2.0 Partaidetzarantz

Egoera horretatik abiatuta, instituzio publikoek eta horien ordezkaritza karguetan gaudenok informazioaren eta komunikazioaren teknologiei (IKT) dagokienez bi jarrera mota nagusi hartzen ditugu.   Lehen jarrerak, kudeaketaren ikuspegi tradizionalari lehentasuna ematen dio, teknologia berriei gobernatzeko eta administraziorako eraginkortasuna aitortzen die, eta, horretarako, lehentasunez bultzatzen ditu on-line tramiteak, informazioa emateko tresnak eta gardentasun handiagorako ahaleginak.     Bigarrenak, aurreko ikuspegitik abiatuta, gobernatzeko era harremanezko bat bilatzen du, eta parte hartzean, eztabaidan eta gogoetan oinarritutako gobernantza eredu bat garatzeko erabili nahi ditu teknologia berriak. Eredu horretan, gainditu egin nahi da parte-hartzea informazio soileko tresnekin lotzen duen ideia, eta, aurrez aurreko espazioen osagarri, 2.0 espazioak sortu nahi dira.   Gure iritziz, partaidetza prozesuetan IKTak txertatzean kontua ez da parte hartzeko modu berri bat sortzea, baizik gehiago eta hobeto parte hartzeko bideak ematea.

Ezin da ukatu gero eta jende gehiagok parte hartu ohi duela 2.0 web espazioetan eta tamaina handiko aktibismo “birtuala” sustatzen dela. Gaurdaino, horrelako joeretatik oso urruti egon gara instituzio publikoak, nahiz eta herritarren artean gero eta leku gehiago hartzen ari diren. Baina egia da, baita, parte hartzeko aukera teknologiko horiek hazten ari diren aldi berean, politikarako axolagabetasuna gero eta handiagoa dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen azterlan batzuek erakusten dutenez.   Kontraesana dirudien horren iturburuan, parte hartzeko modu berri horietara biltzen ari diren herritarrak daude, profil jakinekoak: geh

ienbat gazteak, interneten erabiltzaile, berehalakotasun zaleak, komunitate eta sare aktiboetan bizi direnak. Politikarako interesa badute, baina batez ere, “bestelako” politikarako, sareetan dabilen politikarako, alegia.   Gorantz datorren errealitate horrekin batera bestelako bat ere badugu, ordea. Herritarren ehuneko handi batek ez du internetera sarbiderik, eta interneten erabiltzaileen %30ek ez du 2.0 sare eta webetara sartzeko ohiturarik, ezta, noski, parte hartze sozial eta politikorako tresna bezala erabiltzekorik ere.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Foru Bulegoak herritarren partaidetza prozesu barne-hartzaileen alde egin du, hau da, IKTak arian-arian txertatzea eta aurrez aurreko saioak egitea elkarrekin lotzearen alde, uste duelako horixe dela Administrazio Publikoak herritarrekin harremanetan aritzeko moduan gertatzen ari den paradigma aldaketari hobekien heltzeko bidea.   Halako plataformetan era askotako lanabesak biltzen dira: e-partaidetzako aplikazio multzo bat, partaidetzazko aurrekontuetarako lantresnak, herritarren kontsultak, geolokalizazioa, informazio eta komunikazioko tresnak, eta, orobat, kexuen eta iradokizunen kudeaketa, eztabaida eta gogoetarako tresnak (gai jakinen inguruko eztabaida publikoak) eta komunitate garapenerako eta aurrez aurreko gizarte sareak indartzeko aplikazio egokiak.   Asmo horrekin berarekin lanean ari diren instituzio publikoen erreferentzia asko eta askotarikoak daude nazioartean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Foru Bulegoan, gure aldetik, helburutzat hartua dugu asmo hori gauzatzea, eta plataforma teknologiko apropos bat garatzen ari gara, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arauaren bitartez Aldundiak finkatuta dauzkan beharrei eta helburuei erantzun ahal izateko.

NDE1Mw==

Irudia | Gipuzkoako Foru Aldundia | Imanol Lasa | Creative Commons By SA

Zer duzu buruan “2.0 Partaidetzarantz”-ri buruz