Latinoamerikari begira

NDEzMA==

Marra baten garrantzia

  “Bizitza muga aunitzez osatuta dago. Ikusezinezkoak izaten direnak guretzat, aurrez aurre ditugun arte” (Heinning Mankell)

Amerika Latinoa zedarritzen duen seinale geopolitiko eta estratejiko nagusiena muga da, Estatu Batuekin partitzen duen 3.500 kilometroko marra sonatu hori, alegia. Hortik hegoalderako guzti guztia da Amerika Latinoa.

Hamaika filosofiaz, bizimoduz, paisaiaz, sinesmenez, politika ereduz, arrazaz, hizkuntzaz… osatutako eremua, etengabeko aldaketan duguna. Ezin dugu izen bakar batez aipatu Chile, Cuba, El Salvador, México edota Ecuador herriak lotzen dituen lur zati itzelezkoa. Baina, paradoxikoa dirudien arren, hainbeste ezberdintasun aberatsen artean, bada elkartzen duen gauzarik.

Amankomuneko ezaugarri ez horren polit bat nabarmentzen da beste hainbat diferentzia distiratsuren gainetik: pobrezia. Horren ondorioz eraikitzen den errealitatea, herriz-herri errepikatzen da, eta arazo eta gatazka berberak sortzen ditu Argentinan, Mexicon, Colombian, edo Perun. Kontraesan honek ondo baino hobeto identifikatzen du Amerika Latinoa. Eta baita ere, iparraldeko muga hori pasatzeko gogo, desio, eta beharra, lehen munduko mitoaren atzetik.

Orain dela bi urte, Mexikoko iparraldean, Tijuanatik 80 bat kilometrotara dagoen Tekate izeneko herrian izan nintzen lanean. Tekateko basamortuzko mendiek mugako katea jarraitzen dute eta emigrazioarentzat ohiko pasabide arriskutsu bilakatu da. Izan ere, Tekatek, beste hainbat muga-herrik bezalaxe, gaurko Amerika Latinoa golpe batean ikusteko aukera ezinobea eskaintzen du: lurralde guztietako indijenak, gazte pobreak, umeak sorbaldetan daramatzaten emakumeak… Hauek guztiak asmo berdin baten atzetik doaz: urrezko itxura duen iparraldera ailegatzea.

Eta horretan zebilen Manuel ere.

Manuel, 22 urteko gaztea, Hondurasetik zetorren, mugara heltzeko 40 eguneko bakardea pasatuta. Nik topatu nuenean muga non den asmatzea ezinezkoa gertatzen den areazko inguruan, ur botila bat eta arropa zikin batzuk zeramatzan gainean, besterik ez. Hiru egun zebilen galdurik eta izututa. Tekateko mendietan, koyote (emigranteen trafikatzaileak) eta narkoen beldur zen. Ikusi ninduenean, bere lehen hitzak hauexek izan ziren: Non nago, Iparraldean ala Hegoaldean?

Galdera metafisikoa nolanahi ere! Aurrean —eta Iparrari lotuta— balizko lana eta aberastasunaren bidea zabaltzen da. Hegoan, eta atzean, ostera, jaioterria, sustraiak, familia, hizkuntza, kultura… Biak ezin uztartu, gaur egungo Hego Amerikako errealitate antinaturalean.

Mugaren zein aldetan zegoen ez zekienak, beste askok bezala, ez zuen etorkizunik espero bere jatorrizko lurretan. Hori da Amerika Latino osoko metafora gordin bezain egiazkoa.

Behin baino gehiagotan gogoratu naiz Manuelekin, non eta zertan ibiliko ote den asmatu nahian: agian iparraldera iritsiko zen eta han atxilotu ondoren, deportatu egingo zuten paperik gabe zegoelako; agian lanean dabil Phoenix, Los Angeles edo bestelako EEBBetako hiriren batean, lan ordu luzeen truke soldata txiki bati ahalik eta etekinik handiena atera nahian, dirua Hegoan bizi den familiari irits dakion; edo agian narkotrafikatzeileen eskutan erori zen eta beste emigratzaile batzuekin batera lur azpian egongo da; edo baliteke etxean egotea ipar muga behingoz gainditzeko irrikitan.

  Bertha Gaztelumendi.

NDEzMg==

Taula handitzeko, egin klik goi-ezkerreko erpinean

NDEzMw==

NDEzMQ==

Irudia | Fabelak | PhoenixTrimegisto | Creative Commons By SA
Irudia | Haiti | Ezezaguna | Creative Commons By SA
Irudia | Latinoamerika datuak | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Latinoamerika datuak2 | zz | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.