Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

.

Gaurko kontakizunaren protagonista garrotea emanda hil zuten Azpeitiko plazan 1900. urteko urtarrilaren 16an.  Egun euritsua esnatu zen arren, herria mukuru zegoen, ostatu eta taberna guztiak gainezka, bezperatik etorritako jendetza zela eta. 6.000 lagun inguru ziren bazter guztietatik etorriak. Halaxe izaten ei ziren orduko exekuzioak: erromeriak.

.

Aita hil zuen Joxek urtebete lehenago, Aiako Muatz baserrian. Handik Donostiara ihesi alibi baten bila, baina alferrik: Guardia Zibilek hartu zuten preso. Aita, Joxe semearen emaztearekin konpontzen zela ere entzun omen zen…

.

Bertso-paperetan argitaratzen ziren honelako gertaerak, jendearen jakinpeko izan zitezen. haurrak beharturik eramaten ziren exekuzioetara, eta apaizek mauka izaten zuten sermoietarako.  Tejeriaren urkamenditik beretik egin omen zuen hitzaldea Aita Aizpuru jesuita ospetsuak.

.

Borreroa, ostera, kanpotik ekarritakoa izango zen, Espainia guztirako zeuden hiru haietako bat. Seguru asko Anatole Mayoral Burgoskoa.

.

Bertso hauek lehen pertsonan daude idatzita, halako gertaerak kontatzeko euskal bertso eta kantagintzan ia beti gertatzen den bezala (Hamalau heriotzena, Estudiante kondenatuarena, Goizuetako Trabuko…), baina jakin dakigu Tejeriak ez zituela ez kantatu eta ez eta idatzi ere. Egilea Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxo azkoitiarra izan zen.

.

BERTSO BERRIAK AZPEITI’KO URKAMENDIAREN GAINEAN JARRIAK

Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.

Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.

Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.

Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.

Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.

Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
egiña ni oso,
libratutzeko bear
gezurra preziso.

Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.

Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.

Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.

Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.

Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!

Donostia’tik giñan
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.

Zuzen da garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.

Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.

Pauso bat eziñ eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
giñan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.

Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nire entrañak zeuden
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.

Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egiñ nuen
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!

Euskal gaizkileak seriea:

Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai

Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga

Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea

Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak

Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria
bertso-paperak, euskal gaizkileak, Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria, gaizkileak, herri kantuak, urkamendia

Airetik bizi naiz. Ia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude