), brontzezko ispiluak eta txanpon ezberdinak. Orain arte ez genekien horrelakorik han zegoenik… baina zibilizazio garatu bat zegoen Issyk Kul lakuaren kostaldean.
Nortzuk ziren eszita horiek? Zergatik zegoen armeniar kultuko monasterio bat bertan? Zein paper jokatu zuen leku honek gizateria osoaren historian? Zergatik du Indiak interes militar berezia laku honetan? Guzti hori hurrengo ataletan aztertuko dugu.