Txitxirioak dantzan

Ez da atzo goizekoa gaur ZUZEUra dakargun bideoa, orain hiru hilabeteko hauteskunde kanpainakoa baita; baina guk asteon ezagutu dugu eta ikustaldi asko ere ez dituenez, berreskuratzea otu zaigu:

Juana de Bengoechea dugu DBE (RGI gazteleraz) laguntzak banatzeko eraren berri ematen digun emakumea, Marotok gidatu duen ditxosozko borrokaren tesiak defendatzen, ustez modu sinple (bezain arriskutsuan).

Bideoa bukatzen denerako, gaixoak ez daki zenbat edalontzi eta zertarako dituen-ere; eta guk, egia esatera, trilero traza gehiago hartu diogu Irungo Pio XII plazan egin erakustaldiari, garbantzu erdiak nork poltsikoratu dituen esatea ahaztu zaio-eta. Kirioak edo txitxirioak dantzan!

 

Irungo zinegotzi popularra

De Bengoechea azken udal hauteskundeetan Irungo alkategai popularra izan da, eta etorkizunean plazara atera baino lehen txitxirioak aurreko egunetik beratzen jarri edo hauek eragindako uzkerrak zaindu beharko lituzke.

Izan ere, aurreko legegintzaldian eta bera zerrendaburu zela Partido Popular-ak bost zinegotzi erdietsi bazituen, maiatzaren 24koetan botoen erdiak galdu eta bi baino ez ditu eskuratu; de Bengoechea eta Muriel Larrea. Orain lau urte 4.393 boto eskuratzetik aurten 2.196 izatera igaro dira, botoen %7,81.

Hori bai, de Bengoechearen eleaniztasunaren aldeko aldarria entzun eta gero -lau hizkuntzatan!-, Partido Popularrak Europarlamentari bidal lezake; askoz gutxiagorekin Bruselan izan genuen Iturgaiz.

* Juana de Bengoecheak kate propioa du Youtuben, herriko gaiak ahotan hartzeko, auzo merkataritza edo zabor bilketa, kasurako.

 

Txitxirioak dantzan

Arrazakeria, DBE laguntzak, Irun, Juana de Bengoechea, partido popular

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude